ARGIA.eus

2018ko urriaren 22a
Kazetaritza independentea, txikitik eragiten.

Plaza!

SORTU KONTUA
Euskal Herriko erakunde internazionalista
2018-08-06 09:09

Astebete pasa da Jerusalem atzean utzi eta Zisjordaniako (West Bankeko) hiri nagusiak bisitatzeari ekin geniola, Betlehem, Hebron, Ramallah eta Nablus urrenez urren. Hasieratik nabaritu dugu hiri bakoitzean egoera ezberdina dela, okupazioak aurpegi asko dituela. Errealitate hauek ezagutzeko eragile eta herritar ezberdinekin bildu gara. Harreta guztia okupazio sionistaren joku maltzurrean jarrita genuela, jabetu ginen bazela beste zerbait deseroso sentiarazten gintuena, palestinar gizonezkoak espazio publikoaren jabe eta protagonista nagusiak direla, emakumeak espazio pribatuetara mugatuz. Kaleak gizonenak dira, dendak, tabernak, taxiak, autobusak, hostalak, jatetxeak... beraien esku daude. Emakumearen esku gelditzen dira haurren zaintza eta etxeko betebeharrak. Zaila da gure ikuspegi okzidentala baztertu eta errealitate hau ulertzea. Baina ahalegin berezia egin dugu horretan, beraiengana iristea zertxobait kostatu zaigun arren. Ramallah-ra iritxi arte gure emakumezko kontaktu guztiekin biltzen ginenero gizonezko bat jartzen baitzen tartean, konfiantzazko gunea kenduz.

Hebronen bertako familia baten etxean lo egiteko aukera izan genuen, ezkertiarrak eta okupazioaren kontrako erresistentzian lanean dabiltzanak. Etxeko pareta barrura mugatzen ginenean konturatu ginen, susmatzen genituen patroi berdinak errepikatzen zirela. Gizona da hitza duena eta emakumeak beraientzat lanean dabiltzala. Afal orduan gizonezkoa bakarrik esertzen zen gurekin hitzegitera, emakumeak janaria prestatu eta zerbitzatzen zigun bitartean. Berdina gertatzen da etxeko txikienen artean ere, seme zaharrenaren hitzak du balio gehien, alaba etxeko betebeharrak egiten dabilen bitartean. Egoera honetaz jabetu ginenean, zaharrak berri; nola ez zaigu ba ezagun egingo ezkertiar gizonen zapalkuntza? Euskal Herrian urte luzez borrokatu dute eta borrokatzen diardugu emakumeok margenetatik zentralitatera joateko. Aliatuak lortu ditugu, asko, baina zapalkuntzak anitzak dira kapitalismo patriarkar honetan. Horregaitik borrokan indarra gara, zutabeak gara, Palestinar emakumeak bezala.

Badira borroka eremu pribatuan egiten duten emakumeak, palestinar erresistentziaren lurzoru indartsua diren emakumeak. Beraiek hezten dituzte etorkizuneko neska eta mutil borrokalariak. Badira ere borrokaren lehen lerroan daudenak, frontean. Horren adibide dira Union of Palestinian Wonen Committees-eko kideak


1980an sortu ziren, askapen nazionalaren baitan ezkerreko proiektuari patriarkatuaren aurkako borroka txertatzeko, betiere klase perspektiba batekin. Gaur egun Zisjordanian eta Gazan antolaturik daude, herri mugimenduaren parte direlarik. Lan ildo anitz dituzte, batez ere emakumeen boteretzean pausuak ematea eta Palestinar herriaren eta okupazioaren kontrako borrokan perspektiba feminista batekin borrokatzea. Feminismoa, emakume langileen borroka, gatazkaren ondorioetan osatze prozesu bat ematea edo presoekiko elkartasuna dira beraien borrokaren oinarria. Palestinar emakumea zapalkuntza hirukoitz batetan kokatzen dute; okupazioa, patriarkatua eta kapitalismoa.



Beraien diskurtsoa oso gertu sentitu genuen, euskal feminismoak ere aspaldi ezaugarritu baitzuen zapalkuntza hirukoitzaren teoria. Guk, emakume gazte moduan, bertako gazte feministen inguruan galdetu genuen. Pozez harritu gintuen UPWCren barnean neska gazte talde bat zegoela entzuteak. Hauekin egoteko aukera izan genuen, eta hirugarren intifadan emakume gazteak hartu duten parte hartzeaz hitzegin ziguten, kalean zein unibertsitateetan egiten ari diren borrokaz.  Garrantzia handia ematen diete belaunaldi arteko loturari, jakin badakite esperientzia eta indarraren loturak egiten duela feminismoa indartsu.


Memoria historikoan lan handia dute palestinar emakumeak, itzalpetik ikusgarri egin nahi dira eta horretarako argi esan zigun errefuxiatuen kanpamendu batean emakume taldea sortu zuen emakumeak: ?Kontatu ezazue zein indartsuak garen eta borroka honetan ezinbestekoak garela?.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.