Aspaldi aldatu genion izena bai frankistek inposaturiko Arrazaren Egunari, bai gerora frankismoaren oinordekoek ezarritako Hispanitate egunari. Urriaren 12a jatorrizko herrien erresistentzia eguna dugu.
Espainolismoak kontinente amerikarreko jatorrizko herrien inbasioa eta kolonizazioa ospatzen jarraitzen du, eta oraindik ere herriak zapaltzen jarraitzen du. Hispanitateak herri asko fisikoki desagerrarazi zituen, eta kultura, erlijio nahiz pentsamendu bakarra inposatu zuen. Historiako genozidiorik handiena izan da, zalantzarik gabe, mendeetan zehar luzatutako sarraskia. Ezin ahaztu, baina, kolonialismo espainolak ozeanoz bestalde hura egiten ziharduen bitartean ere Euskal Herrian eta bere okupaziopeko beste herrien zapalkuntza beharrezkoa zitzaiola inperioaren eraikuntza eta mantentzerako. Han eta hemen, bertoko antolaketa soziala eta politikoa suntsitu zituzten, eta inperio espainolaren mesederako menpeko harreman ekonomikoak ezarri zituzten. Herriak guztiz menderatzeko, erabat zanpatu zituzten identitate, kultura eta hizkuntzak. Alabaina, eragindako sufrimendua eta suntsipena erraldoia izan bada ere, ez dute lortu amesten zuten azpirazio guztizkoa. Izan ere, gure herriaren askatasun sozial eta nazionala lortzeko, baita gainerako askapen prozesuekin artikulatuta inperialismoari aurre egiteko ere borrokan dihardugu, zutik.
Bost mende baino gehiago igaro dira, baina burgesiek herria zukutzen jarraitzen dute. Gure baliabide naturalak, lan indarra, garunak...kontrolpean izan nahi dituzte estatu kapitalistek, irabazi tasaren eta hegemoniaren galera progresiboari aurre egiteko. Horren guztiaren aurrean, erresistitzen dugun herri langileok oztopo izaten jarraitzen dugu, inperialismo atlantista mantentzeko eta garatzeko oztopo gara. Klase eta zapalkuntzarik gabeko eredu batean oinarritutako etorkizun librea eraiki nahi dugun herri langileok faxismoaren etsai gara.
Kolonizatzaile espainiarrak kanporatu ostean, inperialismo yankiak kontinentean ezarritako Monroe Doktrinak indarrean dirau. “Atzeko patioa” guztiz menderatu nahian dabil, bere mundu nagusitasuna mantentzeko saiakeran. Zonalde osoaren baliabide naturalak ustiatzea konstante bat izan da XIX. mendetik. La Patria Granden, nagusiki, Venezuelako Errepublika Bolibartarra da inperialismoaren jomuga nagusi, egun. Nolanahi ere, prozesu bolibartarra mundu mailan subiranotasunaren eta herri boterearen eredu da. Hain zuzen ere horregatik dago setiopean eta erasopean. 25 urteren ostean oraindik ere gobernu bolibartarrak gobernuan dirau, baita prozesu herrikoi eraldatzaileak ere. Eraso modalitate guztiek porrot egin dutela ikusirik, interbentzio militar zuzen baten atarikoak izan daitezke Karibe itsasoan barreiatutako gerraontzi eta tropa yankiak. Baina venezuelar herriak badu izugarrizko erresistentzia ondarea: kolonialismoaren aurkako jatorrizko herrien erresistentzia, afrikarren esklabotasunaren kontrako errebeldia, Bolivar eta beste hainbeste borrokalariren legatu askatzailea, Chavezen proiektu iraultzailea eta mugimendu komunalaren borroka. Herri bat, bere lurra defendatzeko antolatuta eta armatuta.
Gurera ekarrita, Euskal Herriak ere jarraitzen du faxismoaren jomuga izaten. Historian zehar jasandako etengabeko zapalketak ere gaur egun ez du etenik: herri izaeraren eta autodeterminazio eskubidearen ukazioa, inposatutako Euskal Herriaren zatiketa, euskararen kontrako oldarraldi judiziala, lurraren defentsan ari direnen kriminalizazioa, militantzia politiko iraultzailearen aurkako errepresioa, lan-esplotazioa, langile erailak, hamaika etxegabetze, emakumeen aurkako indarkeria... Finean, Euskal Herri Langilea desaktibatu eta alekzionatzeko neurri zerrenda mugagabeak indarrean dirau.
Estatu espainiar eta frantsesak, Europar Batasunak eta NATOk, menpeko nahi gaituzte, eta zentzu horretan, Euskal Herriaren izaera eta askapen nazional eta sozialerako borrokaren existentzia arazo bat izan da eta da. Horregatik, asimilatu ezin izan gaituztelako, espainiarrak sentiaraztea lortu ez dutelako, falangistak Gasteizera etorriko dira urriaren 12an. Herri moduan era sistematikoan pairatzen dugun zapalkuntzari gehitu behar diogu faxisten bisita hori, indar errepresiboek babestuta, inpunitate osoz beren mezu españolista, arrazista, matxista eta probokatzailea zabaltzera.
Guk, munduko herri langileok, aurre egingo diegu inperialistei eta faxistei. Egun horretan, Bilbon, inperialismo yankiaren interbentzionismoa salatu eta herri venezolarraren proiektu bolibartar eraldatzaileari gure elkartasuna adieraziko diogu, “Resistencia de los pueblos. Herri libre eta burujabeak” lelopean, kalejira baten bitartez. Gasteizen, berriz, falangisten probokazioaren aurrean deitutako mobilizazioetan, faxismo espainiarrari alde hemendik oihukatuko diogu.
Atzo eta gaur, Bilbon zein Gasteizen, Euskal Herrian eta munduko txoko guztietan... inperialismoa borrokatu! Faxismoa suntsitu!