2018-09-04 13:15

Euskal Herriko mugimendu antiespezista bultzatzeko asmoz sortu da NOR Euskal Herria Antiespezista: indarrak batu nahi ditu gainerako taldeekin, espezismoaren aurkako borroka beste mugimendu sozial eta politikoen esparruan kokatzeko asmoz. Antiespezismoa zapalkuntza ororen aurkako mugimendu gisa ulertzen dugu, eta, ondorioz, kolektibo feminista, antikapistalista eta euskaltzale bat dira. Urrian, urte eta erdiz egindako ikerketa lan bat aurkeztuko dute; azaroan, berriz, Euskal Herriko antiespezistak manifestazio batera deituko dituzte, Bilbora.

NOR Euskal Herria Antiespezista sortu berri da, animalien askapenaren alde lan egiteko asmoz. Horretarako, beharrezkoa da, lehenik eta behin, gizaki gisa ditugun pribilegioez jabetzea. Pribilegio horien ondorioz, gizakion eta gizaki ez diren animalien arteko harremanak botere-harremanak dira. Boterea gizakion esku dago, eta, ondorioz, beste animaliak menpeko bilakatzen ditugu, objektu, baliabide huts.

Hori aldatu nahi dute, eta gogoeta piztea da hori lortzeko lehendabiziko urratsa. Ez dute lan hori bakarrik egin nahi. Euskal Herriko egungo mugimendu antiespezista sendotzea hartu dute helburutzat; indarrak batu nahi dituzte, eta taldeak saretu, animalien askapenaren aldeko borroka argi eta garbi jartzeko justizia soziala xede duten gainerako mugimenduen artean. Antiespezismoa jarrera politiko bat da, eta, ondorioz, euren tokia gainerako zapalkuntzen aurka lanean ari diren taldeen artean dago, espezismoaren aurkako borroka zapalkuntza ororen aurkako borroka baita. Talde antiespezista dira, bai eta feminista, antikapitalista eta euskaltzalea ere.

Munduan, 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte urtean. Euskal Herria ez dago errealitate horretatik kanpo; milioika animalia hiltzen dituzte urtean. Baserrian edo haztegi handi eta itxietan jaiota ere, denek patu bera dute zain: hiltegia. Sistema espezistak beste espezien gainean jartzen ditu gizakiak, eta horren ondorioz zapaltzen eta erabiltzen dira gizaki ez diren animaliak; horren ondorioz jartzen dira beste animalien oinarrizko interesak gizakien interesen azpitik, kasu guztietan. Bai eta naturan aske bizi direnean ere. Gizakiak hartzen du bere gain naturan bizi diren animalien populazioen “kontrola” eta “kudeaketa”. Baserrian, haztegietan edo naturan, beste espezietako norbanakoak ez dira existitzen gizakientzat, eta haien interesen arabera baino ez dituzte kontuan hartzen beste espezie horiek.

NOR Euskal Herria Antiespezistak helburutzat jo du inguruan dugun errealitate horren berri ematea. Antiespezismoari buruzko euskarazko edukiak sortu nahi dituzte, espezismoaren inguruko gogoeta sustatzeko eta animalien askapenerako mugimendua gainerako borroka sozial eta politikoen esparruan kokatzeko. Argi eta garbi erran du Maialen Sagüések, NOR Euskal Herria Antiespezista kolektiboko bozeramaileak: “Gizartea kontzientziatzeko komunikazio tresna erabilgarri bat izan nahi dugu. Mugimendu antiespezista indartsu eta koordinatu bat sortzea da gure asmoa. Hori lortzeko, argi dugu animalien askapenerako mugimenduak zilegi den norabide bakarra izan dezakeela: transbertsala izan behar du, alegia”.

Taldea sortu berri da, baina lan ildo sendoak zehaztu ditu jada urte bukaerara bitartean. Batetik, urrian, urte eta erdiz egindako ikerketa lan bat plazaratuko dute. Ikerketa horrek agerian uzten du gizaki ez diren beste animaliekin dugun botere harremanak gizakioi ematen digun pribilegioaren aurpegirik gordinena. Bestetik, azaroan, manifestazio batera deituko dituzte Euskal Herriko antiespezistak, Bilbora, beste animalien aldeko jarrera argia eta sendoa hartzeko. Antiespezismoaren garaia hasi da, eta kalean erakutsi nahi dute animalien askapenaren aldeko mugimendua mugimendu politikoa dela. Hirugarrenik, abenduan, herritarren esku jarriko dute Aitor Garmendia-Tras Los Muros ekintzaile antiespezistaren Refugiados liburuaren euskarazko itzulpena: Aterpetuak. Madrilgo Wings of Heart babeslekuko animalien egunerokoaren berri ematen du liburuak. Laster, finantzaketa kolektiboa jarriko dute martxan.

Datozen hilabeteotan, zehatzago emanen dute hiru egitasmo horien berri. Bitartean, euren webgunean jaso dezakezue NOR Euskal Herria Antiespezistari buruzko informazioa (www.nor.eus), bai eta sare sozialetan ere: facebooken, www.facebook.com/norantiespezista; twitterren, twitter.com/NORantiespezist; Instagramen, norantiespezista; Youtuben eta Gmailen norantiespezista dira; eta Flickr sarean, berriz, www.flickr.com/photos/norantiespezista .
Gainera, Maialen Sagues bozeramailea hedabideen deiak hartzeko prest izanen da,  653 75 13 16 telefono zenbakian.

NOR kolektiboak Euskal Herria antiespezista du helburu, eta martxan jarri da hori lortzeko.

Askekintza 2010ean sortu eta animalien askapena helburu duen Donostialdeko talde antiespezista da. Talde gaztea eta aktiboa da, euskal kulturan aldaketa bat sortu nahi duena, gure jendartean oso errotuta dagoen espezismoa mahai gainean jarri eta bidegabekeria hau borrokatuz. Hau lortzeko, kontzientziazio lana egin, biolentzia espezista salatu eta beste mugimendu sozialekin harremanak indartzen saiatzen gara.