ARGIA.eus

2019ko otsailaren 20a

Plaza!

SORTU KONTUA
Euskal Herriko erakunde internazionalista
2018-07-31 09:52

PFLPko egoitzara iritsi eta segituan erakartzen du gure arreta patioaren erdian, irmo, dagoen memorialak; guda zibilean Beddawiko defentsan PFLPko lerroetan eroritako martirien oroimenez eraikitakoa da. Memorialaren alde banatan PFLPko bandera eta bandera palestinarra daude jarrita harro.


George Habashen irudi handi batek zaintzen du egoitzaren sarrera. Ulertzekoa da militante historiko honek PFLPko militanteentzat duen garrantzia, 1967an alderdiaren sortzailea izateaz gain, bere idazkari izan baitzen 2000. urtera arte.


?Office? esaten diote guneari, hainbat bulego eta bilera gela egoteaz gain, badira egoteko gelak telebista eta hainbat argitalpenekin, haurrentzako eskola eta gazteentzako eremuak ere badira bertan. Edozein kolektibitatek, komunitatea eraikitzeko lanean, behar beharrezko ditu halako elkarguneak, erreferentzia politikoak; eraikiko den horri kontenido politikoa emango dion zera.


Tarekek gela handi batetara eraman gaitu eta zain gaude, ez dakigu ondo noren zain, baina zain, izerditan blai, kafe beroa hartzen, haizegailu zahar eta hautseztatu baten hala nolako haizearen noizean behineko ufadaren xerka zain...


Bapatean, atetik, ero itxurako gizon bat sartzen da; bizarduna, ile kizkurdun nahasia, begirada zorrotzeko begi irtenak eta gorputz mengela. Bere burua aurkeztu du itzelezko zizipazarekin ?Kaixo Yamani Khaled naiz, PFLPko Itzulera Eskubidearen Aldeko Batzordeko Nazioarteko arduraduna?. Ederki! Bilera potentea izango da Yamanik emango digun irakaspen piloagatik eta bere ingelesa ulertzeko egin beharko dugun arreta extra ariketagatik.


Hizketa arina eta alaia du, segituan lortu du gure konplizidadea, ?honako errefuxiatu eremu hau 1956an ireki zuen NBEk, eta hasiera batetan 4.000 pertsona ingururentzako tokia baldin bazen ere, egun 25.000 pertsona inguru bizi gara bertan, kilometro karratu batean.?


Baddewiko eremuaren sorrera, Libanon dauden gainontzekoen moduan, lotura ezinbestekoa du Nakbarekin. Eta egun itzulera eskubidea da palestinar errefuxiatuen borrokaren ardatza ?gure lurrak ostuak izan direla onartzea da hori. Gure lurretara ez ezik, gure etxeetara itzultzea da hori, kendu diguten hori berreskuratzea. Horregatik, errefuxiatu eremuetan bizitzea ekintza politiko gisa ulertu behar da, gure itzuleraren aldarrikapenaren adierazpide gisa.?


Horrela esanda, badirudi gauza erraza dela, baina Yamanik dioen moduan ?ez dira gutxi, baldintza hauetan errefuxiatu eremuetatik alde egitea pentsatzen dutenak. Libanoko gobernuak baztertuta gaitu, ez digute herritartasuna onartzen, ezin dugu lanik egin, oinarrizko zerbitzuak ere ez ditugu jasotzen?.


Segituan ulertzen dugu apostu ausart honek eskatzen duen antolakuntzaren tamaina, Beddawin bizitzen ari garena herri boterearen erakusle oso indartsua da. Herri boterea eremuetako biztanleek oinarrizko beharrak asetuta izan ditzaten, herri boterea palestinarrak eremuetan borrokan iraun dezaten, herri boterea batuta jarraitzeko, herri boterea Palestinaren askatasuna lortzeko.


