2018-11-02 13:41

Bostehun pertsona inguru bildu ziren atzo Bilbon animalien askapena aldarrikatzeko. NOR Euskal Herria Antiespezista taldeak deitua, eta Euskal Herri osoko 8 eragile antiespezistek babestua, aurreikuspen guztiak gainditu zituen. Lagun ugari etorri ziren Hendaia, Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Eibarretik manifestazioareko antolaturiko autobusetan, eta egun osoa ekitaldi ugariz beterik egon zen.


Manifestazioak indartsu gurutzatu zituen Gran Via, Urkixo Zumarkalea, Buenos Aires eta Hurtado de Amezaga kaleak. Azken honetan berebiziko indarra hartu zuen Bilboko Klub Taurinotik eta McDonnaldsetik pasa zenean. "Animaliak askatu, kapitala suntsitu", "Hiltegiak sutara" edota "Ez ez ez, espezismorik ez" bezalako aldarriak ozen entzunarazi ziren.


Ibilbidea udaletxean bukatu zen, bertan bukaerako hitzaldia eskaini zen euskaraz, frantsezez eta gaztelaniaz. Euskal mugimenduaren nortasun transbertsala eta erradikala azpimarratu zen eta baita bide horretatik jarraitzera animatu ere. Espezimoa guztiz errotuta dagoen gizarte batean, momentuz minoritarioa den mugimendu honek testuinguru latza du erraz aurrera egiteko. Baina askoz zailagoa izan zuten gure aurrekoek, eta haiei eskaintzen dizkiegu hitz hauek. Gora borroka antiespezista!

Askekintza 2010ean sortu eta animalien askapena helburu duen Donostialdeko talde antiespezista da. Talde gaztea eta aktiboa da, euskal kulturan aldaketa bat sortu nahi duena, gure jendartean oso errotuta dagoen espezismoa mahai gainean jarri eta bidegabekeria hau borrokatuz. Hau lortzeko, kontzientziazio lana egin, biolentzia espezista salatu eta beste mugimendu sozialekin harremanak indartzen saiatzen gara.