2025-10-08 21:59

Gaur bi urte bete dira Palestinako erresistentziak Gazako setioa hautsi eta kolonizazio sionista kolpatu zuenetik. Urriaren 7an, palestinar erresistentziak statu quo-ari aurre egin zion, denbora luzez herri palestinarra bere lurretatik bidaltzeko nahiz desagerrarazteko eta hori guztia ezkutuan pasarazteko hainbeste saiakera egin ostean. Nakbak ez du etenik izan, eta azken fase honetan argi ikusi dugu nola gogortu den genozidioa bai Gazan, bai Palestina historikoko lurraldean. Bi urte hauetan, beste behin ere, Israelek eraso egin die eskualdeko beste herri batzuei (Libano, Sira, Iran, Yemen), elkartasun aktiboa adierazteagatik eta Palestinako Erresistentziarekin batera lan egiteagatik.

Munduko beste leku askotan gertatzen ari den bezala, bi urte hauetan, Euskal Herrian areagotu eta indartu egin da Palestinarekiko elkartasuna. Aldarrikapen argiak egin ditugu: alde batetik, palestinarren erresistentzia baldintzarik gabe babestea, Israeli boikota egitea, eta harekiko konplizitate nahiz lotura guztien aurka borrokatzea. Ez hori bakarrik, ozen adierazi dugu Palestinak erabat deskolonizatu behar duela, entitate kolonial eta genozida israeldarrak desagertu egin behar duela, eta errefuxiatu guztiek etxera itzultzeko eskubidea izan behar dutela.

Estatu Batuek eta Europar Batasuneko gobernu inperialistek, baita babesa ematen dieten euskal alderdiek ere, hainbat hamarkadatan zehar, normaltasun osoz izan dituzte harremanak Israelgo estatu kolonial eta kriminalarekin. 2023ko urriaren 7an, gainera, berehala babestu zuten Israel, jarrera ekidistanteak erakutsiz eta palestinar herriaren erresistentzia eta kolonizazio sionistaren indarkeria parekatuz. Potentzia horiek eta haien gobernu zein erakundeek genozidioa hauspotu dute urtez urte, eta horren lekuko izan gara eta ari gara izaten. Gaur ere estatu kolonialak existitzen jarraitzea eta blindatzea nahi duten berberak dira, nahiz eta ezinezkoa den ezikusiarena egitea sionismoaren izaera basatiaren aurrean.

Sinestarazi nahi digute ez dela posible estatu arrazista eta genozida bat isolatu eta desagertzeraino aurre egin dakioken mundu bat; herri baten suntsiketari ezintasunez begiratzearekin konformatu behar dugula. Eta bitartean, inoiz aplikatzen ez diren neurri eta zigorrei buruzko diskurtsoak darabiltzate bolo-bolo. Erresistentziak ez duela zentzurik irentsarazi nahi digute, edo, are okerrago, erresistentzia bera dela Palestinak jasaten duen indarkeriaren erantzule.

Euskal Herrian ere ikusi dugu nola egin duten bat hainbat indar politikok, diskurtso ekidistanteak plazaratzean eta Israelgo estatu genozidaren existentzia babestean. Eskuina maisuki aritu da horretan, baina baita alderdi sozialdemokratak ere; ez gaitzatela engaina.

Urriaren 7ra iritsi gara, eta beste fase batean sartu gara: Trump eta Netanyahuk plan proposamen negargarri bat egin dute, kolonizazioa eta okupazioa areagotzeko; Hamasek eman du bere erantzuna. Zorionez, entitate inperialistek helburu horiek ez erdiesteko pultsuari eusten ari zaio erresistentzia.

Bestalde, Europar Batasuneko herrialde batzuek Palestina estatu gisa onartu nahi dute, baina era berean erakunde sionistarekin dituzten harremanei eusten diote, eta Estatu Palestinarra estatu okupatzaile, genozida eta kolonialarekin batera existitzea planteatzen dute. Neurri eta planteamendu horiek kontrajarriak dira, eta Europar Batasunak genozidioarekin duen konplizitate objektibotik arreta desbideratzeko eta erakunde sionistaren jarraipena blindatzeko mekanismoak baino ez dira.

Genozidioa amaituko da eta Palestina erabat askatuko da, baina hori klase-borrokaren garapenari eta Palestinaren askapen nazionalerako borrokari esker izango da: herri palestinarra berak egingo du askapenerako bidea, bai berena, bai gurea, eta horretan ari da; izan ere, herri palestinarrak kapitalismoaren eta inperialismoaren aurka egiten duen erresistentzia borroka munduko herri langile guztion erresistentzia borroka da.

Eta,guri, bide horretan, internazionalismotik ekarpen esanguratsua eta eraginkorra egitea dagokigu. Azken asteotako herri erantzunak erakusten digu beharrezkoa eta posiblea dela konplizitateen aurka eta boikotaren eta ekintza zuzenaren aldeko antolakuntza. Ezin dugu egungo errealitatea aldaezintzat hartu. Aurre egin behar diogu Mendebaldeko gobernu konplizeek erakunde genozida legitimatzeko eta normalizatzeko saiakera orori.

Palestinar herriarekiko elkartasuna eraginkorra izateko gaitasuna, zalantzarik gabe, Euskal Herrian klase borrokan aurrera egiteko dugun gaitasunaren araberakoa izango da: Euskal burgesiaren eta entitate kolonialaren arteko harremanak oztopatu behar ditugu, Europar Batasunaren proiektu inperialistari aurre egin behar diogu eta botere erreala eraiki behar dugu Euskal Herri independente eta sozialista baten forman, sionismorik gabe. Hau da bizi dugun erasoaldi inperialistari aurre egin ahal izateko modu bakarra, baita elkartasunerako modurik onena ere: kate inperialista erdigunetik haustea, eta, behingoz, haien mundua bihurraraztea ezinezko, geurea internazionalismotik eraikitzeko.

Atzo eta gaur, inperialismoaren hedatze basatiaren aurrean, atzerapausorik ez: ez dadila gelditu euskal herri langilearen Palestinarekiko elkartasuna, ez dadila gelditu herri langileon borroka kapitalismoaren eta sionismoaren aurka.

Hautsi dezagun kate inperialista!

Gora Palestina askatuta!
 

Euskal Herriko erakunde internazionalista