ARGIA.eus

2020ko apirilaren 04a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Euskal Herriko erakunde internazionalista
2020-03-26 15:41

Sarrera moduan

"Maduro nos mata de hambre" ("Madurok gosez hiltzen gaitu") kartela eskuetan zuen gizentasun ageriko emakume baten irudia zabaldu zen sare sozialetan duela hilabete batzuk, umore kutsu nabariarekin. Montaje bat izan ala ez, irudi horrek sintetizatzen du neurri handi batean jendarte ezberdinetako sektore zabaletan Venezuelari buruz dagoen imajinario kolektiboa, baita hango prozesuaren eta egoeraren desitxuraketa ere. Venezuelako Errepublika Bolivarianoan izandako egonaldia baliokoa izan zaigu bagenekiena han bertan konprobatzeko: Venezuela ez da sozialismo bolivarianoen ustezko paradisu bat, ezta hondamendi humanitarioaren diktadura ere.

?

Irudi sinplifikatzaile honekin ez dago inolako asmorik hango errealitatea erdibideko tartean jartzeko. Prozesu eraldatzaile guztiak arriskuz, oztopoz eta kontraesanez beteta daude. Ezin da beste modu batean izan. Kontraesanek dinamismoa eta mugimendua daukate barruan; aldaketaren motorea dira. Eta lurralde venezuelarretan garatzen ari dena hori da: garapen oso zailean dagoen prozesu askatzaile bat, bere lorpenekin, bere ekarpenekin, bere akatsekin, bere testuinguru latzarekin eta bere konprexutasunarekin.

?

Askapena erakunde internazionalistaren brigadak aukera eman digu 2019ko udan prozesu venezuelarraren egoera hobeto ezagutzeko, komunikabideetan topa ditzakegun informazio eta analisietatik haratago (gutxieneko objektibotasunaz errealitate venezuelarra aztertzen saiatzen diren medioez ari gara; ez ustezko informazioa prozesu bolivartarraren kontra gerra-tresna bezala erabiltzen duten propaganda-korporazioez). Erakunde zein pertsona askorekin izandako harremanek ahalbidetu digute inperialismo yankiaren ofentsibak herrian dituen ondorioak gertutik ezagutzea baita prozesuaren konplexutasunera hurbiltzea ere. Testu honen helburua zertzelada batzuk era laburrean eskaintzea da, herri venezuelarraren gaur egungo egoeraren alderdi gako batzuk hobeto ulertzeko. Atalka antolatutako testu honetan islatuta agertuko dira Venezuelak pairatzen duen forma-anitzeko erasoaren ondorioak, sektore zabalen erresistentzia eta duintasuna, jendarte venezuelarra gaixotzen duten heredatutako praktikak eta jokabideak, prozesuaren kontraesanak, egoera larri horri aurre egiteko erronkak edota sistema komunala eraikitzeko saiakeren zailtasunak.
Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

?

Blokeo ekonomikoa: sortu nahi baina lortu ez duten hondamendi humanitarioa

Venezuelaren kontrako blokeoa aipatzen denean alderdi makroak erabiltzen dira askotan: trantsazio finantzieroak egiteko ezintasuna, atzerrian dauden aktibo ekonomikoen blokeoa, kanpoko inbertsioak zailduta edo ezinduta izatea, EEBBetan dauden enpresa venezuelarren interbentzioa (PDVSAren Sitgo filiala kasu)?€? Izan ere, Estatu Batuetatik ezarritako blokeoak eragin oso nabaria izan du Venezuelako ekonomian. Centro Estratégico Latinoamericano de Geopolitica-k (CELAG) egindako kalkuluaren arabera, blokeo ekonomikoak 245.000 eta 350.000 milioi dolarreko galerak suposatu zuen 2013 eta 2017 urteen artean; batez bestekoan, venezuelar bakoitzari 8.400 eta 12.100 dolarren artean (https://www.celag.org/las-consecuencias-economicas-del-boicot-venezuela/). Kalkulatzen da 2013tik aurrera Venezuelako sektore publikoak ez duela jaso 19.000 milioi dolar urtean eta, aldi berean, 3.300 milioiko gain-kostua izan duela kanpoko-zorrari dagokionez, nagusiki arrisku-primagatik. Azken urteetan galerak areagotu dira, Trumpen Gobernuaren zigor ekonomikoak asko intentsifikatu baitira. Izan ere, 2017tik aurrera EEBBetako gobernuak 150 neurri hertsatzaile hartu ditu Venezuelaren kontra (http://www.resumenlatinoamericano.org/2019/05/05/muy-importante-documento-base-sobre-el-bloqueo-economico-contra-venezuela/).?

