Latinoamerikako masa mugimendu handienetakoa da MST, haren bidez Brasil osoko 450.000 familiek -1.500.000 pertsona inguru- lortu dute lurrerako sarbidea. MST-ren siglek Movimento dos Trabalhadores Rurais Sem Terra izena dute atzetik, eta izenak dion bezala, landa eremuan “lurrik gabeko” nekazal-langileak -egun, 4 milioi inguru- antolatzen ditu Landa Erreforma Herrikoia (Reforma Agrária Popular, portugesez) helburu. Izan ere, lurraren auzia funtsezkoa da Brasilen oraindik ere, kolonizazio portugaldarraren garaietatik datorrena. Baina nondik sortu da MST? Zer aldarrikatzeko sortu zen? Zer da gaur egun proposatzen duena?
MST-ren sorrera
Esan bezala, lurraren borrokaren ibilbidea luzea izan da Brasilen. Kolonizazio europarrak Brasilgo lurrak koroaren gertukoen jauntxo gutxi batzuen artean banatu zituen eta ekoizpen modu kapitalistak ez zuen egoera horretan aldaketa nabaririk ekarri. Europa mendebaldeko herrialde batzuetan ez bezala, Brasilen ez zen landa-erreforma kapitalistarik eman eta lurren gehiengoa oligarkia baten esku geratu zen, egun ere, nekazal jabeen %1ak herrialdeko lurren erdiaren jabetza du. Egoera bidegabe honek milioika nekazal langile -Sem Terra bezala ezagunak direnak- utzi ditu lurra lantzeko aukerarik gabe eta honek hamarkada luzez dirauen lurraren aldeko borroka ekarri du. Egoera honek eraginda, 1984an jaiotzen da MST, diktadura militarraren (1964-1985) azken urteetako klase-borrokaren hauspotze orokortuaren testuinguruan, Sem Terra nekazarien borroka herrialde mailan egituratu eta landa-erreformaren aldeko borroka indartzeko asmoz.
MST-ren aldarriak
Mugimendu honek elkarlotutako hiru helburu nagusiren alde borrokatzen du: lurra, landa-erreforma eta gizarte eraldaketa.
- Lurraren aldeko borroka zentzu sindikal/ekonomikoa du, Sem Terrek bizirauteko beharrezkoa duten lurra eskuratu dezaten.
- Bigarrenik, landa-erreformaren aldeko borrokaren helburu zabala dugu, arlo sindikalaz harago, lurra landu nahi duten nekazari guztiei bermatzeaz gain agronegozioak osatzen duen ekoizpen eredua ordezkatu nahi duena, eta noski, honek hirugarren helburuarekin harremana du.
- Izan ere, MSTk argi du Landa Erreforma Herrikoia zapalkuntzarik gabeko gizarte proiektu baten aldeko borrokaren parte dela. Hala, egitura politiko, ekonomiko eta soziala irauliko duen proiektu politiko bat eraikitzearen aldeko apostua egiten du: sozialismoa eraikitzearen aldeko apustua.
Borroka moldeak
Helburu hauek lortzeko mugimenduko Sem Terrek borroka molde ezberdinak erabiltzen dituzte lurrerako sarbidea lortzeko: eraikin publikoen okupazioak, martxa jendetsuak, errepide mozketak… baina borroka forma nagusia lurren okupazioa da. Lurrik gabeko nekazariak bildu eta erabili gabeko edo azpierabilitako lurretan -lur-jabetza guztien %44amasa okupazioak egiten dituzte eta nekazal ekoizpena antolatzen dute. Borroka luzeen bidez akanpaleku hauek erregularizatzen saiatzen dira -izan ere, konstituzio brasildarrak lurrek funtzio soziala bete behar dutela aitortzen du, eta, beraz, azpierabilitako lurrak espropiatu ditzake Estatuak. Erregularizatuta, kanpaleku hauek establimendu izatera pasatzen dira, eta egun 450.000 familia bizi dira hauetan.
MST-ren oinarriak
MST-ren borrokak oinarri batzuk ditu, haien artean daude: alderdi politiko, gobernu, eliza edota beste instituzioekiko autonomia mantentzea edota antolakundearen parte diren kide guztien partehartzea sustatzea -genero edota arraza edozein dela ere- karguen aukeraketa demokratiko eta txandakakoaren bitartez.
Baina gaurkoan hauetako bi printzipiotan sakonduko dugu bereziki: internazionalismoa eta formazioaren garrantzian.
Internazionalismoa MST-n
Mugimenduko arlo internazionalean ibilitako kide batek esan bezala, MST bera Brasildik kanpoko ekarpen teoriko (Marx, Engels edota Lenin bezalako pentsalarienak) zein esperientza praktikoetatik (bereziki Kubako eta Nikaraguako iraultzak eta Latinoamerika osoko prozesu iraultzaileetatik) edateak munduko gainontzeko herriekin zorra sortzen die. Baina internazionalismoa ez da antolakunde bezala duten “zor” horrengatik bakarrik aldarrikatzen, estrategia politiko gisa ere ikusten dute:“kapitalismoa, sistema mundiala den aldetik, planeta osoa ezartzen du borrokaleku gisa, eta, beraz, erresistentzia ere globala izan behar da” 1 .
Horrela, MST-k nazioarteko antolakuntza espazioak sortzeari garrantzi handia eman dio. Izan nekazaritza arloko herrialde ezberdinak biltzen dituen Vía Campesina sorreran parte hartuz edota munduko bost kontinentetako antolakunde ezberdinak batzen dituen Asamblea Internacional de los Pueblos (AIP) bultzatzen. AIPk antolakunde ezberdin hauen arteko batasun ideologiko-estrategikoa bilatzen du hauen arteko eztabaidak sustatuz, baina antolakunde guztietarako taktikak dekretatzeko asmorik gabe. Dena dela, erronka nagusienetakoa dute ekimen konkretu bateratuak egiteko baldintzak sortzea.
Izan ere, MST-k ez du internazionalismoa eztabaida eta bilera hutsetara mugatzen, praktikoki ere gauzatzen du. Brigadako kideok honen testigu izan gara, era xumean bada ere, Kubako Iraultzarako inflexio puntu izan zen uztailaren 26ko altxamendua gogorarazteko São Pauloko ekitaldian egon garenean. Mugimenduak bere eguneko borrokan internazionalismoa txertatzen du: ekitaldietaz harago kide guztiak funtzio internazionalistak betetzen dituzte, izan elkartruke politikoen bitartez edo izan brigaden bitartez. MST-ren brigadak, beste herrialderen bateko antolakunderen batek hala eskatuta, 2 urterako joaten dira gutxienez lan zehatzak eginez: formakuntza politikoak eman, teknika agroekologikoak irakatsi, landa eremura egokitutako heziketa prozesuak sortuz... Eta ez dira gutxi, brigadistak herrialde askotan dituzte, hala nola, Venezuelan, Kuban, Txinan, Mozanbiken, Palestinan edota Haitin.
Formakutzaren garrantzia
Esan bezala, bere oinarri nagusienetako bat formakuntza da ere bada. Izan ere, nahiz eta praktika izan irakaspen prozesu nagusia, errealitatea aldatzeko hau bere sakontasunean ezagutu beharra dago, eta honetarako formakuntza ezinbestekotzat du MST-k. Establimendu bakoitzeko nukleo bakoitzean hezkuntza eta formakuntza arduradunak daude.
Arlo honi ematen dioten garrantziaren testigu ere izan gara aurten brigadan etorritakook. Izan ere, brigadako lehen 4 egunak MST-ren formakuntza politikorako zentru nagusia den Escola Nacional Florestan Fernandesen (ENFF) ikasten pasa ditugu. 2005. urtean MST-ko 1.000 kide baino gehiagorengatik eraikia, ENFF langile klasearen formakuntza politikorako erreferentzia bat da eta Brasil, Latinoamerika eta mundu osoko antolakundeetako 4.000-7.000 militante inguru pasatzen dira hemendik urtero. Bertan mundu osoko irakasle eta intelektual bolondresek ematen dituzte formakuntzak, marxismoa, agroekologia eta herri-hezkuntza bezalako gaiak landuz. Eskolako mantenimendua ikasleek beraiek egiten dute kontzientzia politikoaren hazkundea sustatzeko. Antolakunde ezberdinetako kideek bertan bat egitea ere hauen arteko hartu-emanak errazten ditu.
Egungo lurraren aldeko borroka: Landa Erreforma Herrikoia
2014ko kongresuaren ondoren MST-k bere proposamen politikoa berritu zuen. Iada ez dute edozein landa-erreforma alde egiten, egun Landa Erreforma Herrikoia da aldarrikatzen dute.
Izan ere, azken hamarkadetan kapitalismoak landa-eremuan hartu duen forman aldaketa nagusi bat eman da; latifundio tradizionalak agronegozioan bilakatzeko joera izan du, latifundisten eta finantza-kapitalen integrazioaren bidez. Baita komunikabide eta Estatu burgesaren babesarekin ere. Honela, landa jabetza inproduktibo zabalak nazioarteko finantza kapitalaren inbertsio handiak jaso dituzte, eta, hala, enpresa transnazionalek landa-ekoizpenaren kontrola bereganatu dute, produkziotik komertzializaziora. Horrek, halaber, monolaborantza sustatu du, landa-produktuak espekulaziorako commoditiak bilakatuz.
Egoera honetan, MST-k honako balorazioa egin zuen: landa eremuan finantza-kapital transnazionalaren sarrerak, landa-erreforma kapitalista klasikoa ezindu du, eta beraz landa-erreforma izaera herrikoiekoa izan beharra du. Lurra banatzeaz gain herri osoarentzako jaki osasuntsuak bermatzeko ekoizpen eredua aldatzea beharrezkoa dela ulertzen da eta honek hiri eremuko langileekin harremanak estutzearen beharra mahaigaineratu du. Landa-erreforma herri osoaren borroka bezala ulertzen da, ez soilik nekazariena.
Hala izanik, azken urteetan, bere berezko jardunetan jarraitzeaz gain, hiriko langile klasearekin harremanak estutu eta hauek antolatzeko eginbeharretan indarrak jartzen ari ditu MST-k. Horren adibide da Mãos Solidarias (Elkartasun Eskuak) sarea. COVID garaian sortua, sukalde solidarioak batu eta hirietako sektore behartsuenei jaki osasuntsuak bermatzearekin batera, hauek antolatu eta borrokara batzeko ahaleginetan ari den.
Mundu mailan gutxi dira MST-k duen indarra duten mugimendu iraultzaileak. Brasilen bolsonarismoaren forma hartu du nazioarteko ofentsiba inperialistak eta honen aurreran erresistitu eta hau borrokatzeko gaitasuna erakutsi dute Sem Terrek. Inperialismoaren aurka borrokan gabiltzan herriok asko daukagu mugimendu honetatik ikasteko. Baina, nola antolatzen da masa izaera duen mugimendu hau? Nola bermatzen du bere kideak prozesu politikoaren parte izatea? Honen ingurukoa izango da hurrengo egunetan kaleratuko dugun bigarren kronika.
_______________________
1 Instituto Tricontinental de Investigación Social (2024ko aprila)