2019-02-04 12:25

Hainbat pertsona izan ziren igande eguerdian Donostian ehizaren aurka manifestatzen, Estatu mailako deialdi bati erantzunez.

Estatu mailako ehizaren aurkako plataforma baten deialdi bati erantzunez, hainbat eragilek Donostian ere manifestazio baterako deialdia egin zuten. Donostialdeko Askekintza talde antiespezistak manifestaldi honen baitan bloke antiespezista bat sortzeko deialdia egin, eta bertan batutako antiespezistek ehiza eragiten duen sistema espezista salatu zuten. Ehizatuak diren animalien bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Ehiza injustua dela diote, zaletasun honekin animalien bizitzeko eta ez sufritzeko interesak urratzen direlako.

Manifestazioa Alderdi Ederrean hasi zen eguerdiko 12:00tan, eta Maria Cristinan eman zioten honi amaiera. 

Askekintza 2010ean sortu eta animalien askapena helburu duen Donostialdeko talde antiespezista da. Talde gaztea eta aktiboa da, euskal kulturan aldaketa bat sortu nahi duena, gure jendartean oso errotuta dagoen espezismoa mahai gainean jarri eta bidegabekeria hau borrokatuz. Hau lortzeko, kontzientziazio lana egin, biolentzia espezista salatu eta beste mugimendu sozialekin harremanak indartzen saiatzen gara.