2020-10-06 11:29

Gure Ama-Lur feminista da
Bertsoak.
Ibon Muñoa Arizmendiarrieta.
Irudiak: Mikel Zarrabe Elkoroiribe.
Hitzaurrea: Xabier Amuriza Zarraonaindia.
10,5 x 15 cm.
475 orrialde.

Ibon Muñoa Arizmendiarrieta (Eibar, 1958). Ibon Muñoa 2000ko urrian atxilotu zuten. Hainbat kartzeletan izan dute preso: Valdermoro, Kordoba, Burgos, Langraitz, Puerto I eta, 2014ko martxotik aurrera, Kordoban.

Gure Ama-Lur feminista da Ibon Muñoaren zazpigarren
liburua dugu. Espetxean idatzi duen zazpigarrena izango da.

Aurretik argitaratuak ditu:
Ametsen txokoan bizi naiz (2011),
Ainarak herrira itzuliko dira (2014),
Bidean gaude, aurrera goaz, joan zirenekin (2016),
Udaberrian biziko gara (2017) eta
Hamaika desio utopiarako (2018).
Gure memoria, gure historia (2019)

Haien ildoari eta orden kronologikoari jarraitzen diete liburu honetako bertsoek ere.

Hartara, liburu honen lehen bertsoak 863. zenbakia darama; azkenak, 1018.a. Guztira, 141 bertso berri, 2019ko ekainaren 30etik 2020ko abuztuaren 29ra artean Kordobako espetxean idatziak.

Zazpi liburutan, 1018 bertso, hogei urteko espetxealdian idatziak.

HITZAURREA

AINARA BAT ITZULI DA

Xabier Amuriza

«Ametsen txokoan bizi naiz». Nerabe baten edo bisionario liriko baten zoriona dirudi. Txoko hura ziega bat da, ordea, eta bertako biziliarra, hogei urterako espetxe-zama bizkarrean duena. Baina «Ainarak itzuliko dira». Ainarak aldran, multzoan etortzen dira. Ibonen metafora horretakoak oso banaka eta kostata datoz. Egon pixka batean. «Bidean gaude». Egongo gara. Hogei urte bere zain egin ditugunez gero, beste egun batzuk gorabehera, ez zaigu ametsa txikituko. Zein atari edo atartetan hasiko ote da habia egiten? Orduan konturatzen gara: udazkenean ere «Udaberrian biziko gara». Bitartean, izan ditugu «Hamaika desio utopiarako». Denbora luzatu egin da. Sufrimenduaren denborak luzeak izaten dira beti. «Gure memoria gure historia». Gure memorian, beharbada, sufrimenduak gehiago izan dira garaipenak baino. Baina hori historia unibertsala da. Edozein zapalkuntzaren aurkako ametsari, borrokari heltzen dionak badaki bideak bizitza osoa hartuko diola. Beharbada, «Gure Ama Lur feminista» nagusitzea lortzen denean, bidea izango da Urkora edo Kalamuara joanetorri bat egitea bezalakoa.

Zazpi libururen izenburuak aipatu ditut. Guztien artean, 1018 sorta edo poemaren izenburuak. «1018. Sorkuntzekin honaino heldu naiz, 2020ko abuztuaren 29an». Eta 1018. sorta hasten da:

Sorkuntzan urtetan jardunda
noizbait gertatu behar zen,
iturburua ur barik
etorria agortu zait,
musak dirudi direla
nirekin aspertu.

Ba, ondo musa pazienteak izan dira! 1018 sorta horiez gainera, baditu gehiago ere, esaterako, Eibarko Amnistiaren Aldeko Batzordeak 2009an argitaratutako liburuxka bat, Olerkiak izenburuz. Sorta gehienen batez bestekoa 5 ahapalditik gorakoa dela jota (banan-banan zehatz kontatzeko, hogei urte beharko nituzke), espetxean egin dituen egunak beste esan liteke. 20 x 365 = 7.300 egun = 7.300 bertso, tartean poema mordo bat dela.

2020-09-07ko BERTSOLARI aldizkarian [KARTZELAKO GAIA II] NIRE BERTSOZALETASUNAZ â€' IBON MUÃ'OA), dio: «2011ko azaroan Ametsen txokoan bizi naiz argitaratu zidaten. Hitzaurrea Jon Etxabek idatzi zuen». Orduan atera behar da, liburuak argitaratzen hasi zenetik, eguneko portzentaia askoz handiagoa izan zela. Artikulu hartan beste kontu bat ere aipatzen du, niretzat bereziki zirraragarria:

«Nahiz politikan buru-belarri sartu, 1983an Xabier Amurizaren ikastarora joan nintzen, bertsolaritza hobeto ezagutzeko. Ikastaroan umeak, gazteak eta helduak (Eibar, Soraluze, Markina…) batu ginen hilabete batzuetan, astean behin. Umeek ikastaroa askari batekin bukatu zuten. Helduok, berriz, afari batekin Soraluzeko San Andres auzoan. Afalostean, Xabierrek bakoitzari bertso bat idazteko eskatu zigun. Ni ez nintzenez osatzeko gai izan, zeharo lotsatu nintzen. Bertsolari izateko ez nuela balio ikusita, bertsozale bihurtu nintzen».