?

Edozelan ere, alderdi ekonomikoa gerra hibrido baten osagaia da. Gerra bat, bai; mota ezberdinetako neurriez osatutako gerra bat, non blokeo ekonomiko eta finantzieroa beste eraso mota batzuekin konbinatzen den: gerra diplomatikoa Venezuela nazioartean isolatzeko, gerra mediatikoa chavismoa eta Venezuelako errealitatea desitxuratzeko eta interbentzio bat justifikatzeko, gerra psikologikoa herri venezuelarra etsipenera eramateko eta kalea desengonkortzeko, sabotajeak eguneroko bizitza gehiago zailtzeko, eraso paramilitarrak oinarri chavistei lurraldearen kontrola kentzeko...

Venezuelan ez dago hondamendi humanitario bat, sistemaren komunikabideetatik ikustarazi nahi diguten bezala. Izan ere, 2019ko otsailean "laguntza humanitarioa" omen zituzten kamioiak Kolonbiatik igarotzen saiatzearena propaganda kanpaina baino ez zen izan. Haiek beraiek sortutako gaixotasunerako aspirina, hain zuzen ere. ?Alabaina, blokeoak krisi humanitarioa eragin ez badu ere, herrian min eta sufrimendu handia sortzen ari da. Eta esan behar da, krisia ez bada handiagoa, chavismoari esker dela. Gobernuari aitortu behar zaio jendearen oinarrizko beharrak asetzeko ahalegin handia egin izana. CLAPak (Comités Locales de Abastecimiento y Producción) adibide onena dira. CLAP kutxak leku batzuetara maiztasun erregularrarekin heltzeko arazo handiak badaude ere, familia guztietara janari kopurua helarazten zaio (olioa, arroza, arto-irina, lekaleak, batzuetan hega-laburreko latak...), gutxieneko bat bermatze aldera. Edozein kasutan, ekimen hau ez da libratu EEBBetako gobernuaren jazarpenetik. CLAPeko idazkari nagusiak, Freddy Bernal-ek, 2019ko maiatzean jakitera eman zuen CLAPetarako elikagaiak Venezuelara eramaten zituzten 12 ontzi-enpresetatik 10rek zigorrak jaso zituztela. Horrez gain, ordainketak egiteko zailtasunek atzeratzen dute asko elikagaiak erosteko prozesua.


Oztopo hauen gainetik, gobernuak elikagaiak ziurtatzeko ahaleginari gehitu behar zaio herri antolatuaren egiturek ekimen hauek bideratzeko eskaintzen duten logistika. Herri eta auzoetan antolaketa maila honek erraztu du salbuezpenezko egoera honi aurre egitea, herri eta auzoetan bertan egoera aztertuz, prebentzio-lana eginez eta programa sozialak bideratuz. Kritikez haratago Maduroren gobernuak mantentzen duen herri-sostenguak, sektore chavisten antolaketak eta populazioaren zati handi batek duen kontzientzia mailak ekidin dute beste herri batean aspaldi matxinada bat izango zena. Herri venezuelarraren sektore zabal bat prest dago erresistitzeko, eta erakusten ari dira. Populazioaren zati handi bat argi dauka defendatzen ari direna prozesu eraldatzailea edo chavismoa baino gehiago dela, beren herriaren subirautza bera dela.

?

Blokeo ekonomikoa: zertan islatzen da eguneroko bizitzan?

Gauzen eskasiaz hitz egiten denean ezinbestekoa da aipatzea egoera auzoz aldatzen dela. Izan ere, Caracaseko ekialdeko auzoetan, non biztanleen erosteko ahalmena handiagoa den, ez da apenas sumatzen produktuen falta dendetan eta luxuzko produktuak ez daude faltan. Europako likoreak, iberiar urdaiazpikoak, kosmetikako mota askotako produktuak topa daitezke arazo handirik gabe; diru nahikoa izanda, noski. Produktu horiek dendetan eta zentro komertzialetan daude, eta saldu, saldu egiten dira. Luxuzko produktuek ez dute arazorik mugak zeharkatzeko. Herriarentzako oinarrizko produktu askok (batez ere elikagaiak eta medikamentuak), ordea, ez dute erraz inperialismo yankiak jarritako oztopoak eta esportatzaileei egindako presioak gainditzea. Estrategia argia da: herria sufriarazi, gatibu bezala hartu, itxaropena galarazi, errenditu, etsipenak berak herria kalera eramateko gobernuaren kontra.

?