?Ikusten duzuen moduan, zapalduta gaude, baina ez gara gizagaixo batzuk. Europatik elkartasun handia jasotzen dugu, baina bada garaia diskurtso humanitarioak alboratu eta elkartasun politikoa garatzen hasteko?. Hausnarketa honek bat egiten du brigadan zehar maiz izandako eztabaidekin. ?Badirudi maiz ez zaretela ohartzen Palestina eta palestinarrekiko elkartasuna ez dela giza eskubide kontua soilik?, hausnarketa honek gure ego mendebaldartarra zalantzan jarri du, susmoa dugu autokritika ariketa egitea dagokigula.


?Kontziente al zarete Palestinaren etorkizuna zuena ere badela? Israel deituriko zera hura sortu zutenean arrazoiketa erlijiosoa izan bazen ere, funtsean dagoen asmoa inperialista da, AEBen hegemonia Ekialde Hurbilean hedatzekoa. Hori ala izanda, zinez uste duzue zuei, Europan, ez dizuela eragiten??


Apurka apurka, gure kontzientzia militantearen txoko txiki batetan bada ere ezkutatuta dagoen ego mendebaldartarrak atzera egiten du; bai, autokritikarako unea da. Yamanik bere azalpena garatzen jarraitzen du esku artean duen ardura politikoaren jabe ziurrenik, guri formakuntza saioa ematen ari zaigu, hau ez da elkarrrizketa soila.
?Oraintxe bertan, Europan, ezkerreko mugimenduak oso une ahulean zaudete; ultraeskuina indar handia lortzen ari da, eta horren arrazoietako bat da jendartean haserre handia dagoela kapitalismoak izandako garapenagatik eta ezarri dituen mugapenengatik. Urte asko eman dituzue ongizatearen ameskerian, agerian geratu dira klase banaketak.?


?Ez dira gu modu horretara asimilatzen saiatu, gu zuzenean zapaldu gaituzte? dio irribarrez, goxo, herri palestinarraren borroka memoria historikoa gogoan.


?Arazoa da, jendartearen haserrea modu eraikitzailean bideratu ahal izateko, ezkerreko erreferentzia iraultzaileak ez badaude, erreakzioak bereganatzen duela espazio hori. Eta uste dut Europan hori gertatu dela, zuen kontinentean ultraeskuina hartzen ari den indarra ikustea besterik ez dago.?


Txikitu gaitu, parekatu, berdindu...ez gaude ohituta guri buruzko analisiak entzutera, nondik eta guretzat etengabeko aztergai den Ekialde Hurbiletik. Lezio bikaina ematen ari zaigu, gure baitan iltzatuta geratuko den ahaztezinezko ahots kritikoa; jarraituko dugu Ekialde Hurbila aztertzen, jarraituko dugu herrien askapen prozesuen inguruan ikasten, baina ez da izango orain arteko ikuspegi berberarekin. Halakoetan ulertu eta barneratzen da Askapenaren leloa esaten duenean, berea, joan eta etorriko elkartasun politiko internazionalista dela.


?Palestinaren alde borrokatzea, Euskal Herriaren alde borrokatzea da; eta alderantziz, Euskal Herriaren alde borrokatzea, Palestinaren alde borrokatzea da. Batera gaude borroka honetan, horregatik garatu behar duzue elkartasun politikoa eta diskurtso humanitarioei ez hainbesteko tartea utzi?.


?Une honetantxe Sirian gatazka latza dago inperialismoaren kontra, Iran ere erresistentzia erakusten ari da AEBetako base militarrez inguratuta egon arren, Libanon sionismoak porrot handia jaso zuen, ikusten al duzue hiru herri hauek osatzen duten erresistentzia eremua; are gehiago, Yemenen ere Saudi Arabiaren zapalkuntza nahiei oso modu duinean ari zaizkie aurre egiten. Europan prest egon behar duzue datozen garaietarako, badira herri mugimendutik datozen saiakera oso txukunak, hor sakondu behar duzue, saretu, antolatu.? Jaso dugu mezua Yamani burkidea!


Ulertzekoa da, halako formakuntza jaso ondoren, gure buruak, gogoak eta kontzientziak bor-bor izatea. Orduantxe azaldu da Tarek bere irribarre xumearekin ?goazen futbol zelaira, haurrekin entrenatzera noa eta Herbehereetako jendea dator haiek ikustera.?


Ez dugu oso ondo ulertzen zer den Herbehereetako jendea datorrenaren hori; ikuskatzaileak izango ote dira haurren bat bertako talderen batetara eramateko? Ez dakigu, kontua da Tarekek, inplizituki, bidea erakutsi digula, Yamaniren hitzaldi guztiaren funtsa horretan baitago, oraintxe bertan haurrak entrenatzean, haurrei kirol ekintza eskeintzean, haurrak Baddewiko errefuxiatu eremuan palestinar moduan hazi eta heztean.


Metafora eder baten moduan ikusten dugu entrenamendua, duela hamarkada batzuk munduko mugimendu iraultzaileentzat formakuntza politiko eta militarrerako  balio izan zuen toki berean, orain futbol zelai bihurtua.


Dena den, zerbait arraroa nabari dugu, haurrak bi taldetan daude banatuta, batzuek futbol taldearen ekipazio ofiziala jantzita daude zelaiaren alde batetan entrenatzen, eta besteak etxeko kirol jantziekin daude beste aldean entrenatzen. Bazter batetan eserita gaudela, ez da denbora asko pasatzen banaketaren zergatia ulertzen dugun arte...

Zelairako sarrera hesia ireki eta hara non agertzen den gure txokotik bertatik usain daitezkeen lurrin garestiz blaitutako hirukotea. Ia ia lurretik begirada altxa gabe hortz artean esaten dugu brigada kideok batera ?iritsi dira Herbehereetakoak?.


Ezin dugu sinetsi ikusten ari garena. Uniformatutako haurren taldera doaz zuzenean eta segituan antzematen dugu taldeko kide bakoitzaren rola: produkzio eta zuzendari lanetan dabilena, argazkilaria eta iragan latza duen egungo izar arrakastatsua. Poseak, argazkien errepasoa ea ondo geratu diren, futbol zelaiean dauden guztiekiko jarrera paternalista (guregana ez da gerturatu ere egiten taldea, baliteke gure aurpegiek hori ideia txarra dela ondorioztaraztea)...20 minutu haien GKEko aldizkarirako lanean aritu eta gero, datozen bezela badoaz; opari moduan gosari poltsatxoa uzten dute.


Burura datorkigu Abu Mujaheden esana Shatilako eremuan ?GKEen lana, Palestinako askatasuna ez badu oinarri, ez du ezertarako balio?. Konfiantza osoa dugu, Tarek eta lagunek jakingo dutela, paternalismoz eta nagusitasun harroputzez jositako gertakari horretatik, etekina ateratzen.


Iritsi da Shatilara itzultzeko ordua, eta furgonetan etengabeko hausnarketek dute tartea. Izerditan blai, Libanoko trafikoaren kaos kutsatzaile horretan, gure erreflexio gune askea eraiki dugu. Libano, talka etengabeko eta historiko baten erdian kokatzen den lurraldea da, batetik inperialismoak, erlijioaren erabilera politikoa eginez, hainbat sarrera saiakera egin ditu; Israelen edo Entitate Sionistaren presentzia mehatxagarriak mugan testuinguru politikoa baldintzatzen du, kanpo eragile mordoak bertan eragite eremua kokatu dutelarik; irakurketa honetan Hezbollahek duen paperari ezin zaio muzin egin, hura izan baitzen IDFren (Israeli Defense Forces) porrot handienetako baten erantzule (bai, sionismoak porrot politiko eta militarrak jasan ditu, ez da garaitezina); Palestinaren berreskurapen eta askatasuna gakoetako bat da inperialismoa deusezteko...


Shatilara, etxera, garamatzan furgoneta baino abaila handiagoan doaz gure buruak. Halako batetan, brigadakide batek esaten du ?PFLPk eta Yihad Islamikoak batasun nazionalerako dei bateratua egin diete palestinar erresistentziako beste eragileei?.


Bazenekiten zertan zenbiltzaten Yamani eta Tarek. Milesker.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.