Ba, eskerrak ez zen izan «bertso bat osatzeko gai»! Ikastaroa efektiboago gertatu izan balitz, neuk ere kartzelara joan beharko nukeen berriz, proportzio bereko hitzaurre bat egiteko. Ibonek baino askoz urte gutxiago preso egina izanik (herena bakarrik), nik ez nuen inondik ere burutu proportzio horretako emaitzarik. Eta Eibarko ikastaroa eta San Andresko afaria aipatu dituenez gero, ezin dut neuk ere nabarmendu gabe utzi ikastaro huraxe izan zela (ume, gazte eta heldu batera) nire bertso-bizitzako esperientziarik gogoangarrienetakoa, aukera dudan guztian aipatu ohi dudana.

Ibonen azken liburu hau («Gure Ama Lur feminista»), aurreko guztiak bezala, bere sentimenduen eta sentitzen edo kontrasentitzen dituen gaien hurrenkera bat bezalakoa da. Eta gertaeren kronika bat. Lehen sortaren izenburua: «Europak Amerika konkistatu zuen». Hona pasarte bat:

Senak aginduta, hamasei urterekin
militatzen arduraz hasi nintzen,
Franco lurperatu nahi zutenek beste,
askatasuna maite nuelako,
gazte eta sentimentalak ginen
solidarioak borrokalariekin.
Militantzia bizitza izan da, eta da,
lana, maitasuna, etxea… lez,
maiz, ez nituen egoki uztartu,
ez nuelako behar besteko kemenik.

Bai, Ibon! Hori ere San Andresko afarikoa bezala ulertuko beharko dugu, zeren, baterako kemenik izan ez ei zenuen bezala, besterako ez bazenuen izan “behar besteko kemenik”, zer izango zen, bietarako izan bazenu?

Ibonen sorkuntza luzean, bada gauza bat hunkitzen nauena, baita harritzen ere. Hainbeste urte preso daraman batengan (eta nolako baldintzetan!), itxaron zitezkeen halako amorru, garraztasun edo desesperaziozko garraisi batzuk ere, baina, edo nik ez naiz gauzak ondo interpretatzeko gai, edo San Andresko afariko “ezina” mirari baten ifrentzua izan zen, Oteizaren hutsunea bezala. Hamaika urte preso daramatzan baten lehen liburuaren izenburua Ametsen txokoan bizi naiz da. Orduan, besteok non bizi ginela esan behar dugu? Gezurra al zen? Imintzioa? Ezkutatze altruista bat? Ez dut uste. Banaiz horrenbeste interpretatzeko gai. Ibonen bertso eta olerkietan, gardentasun natural bat eta benetasun noble bat nabarmentzen dira. “Eibartasun genetiko bat”, esango nuke. Beti ere, sendotasun baten barruan. Eta batzuetan, naturaltasun-kolpe ustegabeak:

Auguste Rodin zena ziplo
gauean gogoratzen,
Pentsalaria” lez nago
komunean pentsatzen.

Edo inoiz, sinestea zail den samurtasunak:

Zazpigarren ziegan naiz
poeten moduan,
musekin barneratzen
zirraren munduan.

Horrela ez da harritzekoa ondorioa: «Kartzelan zurekin esnatzen naiz». Ba, ez dituzu esnatze maitagarri gutxi izan, Ibon, 20 urtetan, 240 hilabetetan, 7.300 egunetan! Minutuak eta segundoak San Andres auzoko jatetxean kontatuko ditugu. Orain ez dakit jarraitzen duen, baina Soraluzen aurkituko dugu bazterren bat, eibartarrei gustatzeko modukoa, zubian zintzilik bada ere. Bakean utziko gaituzte, “sikatzen” ari garelakoan.

Eta bertso baten aipuarekin amaituko dut, zeina, geroan jokatu arren, dagoeneko orainaldi bihurtua baita. Noizbait, zorionez! Beste “ainara” guztien itzuleraren zain.

Bi mila eta hogei
zenbaki bitxia,
niretzat izango da
urte berezia,
gaindituko dudanez
espetxealdia,
urriaren hamaikan
Eibarra bidaia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ataramiñe euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta kaleratzeaz arduratzen da.