ARGIA.eus

2018ko abuztuaren 18a
Kazetaritza independentea, txikitik eragiten.

Plaza!

SORTU KONTUA
Euskal Herriko erakunde internazionalista
2018-08-08 09:42

Uztailaren 30ean heldu ginen San Cristobal de las Casas hirira, Txiapas, brigadako bost kideok. Laster konturatu ginen ?ahorita ahorita? erritmora ohitu behar genuela eta hori zela eta, gauean elkartu ahal izan genuen bostok. Egunsentiarekin batera paperak mahai gainean jarri eta Askapenaren lehen brigada feministari forma ematen hasi genion. Denbora gutxi daramagu Txiapasen, baina jada kontziente gara erronka asko ditugula egiteko eta geure mendebaldeko feminismo ikuspegiak guztiz irauliko duen beste perspektiba bat ezagutuko dugula hemen. Horretarako etorri gara eta gogotsu gaude.

Geure lehenengo sorpresa terminologiarekin daukagu, segituan antzematen dugu geure kontraparteek ez dutela feminismo hitza aise erabiltzen; ordea, borrokan diren emakumeak erabiltzen dute; indigenek zein nekazal-emakumeek feminismo hitza hiriarekin edota mendebaldeko kontuekin lotzen baitute. Hau da, haiekin zerikusi gutxi daukaten aldarrikapenak direla sentitzen dute.

Bertako borrokan emakumeek argi daukate etsaia patriarkatua eta sistema kapitalista eta neoliberala dutela. Kontzientzia handia daukate lurraren jabegoaren garrantziaz, urarena? laburbilduz, haien beharrak zeintzuk diren badakite eta borrokak hori du erdigune, biolentziarekin batera. Mexikon feminizidioa nabarmena da; horregatik, lurrarekin eta lurraldearekin batera biolentzia estruktural, kultural eta zuzenaren aurka irmo kokatzen dira borrokan.

Mercedesen Oliveraren hitzak hunkitu egiten gaitu eta indarberritu ere bai, etengabe geure Euskal Herriko kasuistikarekin konparatzen baitugu. Hasteko, emakume indigenengan kontzientzia lana egiten da, baina hemengo gobernuek neurri karitatedunen bitartez itsutu egiten dituzte eta komunitateetara sartzen direnean lana oztopatzen die. Indigenek, finean, jakin nahi dute zenbat emango dieten. Halere, argi daukate guztia zeharkatzen duen patriarkatua suntsitzea dela jomuga. Baina horrelako helburua lortzearen zailtasuna kontziente dira eta hemen dioten bezala epe luzerako borrokek erritmo berezia daukate eta etengabe esplikatzen digute ?pasito a pasito? hurbiltzen direla adierazitako xedera. Diana Itzurekin bildu ginen ondoren, Lacandonako Oihaneko Seigarren Adierazpenera atxikitutako emakume borrokalaria. Egoera politikoaz jardun ginen luze, berak dioen bezala, ?guk geuk sinistu behar dugu beste gobernu mota bat posible dela eta badakigu ez gaudela bakarrik iraultza honetan. Nahiz eta lan handia eduki, erresistentzian eta borrokan jardungo gara beti. Asko baikara burujabetzaren alde borrokan ari garenok?.

 

Ondoren, abuztuaren 4an eta 5ean, Morelia karakolean ?CIG gobernuaren laguntza sareen topaketak? egingo direla kontatu digu. Bide batez, ​ María de Jesús Patricio, Marichuy ezizenez ezagututako eta CIG-ak aurkeztutako hautesle emakume eta indigenaz hitz egin digu. Izan ere, Marichuy zinegotzi bezala hautatua izana ez da kasualitatea izan; emakumea eta indigena izanagatik izan baita hautatua, hauek benetako ordezkaritza bat izan dezaten. Bizitza eta burujabetza lortzeko borroka bat dela azpimarratu digu Dianak, emakumeon borroka, hain zuzen ere. Lopez Obradorren garaipenaz ere jardun dugu. Nazioartean zegoen pertzepzioan ez bezala, gobernu berri honekin gauzak okerrera joko dutela uste du; haren gobernuaren idazkaritza gehiena ultra eskuindarra da, eta ezkerreko hautagai bat hartu izana, estrategia politiko baten baitan kokatu du. Gobernu honen pean, autonomiaren aldeko antolakundeekpairatuko dutela jazarpenik handiena dio. Autonomiak indartzeko beharraz hitz egin digu, hau da, maila nazionalean duten erronka handiena autonomiak indartzea da. Krisi ekonomiko handia datorrela aurreikusten dute eta honi aurre egiteko era bakarra autonomien bidez da.


Gobernu onaren batzordearekin lortu digun hitzorduaz solastu ginen azkenik. Nola jokatu eta hainbat gomendio eman dizkigu. Besteak beste, aholkuetako bat izan da fijatzea nola jokatzen duten eta ez hainbeste zer esaten diguten; forman eta ez edukian adi egotea, alegia. Indarrak eman dizkigu eta brigadako azken astean elkartuko garela hitzarekin agur esan diogu.

Laburbilduz, asko daukagu ikasteko edo, hobeto esanda, ?desikasteko? horren barneratuak dauzkagun mendebaldeko moldeak eta, bide batez, entzuteko Txiapaseko feminismoko borroka zertan datzan. Hemen, feminismoa burujabetza lortzeko borroka baita. Burujabetza hori bizitzaren, lurraldetasunaren eta lurren sinonimoa delako. Burujabetza nekazarien, indigenen eta emakumeen abiapuntua eta helburua daukagu.

Aste honetan, joango gara Ekonomia Feministen Jardunaldietara eta baita Morelia karakolera ere; bertan, Karakolen sorreren 15. urteurrena dugu eta CompArte festa ere bai.

Edukiko duzue gure berri!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.