2023-10-14 14:39

 

1948ko Nakba (“hondamendia”) hartu ohi da abiapuntutzat, herri palestinarra desagerrarazteko eta Israelgo estatua sortzeko desjabetze eta garbiketa etnikoaren proiektua azaltzerakoan. Nakba aurreko hamarkadetan, ordea, Britainiarren Balfour-en Adierazpenak (1917) sionistei Palestinako lurretan kokatzeko “baimena” eman zien. Britainiar Inperioaren babesa berebizikoa izan zen kolonizazio sionistarentzat.. Areago, Nazio Batuen Erakunde sortu berriak, Palestinako lurren inguruan erabakirik hartzeko inolako zilegitasunik gabe, Israelgo estatu sortu berriaren nagusitasuna sendotu zuen.

 

Ordutik, Israelgo estatuak uneoro izan du nazioarteko potentzia nagusien babesa. Intifadek (Palestinako herriaren altxamendu orokortuek) behartutako polarizazioaren ondorioz, “bake elkarrizketak” bideratu ziren. Osloko Akordioek amaitu zuten prozesua. Emaitzak, ordea, bakea baino sufrimendu handiagoa ekarri zuen palestinarrentzat:  lurraldeak gehiago zatitu ziren; Autoritate Palestinarra sortu zen, gehienetan Israelgo estatu-aparatuaren hedapenerako jardun duena; harresiak, checkpointak, biztanleria kontrolatzeko egiturak eta abar eraiki zituzten... Azken batean, bazterkeria, pobrezia eta etsipena areagotuko zituzten erabakiak eta inposaketak.

 

Ez dago Palestinara sartzerik, Israelen eskuetatik pasa barik. Batetik, Zisjordania, zatikatuta, Autoritate Palestinarrak Israelekiko duen kolaborazionismoaren menpe, guda demografikoaren etengabeko biktima, askatasunez mugitzeko ezinean. Bestetik, Gazako Zerrenda, blokeatuta, Hamas-ek 2007an hauteskundeak irabazi ostean zigor egoera iraunkorrean bizi izan dena, ateratzeko eta sartzeko baimenik gabe, Israelgo estatuaren erabateko kontrolaren menpe, ur eskasiaz, elektrizitatea egunean bi orduz, kaltetutako azpiegiturak... Eta hori guztia gutxi balitz bezala, Palestinako mugetatik at erbestera bizitzera behartutakoek ere ziurgabetasunean oinarritutako bizitzak dituzte, Siria eta Libanoko kasuetan  bereziki.

 

Gaur egun, 5200 preso politiko palestinar daude kartzela sionistetan, 170 adin txikikoak. Horietako 1264 atxiloaldi administratibopean. Atxiloketa figura horren bitartez, palestinarrak bahitzen dituzte kartzela sionistetan, kargurik eta epaiketarik gabe, zehaztu gabeko denboraldi luzez. Eta ez da errepresio molde bakarra: palestinar oro izan daiteke eraila, edozein unetan, palestinarra izate hutsagatik, izan armadaren eskuetan, izan kolonoenetan.

 

Bestalde, garrantzitsua da argitzea, beste kolonialismo mota batzuekin alderatuta, kolonialismo sionista asentamenduetan oinarritutako kolonialismoa dela, eta lurraldea kontrolatzeko, palestinarrak beren herrietatik, hirietatik, laborantzarako lurretatik... bidaltzen eta desjabetzen dituztela, gero kolonoak biziko diren koloniak eraiki ditzaten. Eta ezin dira ahaztu beste hamaika jazarpen egoera: armada israeldarraren esku hartzeak auzo, herri eta etxe palestinarretan; armatutako kolonoen erasoak; Jerusalengo etxeetatik kanporatu dituzten milaka palestinar, gero kolonoek har ditzaten haien lekuak; kolonoen pogromak palestinarren aurka, “arabiarrak akabatu” deiadarka, Israelgo armadaren babespean...

 

Hori guztia ez litzateke posible potentzia inperialen eta Nazio Batuen Erakundearen laguntzarik gabe. Egun ere Estatu sionistak potentzia inperialista nagusien (AEB eta EB) konplizitate esplizitua du oraindik. Konplizitate horren isla dira Estatu sionistarekiko lankidetza militarrak, Israelgo industria militarraren finantzazioa ikerketa-proiektuak eta teknologiak salerosiz, normalizazio akordioak Arabiar Emirerri Batuekin, Bahreinekin, Sudanekin eta Marokorekin... Denek ala denek argi erakusten dute potentzia kolonial eta inperialistek normaltzat, onuragarritzat eta, are gehiago, beharrezkotzat dituztela estatu kolonial eta kriminal batekiko harremanak.Europar Batasunak eta bere aliatuek, Israelgo estatuak martxan jarritako genozidio eta garbiketa etnikoa publikoki babestu dute. Bi parteen arteko laguntzarik agerikoena egun hauetan debekatzen ari diren elkartasun keinuetan daukagu: Alemanian eta Frantziar estatuan, ondorioz ipar Euskal Herrian ere, Palestinaren aldeko mobilizazio oro debekatu dute, Italian manifestazioak kolpez desegin dituzte, Erresuma Batuan Palestinako bandera debekatu dute eta hainbat pertsona atxilotu dituzte, Palestinaren aldeko antolakundeak debekatzen saiatzen ari dira, etab.