Produktu batzuen faltak, beste batzuk lortzeko prezio altuek edota eskuratzeko erabili beharreko denborak, lehen oso sinplea zena benetako ardura bihurtu dute jendartearen zati handi batentzat. Baina, herriaren bizitza zailtzeko estrategia hau, beste osagai batzuekin konbinatzen da, azpiegiturei sabotajeak kasu. Sabotaje ez zuzen bezala har daiteke eremu askotan dagoen mantentze-lana eskasa eta gabezi honen ondorioz jazotzen den hornidura falta. Ordezko piezen gabezia blokeoaren ondorio bat da ere. Sabotaje ez hain zuzena agian, baina sabotajea ere, efektu berdina daukana.


Baina, horretaz gain, eraso zuzenak egon dira eta badaude azpiegitura eta elektrizitate-sarearen aurka. Elektrizitate mozketak oso ohikoak dira gaur egungo Venezuelan, zonalde geografikoen artean ezberdintasunak badaude ere. Kanpotik joandako pertsona batentzat deigarria da zein naturaltasunez bizi dituzten venezuelarrek argi mozketak. Argia ez izateaz gain, elektrizitaterik ezak beste alderdi asko afektatzen ditu egunerokoan: lanpostu askoren jarduerak oztopatuta edo zuzen geldituta geratzen dira, Caracas-eko metroak ez du funtzionatzen, ur-ponpatzea bertan behera geratzen da, hozkailuak eta etxeko beste tresna elektronikoak ezin erabili geratzen dira, komunikazioak mozten dira kasu askotan... Are gehiago, azpiegituren mantentze falta dela eta, askotan, argi-indarra bueltatzean intentsitate-piku nabariekin egiten du eta ez da arraroa konektatuta dauden tresna elektrikoak hondatzea. Egoera horiei aurre egiteko moldatzen badira ere (ze erremedio...) jendartearen garatze normala nabari oztopatuta dago, eta sinplea izan behar zena konplikatu eta nekagarri bilakatzen da. Honek guztiak protokolo batzuk jarraitzera darama: argia joan eta tresnak deskonektatzea, ur-hornikuntza egun batzuetarako ziurtatu asmoz teilatuetan ur-ontzi handiak izatea, elikagai fresko eta izoztuen kudeaketa estuagoa, baliabide nahikorik daukatenek erregaien bidezko elektrizitate-sorgailuak jartzea...

?

Egoera ekonomikoaren beste adierazle ikusgarrienetariko bat garraioarena da. Duela urte gutxirekin alderatuta, Venezuelako errepideetan auto gutxiago ikusten dira eta garraio publikoak askoz unitate gutxiago dauka, erabiltzaileen ilara luzeagoak sortuz eta bidaien maiztasuna irregularrago bihurtuz. Ez da erregai faltagatik, baizik eta kanpoan erosi beharreko auto eta piezen faltagatik. Elektrizitatea eta ur hornidurarekin gertatzen den bezala, erregaiak ia dohainik izaten jarraitzen du. Venezuela munduko preziorik baxuena daukan Estatua da: 0,001 dolar litroa (https://es.globalpetrolprices.com). Prezioa sinbolikoa da eta erosleek ordaintzean balio gutxiko bilete bat ematen dute, propina barnebiltzen duena. Zonalde batzuetan, nagusiki Kolonbiarekiko mugatik gertu, gasolindegietan ikus daitezkeen errenkada luzeak gobernuak ezarritako kontrolek sortuak dira. Auto batek arrunta izango zena baino aldi gehiago biltegia erregaiaz ez betetzeko kontrolekin Kolonbiara eramate- eta saltze-negozioa mugatzen saiatzen dira, arrakasta erlatiboarekin.?
Metroa ez da egoera delikatu honetatik at geratzen. Caracaseko metroa goraino dago, behintzat ordu puntetan, non bultzadak eta sartu ezinik geratzea ohikoak diren. Metrora jaisteko momentuan suma daiteke egoeraren beste adibide adierazgarri bat: tiketerako makinak desgaituta eta milizianoak paperezko tiket berri eta sinpleagoak jasotzen bidea emateko.
Blokeo ekonomikoaren eraginak hobeto erakusten dituen esparruetako bat garraioarena bada ere, populazioaren sektoreen artean ikus daitezkeen ezberdintasunak autoen kasuan ere sumatzen da. Ozta-ozta funtzionatzen jarraitzen duten auto zaharren artean Hyundai eta Toyota rantxera berriak eta beste kotxe garestiak ikusten dira oso maiz.

?

