2018-06-09 17:45

Datorren asteko ostegun eta ostiralean (ekainak 14 eta 15) jaurdunaldi antiespezistak antolatuko dira Errekaleorreko Auzo Askean. Hauetan, Euskal Herriko eragile zein aktibista ezberdin batuko dira, hitzaldi eta tailerrak aurrera eramateko. Hauen artean Askekintzako kideak egongo gara, mahai inguruan parte hartuz eta Gurean dokumentala proiektatuz. Honez gain, gauak girotuko dituzten kontzertu eta afariak egongo dira ere.

Errekaleorreko lagunek lo egiteko tokia eskainiko diete bertaratu nahi diren pertsonei, honetarako aurretik abisatzea eskatzen dute, hurrengo helbidera mezu bat bidaliz: jardunaldi_antiespezistak_rk@riseup.net

Askekintza 2010ean sortu eta animalien askapena helburu duen Donostialdeko talde antiespezista da. Talde gaztea eta aktiboa da, euskal kulturan aldaketa bat sortu nahi duena, gure jendartean oso errotuta dagoen espezismoa mahai gainean jarri eta bidegabekeria hau borrokatuz. Hau lortzeko, kontzientziazio lana egin, biolentzia espezista salatu eta beste mugimendu sozialekin harremanak indartzen saiatzen gara.