2020-10-02 15:51


[ZIEGATIK BERTSOTAN V] Abel Enbeita
bertsolari.eus

Seigarren galeria

1
Abendua hasi ta
urtarrila gero
zulo hontan sartuta
gaude egunero
Otsailak ere agur
zer al dator gero?
Juez hauen asmoak
somatu ezkero
ezer berririk asko
nolatan espero.

2
Tartean izan dira
hamaika egun latz
azaltzea zaila da
bertsoetan zehatz
gorputz findu hauetan
makina bat akats
askatasunarekin
ez gaude aberats
etorkizuna berriz
burni tartean baltz.

3
Seigarren zenbakia
gure “galeria”
hirugarren pisuan
“ziega” ileria
ehun lagun hirunaka
dena gazteria
bakoitza zenbaki bat
hau da miseria…!
Abereak al gara?
Dirudi feria.

4
Ehun lagun batera ta
ehun ta bat jenio
batzuetan aingeru
gero demonio
lagunik jatorrena
edo arerio
besteen arrazoiak
gutxitan balio
anarkismoak bere
hazia dario.

5
Goizetan itxartuta
begiak leihora
gero haizea hartzen
denok patiora.
Goguak ihes dagi
geure ilusiora
bizitzak beti behar
luken baliora
baina horma hauekin
nor joan inora.

6
Egoera honetan
ehun euskaldun gazte
denok anaiak eta
zenbat buru hauste
Ordu batzuek alai
beste asko triste…
Jasan behar dugunik
beste horrenbeste…!
askatasuna ginan
ta preso gaituzte.

1981-03-13 Carabanchel
Abel Enbeita

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ataramiñe euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen sorkuntza lanak sustatu eta kaleratzeaz arduratzen da.