Venezuelaren kontrako eraso nagusietako bat monetaren kontra gauzatzen dena da, baina honen eraginak herriak pairatzen ditu, batez ere dolarrak eskuratzerik ez duten herritar ugarik. Venezuelar askoren bizitzaren osagai bihurtu da bolivar eta dolarraren arteko aldaketa zenbatetan dagoen begiratzea dolartoday web-ean. 2019ko abuztuan, adibidez, aldaketa erdira jaitsi zen: hilabete hasieran dolar bat 12.000 bolivar izatetik hilabetea ixtean kopuru horren bikoitza izatera pasatu zen. Hasieran deigarria egiten bada ere, edozein dendatan jendeak poltsikoetan sartzen ez diren bilete-sorta handiekin ordaintzea egunerokoaren parte da. EEBBetan diseinatutako eraso-politikan kokatuta, urte askotan zehar areagotzen den bolivarraren debaluazioak eragina zuzena dauka produktuen kostuan, prezioak etengabe igoz. Igoera honen erantzule bakarra ez dago kanpotik burututako monetaren trukean, zeren eta barneko beste faktore asko nahasita baitaude (espekulazioa, bachaqueo-a, sektore pribatuaren boterea prezioak ezartzeko eta gobernuaren epelkeria horren aurrean...), baina ezin da ezkutatu faktore horietako asko aipatutako gerra hibridoarekin erlazioa daukatela.

?

Honen guztiaren ondorioz segurtasunik eza itzela dago diruaren prezioaz. Venezuelarrak ezin du jakin ezta epe motzean zein balio izango duen daukan diruak, salbuespeneko egoera honetan. Azken urteetan Venezuelako diru-kutxak husteko eraso planifikatuaz defendatzeko hartutako neurrien artean bankuetatik atera daitekeen eskudirua estuki mugatzea izan da, hiritarrek ordainketak egitea zailtzen duena. Europako populazioetan ansietate krisi bat sortuko balu ere, venezuelar gehienek aurre egiten diote egoerari, pazientzia, etsipen eta beren subirautza defendatzeagatik ordainketaren ulermena konbinatuz. Bizitza ulertzeko venezuelarren idiosinkrasia partikularrak, kontuan hartzeko elementu subjektibo garrantzitsua, zailtasunen artean bizitza aurrera jarraitzea errazten du.

?

Osasuna da, zalantzarik gabe, blokeoaren eraginak sumatzen diren gune latzena. Historian zehar asedioetan egin den bezala, herria belaunikatu nahi dute gozez, egarriz eta, nola ez, gaixotasunez. Blokeo gringoak medikamendu eta medikuntza-ekipoak lortzea oztopatzen eta garestitzen du maiz eta ezinezko egiten du beste batzuetan. Beste esparru askotan bezala, Venezuelak beste estatuekiko daukan dependentzia ahultasun handi bihurtzen da medikamentuak lortzeko ere. Are gehiago, medikamentuen % 34 EEBBetatik inportatzen zirela kontuan hartuta. Osasun sistema publikotik osasun zentroak, ospitalak eta farmaziak produktuz eta tresnez hornitzen saiatzen bada ere, medikamentu eta beste material batzuk ez dira lortzen edo kantitate txikietan eta prezio altuetan eskuratzen dira. Eta ez bakarrik EEBBetatik datozenak, zeren eta Trump administrazioaren presioek lortu baitute beste estatuetakoak diren konpaniekiko kontratuak bertan behera geratzea, Kubarekin hamarkadetan zehar egin duten moduan. Venezuela helmuga zuten medikamentu-bidalketa asko bertan behera geratu dira eta gobernuak ahalegin berezia egin behar izan du blokeoa ekiditeko, beste Estatu batzuekin harreman komertzialak handituz medikamentuak eta printzipio aktiboak lortu ahal izateko. Estatu hauek Txina, Errusia, India, Turkia, Iran edo Bielorrusia dira, nagusiki, EEBBetatik heltzen den presioa jasan dezaketen potentziak. Hala ere, garraiatzeko kostuek eta enpresek hartzen duten arriskuak produktu hauek garestiago bilakatzen dituzte.


Edozein kasutan, medikamentu eta sendagai-ekipamenduaren hornikuntza ez da nahikoa eta ondorioak oso gogorrak izan dira. Diabetesa edota hipertentsioa daukaten lau milioi bat venezuelarrek ez dute erregularki jasotzen beharrezko medikamentuak (adibidez, 2017an jada ordainduta zeuden 300 mila intsulina-dosi ez ziren heldu Citibankek erosketa blokeatu zuelako). Hiesa daukaten 80.000 bat lagun antiretrobiralak jaso gabe geratu ziren 2017an. Kalkulatzen da 16.000 bat mila lagun daudela minbiziarekin beharrezko tratamendua (kimioterapia, radioterapia, farmakoak?€?) ezin jasan, eta dialisia behar duten beste 16.000 pertsona ziurgabetasunean murgilduta daude. Guasdualiton bisitatutako ospitalean, adibidez, lau dialisi-ekipo geldirik zeuden ordezko piezen faltagatik eta funtzionatzen zuten bi ekiporekin moldatu behar ziren zonaldeko paziente guztiak artatu ahal izateko. Kalkulatu da 2017 eta 2018 artean 40.000 izan zitezkeela hildakoen kopurua osasun arloari ezarritako blokeoaren eraginez (http://cepr.net/images/stories/reports/venezuela-sanctions-2019-05-spn.pdf). Zifra horiez haratago, argi dago heriotz-kondena sinatzen dela EEBBetan osasunaren kontrako neurri bat sinatzen den bakoitzean. ?€śGaixoak hiltzen direla?€ť esan baino, ?€śhiltzen dituztela?€ť esan beharko genuke.

Blokeo ekonomikoaz aritzean, aipatzeko ezinbesteko eremua janariarena da. Datu bat emateagatik, elikagaien inportazioa 2013an 11.200 milioi dolar izatetik 2018an 2.460 milioi dolar izatera pasatu ziren. ?Venezuelak kanpoko elikagaiekiko daukan dependentzia jakinda, erraz ulertzen da honen inpaktua venezuelar gehienen bizitzan.
Elikadurari lotuta, bertan behera utzi behar da zabaldutako gezur bikoitza: Venezuelako gobernuak herria gosetera kondenatzen duela. Alde batetik gosete ez dagoelako. Sektore batzuetan eta familia batzuetan estu badabiltza eguneroko otorduak ziurtatzeko, gobernuari aitortu behar zaio babesik gabe inor ez geratzeko egindako ahalegin erraldoia, alderdi asko gurutzatzen diren errealitate batean. Adibidez, venezuelar batzuek kritikatzen dute gobernuak planifikazio familiarrari dagokionez izandako politika. Bazterreko sektore gazteei formatu eta hezkuntza sexuala eman ordez, izandako ume bakoitzagatik diru-laguntzak emateak formazio baxuko pertsonak ume gehiegi izatera eraman ditu, pobrezia eta bazterkeriaren espirala elikatuz. Populazioaren elikadura aproposa ziurtatzea ez datza bakarrik janariaren hornikuntzan, ikuspegi integralean kokatu behar baita, alderdi sozioekonomiko asko barnebilduz.


Beste alde batetik, gezur biribila da Venezuelako gobernua janari eskasiaren erantzule nagusia izatea. Elikagaien deshornikuntza eta garestitzea izan dira, argi eta garbi, oligarkiak erabilitako tresna bat, Chávezek prozesu eraldatzailea hasi zuenetik gaur egunera arte. Barrutik eta kanpotik gauzatutako eraso honetan dago urritasun egoeren erantzule nagusia. Maduroren gobernuak 2016an jarri zituen martxan CLAP-ak (Comités Locales de Abastecimiento y Producción), elikadurari loturiko arazo nagusiei aurre egiteko. Auzo eta herrietako batzorde hauen bidez familia bakoitzari helarazten zaio elikagaien kutxa bat gutxitutako prezioetan (beren kostutik behera), zailtasunak zailtasun. Izan ere, maiztasuna aldatzen da lekuaren eta garaiaren arabera. Caracasen, non elikagaiak lortzeko arazoa handiagoa den, maiztasuna bi astekoa ohi da, baina landetan hilabetekoa edo gutxiagokoa izan daiteke (elikagaiak beste bide batzuetatik eskuratzeko erraztasun gehiago daude). Kutxan dauden elikagaiei dagokienez, arroza, olioa, arto-irina, azukrea, lekaleak, pasta edota ontziratutako arraina topa daitezke, baina dauden elikagaien mota eta kantitatea ez da guztiz erregularra. Produktu horietako asko beste nazio batzuetan ekoiztuta daude.
Kutxa horretan kondentsatzen dira Venezuelan dauden arazo eta errealitate batzuk: gobernuaren ahaleginak oinarrizkoena guztiei ziurtatzeko, elikagaien ekoizpen atzeratua, inportazioen erabateko dependentzia, kontrol falta eta bachaqueo-a (produktuen desbideratzea merkatu paraleloetara).
?

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
?>