2025-12-01 14:00

Venezuelaren aurkako erasoa ez da berria; gertatutakoa aspalditik jasaten ari diren ofentsibaren areagotzea baino ez da. Hugo Chavez presidente bihurtu zenetik etengabeak izan dira jasotako erasoak. Ideal bolivartarrean oinarrituta, Chavezek martxan jarritako prozesuak aurrerapen erraldoia ekarri zion herri venezuelarrari. Historikoki zapaldutako herri-sektore zabalei zerbitzu publikoak eta eskubide berriak ekarri zizkien, baita beste elementu ez hain objektibo baina ezinbestekoak ere: duintasuna, parte-hartzea, herriaren protagonismoa edota botere-eremuak lortzea. Eredu komunala teorizatzea, lege bihurtzea eta Venezuela osoan zehar egunerokoan errealitate bihurtzea elementu gakoak izan dira herri boterea egikaritze bidean. Venezuelako prozesu bolivartarrak Latinoamerika eta Karibeko integrazioari bultzada kementsua eman zion, gainera. Aberri Handia (La Patria Grande) eraikitzea jomuga izanda, zonalderako proiektu ekonomiko, komunikatibo eta politikoak abian jarri ziren, inperialismoarekiko menpekotasunarekin apurtzeko eta zonaldeko herrien arteko lankidetza bultzatzeko.
Historikoki kolonizatuak eta zanpatuak izan diren herriak etorkizun burujaberako artikulatzen saiatzeagatik, herri venezuelarraren esplotazioaz aberasten zen bertoko oligarkiaren botereari aurre egiteagatik, munduko beste herrietarako eredu askatzaile bat izateagatik eta Venezuelako petrolioa eta baliabide naturalak garapen propiorako kudeatu nahi izateagatik, chavismoak mota guztietako erasoak pairatu ditu. Bi hamarkadetan zehar prozesu bolivartarra suntsitzeko saiakerak zenbatezinak dira: Estatu kolpea, presidenteen hilketa saiakerak, kanpotik elikatutako indar armatuen barruko militarren matxinada-saiakerak, talde paramilitarrak Venezuelan sartzea, azpiegituren kontrako sabotajeak, guarimbak eta indarkeria kaleetan, migrazioa era interesatuan bultzatzea, gerra finantzarioa, pertsonen eta enpresen kontrako zigorrak, herriterrei zuzendutako gerra psikologiko/kognitiboa edota kapitalaren zerbitzupeko desinformazio-medioetatik garatutako gerra mediatikoa (gobernu, erakunde zein GKE batzuek ere oihartzuna emanda).
Hala ere, inperialismoak ez du lortu bere helburua. Azken hauteskundeetan chavismoa garaile aterata, Venezuelako eskuina gero eta ahulago egonda eta eragiteko gaitasuna gero eta mugatuagoa izanda, alboko Estatuekin harremanak onera ekarrita eta Venezuelako ekonomia gradualki hobetuta, eraso-kategoria berri batera eraman nahi dute chavismoaren kontrako ofentsiba.
Inperialismo yankia mundu-nagusitasuna galtzen ari da, eta ezinbestekoa du bere “atzeko patio”-aren kontrola erabat berreskuratzea, Txinarekin mantentzen duen lehia horretan. Abya Yala – Latinoamerikako baliabide naturalak (petrolioa, gasa, litioa, urrea, “lur arraroak”, aniztasun biologikoa…) kontrolpean izan behar ditu. Sortu zenetik bi mendeetara, Monroe Doktrinaren “Amerika Amerikarrentzat” leloak indarrean jarraitzen du, eta Venezuelatik harago doa. Izan ere, Venezuelaren aurka militarki aritzea, zonaldeko berrantolaketa orokor baten hasiera izan daiteke, non Kuba eta Nikaragua hurrengo jomugak izan daitezkeen. Garai honetan Kolonbia eta Mexiko jasotzen ari diren mehatxuek erakusten dute, beste behin ere, inperialismoaren atzaparrek Bravo ibaitik hegoalderantz dagoen eremu osoa menpe hartzea dutela helburu, otzanak ez diren gobernuak eta antolatutako herri langileak jomugan.
