2020-01-28 11:03

Urtarrilaren 30erako, Euskal Herriko Eskubide Sozialean Kartak deitutako Bizitzaren aldeko Greba Orokorrarekin bat egin eta euskal jendarteari parte aktibo izatera deitzen diogu Askapenako kideok.  

Gaur, inperialismoaren erasoaldi bortitzenetarikoaren, bortitzenaren ez bada, aurrean gaude.  Bizitzaren aurkako oldarraldi baten aurrean. Interes berak ezkutatzen dira Boliviako Estatu Kolpearen atzean, edo Venezuelako etengabeko mehatxuetan. Esku zuri bera Ekialde Hurbileko sakeoan. Helburu berak Txileko nahiz Greziako erreformetan. Diskurtso faxista bera Brasil edo Italian. Kontrol, aberastasun eta boterearen etengabeko akumulazioak ez du mugarik. Lurralde, itsaso zein oihanekin batera, hizkuntza, identitate, herri, kultura, komunitate, indar eta gorputzak zapaldu nahi dituzte, esklabo nahi gaituzte.

Herrion arteko xamurtarsunari esker ordea, bizitzaren aldeko munduko hamaika herrietako borroka ezagutzeko aukera izan dugu. Kubako faroaren argia bidelagun, Lacandonako basoetan murgilduta bidea behetik eta ezkerretik egitearen balioa ikasi dugu. Boliviako jatorrizko herrien berezko hizkuntzek erakutsi digute bizitza onaren benetako esanahia. Italiako bizipenetatik gure egin ditugu faxismoaren aurkako oihuak. Kurdistango kideen eskutik barneratu dugu emakume askerik gabe, askatasuna ez dela posible. Etsipen eta iluntasunaren mehatxuaren aurrean, Greziako herriak autogestioaren botereaz begiak ireki dizkigu. Venezuelako langileek eraikitako Komunetatik parte hartze eta autogobernu esperientzia berriak ezagutu ditugu. Herrialde Katalanetako herri antolakuntza eta borroka olatu indarberrituak itxaropen arnas izan dira. Hamaika herri, beste hainbeste esperientzia baina ardatz bat guztiak zeharkatzen dituena, bizitza.

Elkartasunak ekarri gaitu hona, irakaspen horiek guztiak munduko herri langileonak baitira. Ez dugu elkartasun internazionalista lantzen egoera injustuen aurrean zauriak sendatzeko. Elkarrekin indartsuago garelako, elkarrengandik ikasten dugulako eta elkarrekin bat garelako lantzen dugu elkartasun internazionalista; zauritzen gaituzten arrazoiak gainditzeko.

Horregatik, bizitza dugu aldarri eta elkartasun internazionalistak bizi gaitu. Argi dugulako sistema kapitalista heteropatriarkal eta inperialista honen aurkako erresistentziarik handiena bizitza defendatzea dela. Izan Rojavako lubakietan edo Venezuelako Komunetan. ZADeko aireportu okupatu edo Argentinako herri-ekonomia eraikitzeko mugimendu eta protestetan nahiz abortu eskubidearen aldeko borroketan. Kapitalismo, heteropatriarkatu eta inperialismoari arnasa kentzen diogun territorio, baliabide, ideia edo gorputz bakoitza, bizitzaren aldeko garaipen bat da, bizitza onaren aldeko urrats bat. 

Eta datorren urtarrilaren 30ean Euskal Herrian kaleak hartzea, bizitza aldarrikatzea da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista