2018-04-15 23:33

Euskal ehiza federazio ugarik goizean antolaturiko ehizaren aldeko manifestazioari erantzunez, kontramanifestazio batera deitu du gaur arratsaldean Donostialdeko Askekintza talde antiespezistak. Bertan, ehizatuak diren animalien bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute. Ehiza injustua dela diote, zaletasun honekin animalien bizitzeko eta ez sufritzeko interesak urratzen direlako.

 

Bukaeran irakurri duten manifestuan, ehiztarien irain eta erasoek geldiaraziko ez dituztela aldarrikatu dute. Animalien alde borrokatzen dutenak geroz eta gehiago direla diote, animaliak dibertitzeko erailtzeak jendartean geroz eta onarpen gutxiago duela.

Askekintza 2010ean sortu eta animalien askapena helburu duen Donostialdeko talde antiespezista da. Talde gaztea eta aktiboa da, euskal kulturan aldaketa bat sortu nahi duena, gure jendartean oso errotuta dagoen espezismoa mahai gainean jarri eta bidegabekeria hau borrokatuz. Hau lortzeko, kontzientziazio lana egin, biolentzia espezista salatu eta beste mugimendu sozialekin harremanak indartzen saiatzen gara.