Kolonizazio sionistaren eta bere konplizeen historiaren aurrean, palestinar herriaren erresistentzia gailendu nahi dugu, lehenik britainiar kolonizazioaren eta mugimendu sionistaren hastapenen aurkakoa (1936-1939 matxinada), eta ondoren, kolonizazio sionistaren eta inperialismoaren aurkakoa. Palestinarren erresistentzia hainbat modutan garatu da: izan borroka armatuaz, izan kartzeletakoaz, herri antolakuntza eta desobedientziaz… Herri palestinarra ez da izan eta ez da biktima bat, ekiteko gai ez dena; hamarkadetan zehar egindako borrokaren eta duintasunaren eredua da.

 

Ezinbestekoa da, beraz, egun gertatzen ari dena aztertzeko testuingurua kontuan hartzea eta ulertzea; hau da, argi izatea potentzia kolonial baten aurka ari den herri baten askapen borroka dela, eta inperialismo estatubatuarrak eta bere aliatuak ardura zuzena dutela horretan. Horrek esan nahi du herri palestinarrarekiko elkartasuna adierazi behar dugula, kolonizazio sionistari aurre egiteko edozein borroka molde erabiltzen duela ere. Beharrezkoa da diskurtso eurozentristetatik eta paternalistetatik aldentzea herri palestinarrak eraso sionistei indarrez erantzuten dion bakoitzean, larunbateko ofentsiba militarraz geroztik, areagotu egin direnak. Diskurtso horiek argi adierazten dute palestinarrek ezin dutela sekula indarrez erantzun, baldin eta nazioarteko komunitatearen elkartasuna jaso nahi badute. Ustezko elkartasun selektibo mota horiek kolonizazio israeldarraren defentsa hutsak dira. Herri palestinarrari hamarkada luzez urratu dizkiote giza eskubideak, krimenek ez dute etenik, eta hala ere, hamarkadetan borrokari eutsi dion herria da, nazioarteko babesik handiena jaso duen kolonizazio krudelenetako baten aurrean eutsi duen herria.

 

Euskal Herrian ere horrelako posizioak ikusi ditugu egunotako gertakarien aurrean. Eta askotariko posizio horiek aise gelditzen dira agerian, historiari eta egungo egoerari begirada azkar bat botata. Askapenan argi dugu egunotan inoiz baino gehiago erakutsi behar dela elkartasun irmoa herri palestinarraren kolonizazioaren aurkako borrokarekiko, eta presio egin behar dugula Euskal Herritik eta Europatik garatzen diren konplizitateak eteteko. Une honetan oso larriak iruditzen zaizkigu EH Bilduko eta ezker abertzaleko zenbait ordezkari politikoren adierazpen ofizialak. Herri palestinarra da bere burua nola defendatu behar duen erabaki behar duen bakarra, kolonizazioari nola aurre egin behar dion deliberatu behar duen bakarra. Guri dagokigunez, Palestinako herriari babes irmoa eta eraginkorra erakutsi, eta kolonizazioa sostengatzen duten konplizitate guztiak salatu behar ditugu; izan ere, horien erruz ari da Israelgo estatua zuzenean herri palestinarra sarraskitzen, nazioarteko komunitatearen oniritziarekin.

 

Bada garaia Palestinarekiko pisuzko konpromisoa hartzeko, sionismoarekiko konplizitatea eta ekidistantzia agertzen duten horiek ez daitezen nekerik gabe atera, kosturik gabe. Eta hamaika modu daude Palestinar herriari konpromisoz erantzuteko eta elkartasuna erakusteko: bai propaganda sionista eta bere aliatuak desegiteko modu sinbolikoenak (banderak kalera ateratzea, Palestinako herriaren aldeko deialdietara joatea), baina baita EHren eta sionismoaren arteko konplizitatea amaitzeko kanpaina zehatzak ere, ez baitira gutxi loturak: Eusko Jaurlaritzaren eta erakunde sionistaren arteko harremanak, EAJ-ren kolonizazio sionistaren aldeko mezuak, Ertzaintzaren nahiz Poliziaren entrenamenduak eta ekipazioa Israelen, CAF enpresaren tranbia eraikuntza, kolonien garraio-azpiegituren zati gisa, etab.

 

Behin eta berriro eusten diote ideia honi herri palestinarrak eta mundu osoko militanteek: herri palestinarraren borroka, kolonialismoaren eta inperialismoaren aurkako borroka, munduko herri guztion borroka da. Eta Euskal Herrian ere horretan berresten gara: zuen borroka gure borroka da. Herri palestinarraren askapena, sionismoaren eta Ekialde Hurbileko inperialismoaren porrota, munduko herri guztiontzako albiste ona izango da. Palestinarrek egin bezala, guri ere antolakuntzan sakontzea dagokigu.
 

Elkartasun internazionalista antolatu!

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista