2025-11-23 19:16

Azaroaren 25ean, 50 urte igaro dira Kondor Plana martxan jarri zutenetik Argentinako, Boliviako, Txileko, Paraguaiko eta Uruguaiko militarrek, Hegoamerikako beste estatu batzuek ere parte hartu bazuten ere.
Kondor Plana estrategia koordinatu bat izan zen, Estatu terrorismoaren bidez, Estatu horietako ezkerreko sektoreak guztiz suntsitzen saiatzeko, militanteak eta aldekoak erailez, bahituz, torturatuz, desagerraraziz eta kartzelaratuz. 50.000 inguru erail zituzten, 30 bat milak desagertuta jarraitzen dute, eta 400 bat milak kartzelaratu zituzten. Eta beste milaka pertsonak beste Estatu batzuetara ihes egitea lortu zuten. Ikaragarrizko bortizkeriaz, ezkertiarren belaunaldi oso bat ezabatzen saiatu ziren: alderdi, erakunde eta sindikatuetako milaka eta milaka militante eta jarraitzaile. Sarraskia Kondor Plana garatu zen herrialdeetako oligarkien mesedetara gauzatu zen, baina Ameriketako Estatu Batuen inperialismoaren estrategian zegoen kokatuta. Hain zuzen, Gerra Hotzaren garaian Abya Yala bor-bor zegoen, askotariko erakunde ezkertiarrak zeuden nonahi. Mugimendu matxinoak ugaltzen ari ziren herri askotan, beste bideetatik boterea eskuratzeko aukera ukatua baitzuten.
Kondor Planaren estrategia ankerra AEBk bultzatu zuen, eta koordinazioa, informazioa nahiz laguntza militarra eman zien junta militarrei. Areago, militar asko tortura praktiketan ere trebatu zituzten, Ameriketako Eskola deritzon terroregune hartan. Eta nola ez, operazio horretan, CIAren protagonismoa gakoa izan zen.
Komunismoaren infiltrazioa izan zen garai hartan hilketa sistematikorako aitzakia, komunistak deshumanizatzeko kanpaina zabalean kokatuta. Estatuaren sektore askoren pribatizazioa eta langileen diziplinatzea kolpe erraldoiak izan ziren herri proiektu askatzaileetarako. Nolanahi ere, inperialismoak ez zuen lortu guztiz herriak menderatzea; izan ere, geroago, herrien erresistentziek neoliberalismoaren hedapena oztopatzea lortu zuten neurri handi batean, baita eredu alternatiboak martxan jartzen saiatu ere.
Inperialismoaren esku hartze odoltsua ez da eten azken bost hamarkada hauetan: gerra zikina hainbat Estatutan, Nikaraguako Kontra, paramilitarismoa eta Kolonbia Plana, interbentzio militarrak Panaman, Granadan edota Haitin, Kubaren kontrako erasoak eta blokeoa… Baita azken bi hamarkadatako gobernu aurrerakoien kontrako Estatu kolpe “arinak” eta hautagai aurrerakoiak hauteskundeetatik kanpo uzteko azpijokoak, enbaxada yankien itzalpean: Uruguain Lugo, Hondurasen Celaya, Venezuelan Chavez, Brasilen Rousseff eta Lula, Ekuadorren Correa, Bolivian Evo, Perun Castillo… Zerrenda luzea da, eta gaur egun oraindik ere jarraitu egiten dute gobernuak ezegonkortzeko planek.

Kondor Plana momentu historiko baterako estrategia izan zen, baina inperialismoak eutsi egiten dio eredu alternatibo ororen aurka eraso egiteari. Aspalditik dago bizi-bizi “gerra hibridoa”; etorkizuna beren eskuekin eraiki nahi duten herrien kontra darabilten gerra forma, garaiotan elementu eta teknologia berriekin osatuta. Hain zuzen ere, gerra kognitiboak, sare sozialen borroka eremuan bereziki, gero eta paper handiagoa du horretan guztian.
Duela bi mende teorizatutako Monroe Doktrinak bizirik dirau. Azpikontinentea guztiz menpean hartu nahi dute, bere lan eskua eta, bereziki, bere baliabide naturalak eskuratzeko. Inperialismo yankia, progresiboki, galtzen ari da bere mundu nagusitasuna, eta egoera horren aurrean ezinbestekoa du, betidanik egin izan duen bezala, bere atzeko patiotzat duen eremua kontrolpean izatea, Txina eta beste potentzia batzuen kontrako lehian.
Atzo komunismoa hedatzearen aurkako gerra izan zen, gero insurjentzien eta terrorismoaren kontrako gerra, eta gaur narkotrafikoa da aitzakia prozesu eraldatzaileen kontra jotzeko eta gobernu ezkertiarrak indarrez kentzeko. Venezuelako Errepublika bolibartarraren kontrako interbentzio militar zuzena prestatzen ari da Trump administrazioa. Karibean pilatutako indar militarren dimentsioa handiegia da, propagandarako mugimendu soila izateko. Hogei itsasontzi baino gehiago suntsitu eta 80 pertsona baino gehiago erail izana (beren identitatea eta itsasontzien karga zein ziren ez dira ezagutarazi), Corina Machado ultraeskuindar eta Venezuelako inbasioaren bultzatzaileari Bakearen Nobel saria eman izana, Venezuelako gobernuari zilegitasuna kentzeko kanpaina, eta Nicolás Maduro eta beste kide batzuk narkotrafiko taldeen buruzagiak izatearen akusazioa, besteak beste, eraso militar zabal baten atarikoak izan daitezke. Chavismoaren kontra askotariko saiakeren bitartez 20 urtetan lortu ez dutena oldar militarraren bidez lor dezaketela uste dute. Era berean, Venezuelako prozesuaren kontrako erasoaldia inperialismoa zonaldean zabaltzeko oztopo diren beste erresistentzien (Kuba eta Nikaragua) kontrako erasoekin erlazionatuta dago.
Abya Yalako herrien kontra areagotzen ari den ofentsibaren mehatxuak aurrean izango du herrien erresistentzia. Lurralde horietako burkideek ondo dakite inperialismoaren aurrean ezinbesteko elementuak direla herri langilearen batasuna, prozesu eraldatzailea sakontzea eta defentsarako prestatzea.
Euskal Herritik ere mezu internazionalista helarazten diegu inperialismoaren aurrean beren proiektu propioak eraikitzen jarraitzen duten herri borrokalariei. Era berean, inperialismo yankia justifikatzen duten Euskal Herriko eragileak salatu behar ditugu, gerra mediatiko eta kognitibo horretan Ameriketako Estatu Batuak askatasuna eta demokraziaren eredutzat irudikatzen baitigute, proiektu herrikoi eta iraultzaileen kontra bere mezu pozoitsua zabaltzen duten aldi berean.
Gaur ere, berrogeita hamar urte beranduago, Kondor Planak sarraskitutako borrokalari horiei guztiei egin diezaiekegun omenaldirik onena da herri langileon askatasunaren eta beste eredu baten alde borrokatzen jarraitzea. Eta horretarako, ezinbestean, inperialismo yankia suntsitzeko borroka egin behar da.
Inperialismoa suntsitu!
Inperialismoari, herriok borroka!
¡No pasarán!
 

Euskal Herriko erakunde internazionalista