Esku-sartze militarra justifikatzeko aitzakiak ez dira berriak, ezta batere originalak ere. Gobernu diktatorial bat erorarazi behar dela diote zenbaitek herri venezuelarrari demokrazia ekartzeko, mozorro altruista batekin. Hor kokatu behar dugu Corina Machado ultraeskuindar eta aberri-saltzaileari Bake nobel saria ematea, Maduroren gobernuari zilegitasuna kentzeko saiakera horretan. Bestalde, narkotrafikoaren kontrako borroka argudiatzen dute: Maduroren gobernuari AEBetara heltzen den drogaren erantzule izatea leporatzen diote, eta, horregatik, segurtasunerako berebiziko arrisku moduan irudikatzen dute. Probarik eta euskarririk gabeko asmakizuna, baina hedabide masiboetatik zabaldutako propaganda egi bihur daiteke askorentzat, Goebbels naziak ondo erakutsi zuen moduan.
Atzo bezala, Venezuelako herriak tinko eutsiko die eraso inperialistei, bere subiranotasuna, bere proiektu eraldatzailea eta bere duintasuna defendatzeko. Venezuelako sektore kontzienteenak antolatuta eta prest daude herri osoko gerrari ekiteko inbaditzaileen kontra. Prozesu komunalaren urteetako garapenak bere fruituak ematen dihardu, datorrenari aurre egiteko prest dagoen herri langile antolatua elikatuz. Venezuela bolivartarrak badaki ez dagoela bakarrik borroka honetan. Munduko hainbat eta hainbat herri eta mugimendu gaude lerrokatuta eredu askatzaile propioa eraikitzeko herri venezuelarrak garatzen duen borrokarekin.
Euskal Herritik ere gure elkartasun osoa helarazi nahi diogu herri ausart horri, ¡Comuna o nada! aldarrikatzen duen herriari. Baina euskal internazionalistok, ezinbestez, elkartasun mezu horri gehitu behar diogu inperialismo yankiari estaldura ematen dietenen salaketa. Inposatu diguten Europar Batasuna gerrazalea prozesu bolivartarraren etsai amorratua da eta inperialismo yankiarekin lerrokatzen da, Etxe zurian dagoen presidenteaz harago. Era berean, salatu behar ditugu Euskal Herrian bertan Venezuelako prozesua desitxuratzen duten alderdi, hedabide eta eragileak. Beren mezu pozoitsuaren bidez prozesu bolivatarraren aurrerapenak ezkutatzen saiatzen dira, baita herri venezuelarri inposatutako setio-egoerak sortutako ondorioak testuingurutik atera eta handiesten saiatu ere, deskonposizioan eta autoritarismoan itotako Estatu baten irudia zabaldu nahian. Venezuelaren aurkako erasoak eta esku-hartze militarra justifikatzen dute hemengo burgesiak eta bere lekaioek, nahiz eta giza eskubideen aldeko mezu humanitaristekin mozorrotzen saiatu. Era beran, bi mendez herriak odolusten jarraitzen duten AEBak demokrazia eta askatasunaren eredutzat aurkezten dizkigute, Trumpez harago. Bakezalekeria abstraktuaz betetzen dute ahoa casus bellia eraikitzen ari diren bitartean.
Sionistekin harremanak dituzten euskal enpresekin bezala, enpresa eta politikari asko harro daude AEBekin dituzten harreman komertzialez. Azken adibidea Aperribai familiaren SAPA enpresan daukagu, AEBetako Ejerzitoaren Abrams tanke berriaren transmisio sistema ekoizteko iragarpenarekin. Euskal ekonomiarako berri positibotzat saltzen digute herriak zapaltzen jarraitzen duen inperialismo yankiarekin kolaborazioa. Munduko beste herrien zapalketa hemen ere hasten da. Beste herriak, Venezuela barne, erasotzen dituen inperialismoa Euskal Herritik ere elikatzen da. Horregatik, ezinbestekoa dugu beste herriekiko solidarioa den Euskal Herria internazionalista eraikitzea. Momentu honetan, Venezuelako prozesu bolivartarraren defentsan atera behar dugu, baita inperialismoa eta bere laguntzaileak salatu ere, etxe ondoan ditugunetatik hasita.
Inperialismoaren aurka eta prozesu bolivartarra babesteko kalera ateratzea beharrezkoa delako, datozen egunetan deitu ditugun mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu.
Inperialismoaren aurrean, prozesu bolivartarra tinko!
¡Comuna o nada!
Gerra inperialistari, herriok borroka!

Euskal Herriko erakunde internazionalista
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.