Herri internazionalista... izan brigadista!
Beste urte batez, munduko hainbat txokotara brigadak antolatu ditugu. Izan ere, brigadak joan-etorriko elkartasun internazionalista gure herriko borroka ezberdinetan txertatzeko tresna eraginkorrenetako bat baitira.
Pasa den urtean Euskal Herri aske bat internazionalismotik eraikitzea ezinbesteko zela azpimarratu bagenuen, aurten, hori egiteko tresna brigadak direla aldarrikatu nahi dugu. Izan ere, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialean internazionalismoak duen garrantziaz jabe, borroka honetan gure ekarpena egiteko bitarteko baliagarriak ditugu brigadak. Etorkizuneko Euskal Herri internazionalista gaurtik eraikitzen hasiak gaudelako, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geure borrokak irakaspen horietatik elikatzea ezinbestekoa dugula uste dugu.
Jakitun gara gainerako herriei egin diezaekegun ekarpen iraultzailerik handiena gure herriaren askatasuna eskuratzea dugula. Eta zerumugan norabide hori dugula garatzen dugu gure praktika internazionalista: joan-etorrikoa, herritik herrira, berdintasunean oinarritua.
Aurten, baina, berrikuntza garrantzitsu batekin gatoz: udaberriko brigadak! Hain zuzen ere, Paris eta Herrialde Katalanetara egingo ditugu udaberriko brigada hauek, apirila amaieran. Estatu frantziarrean garatzen ari diren borrokak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu Parisko brigadan eta Herrialde Katalanetan aldiz, bizitzen ari diren ukazio egoera eta “proces” deituriko bide orriaren mugak ere lehen eskutik ezagutzeko aukera izango da.
Aurreko urteetan Askapenatik egindako analisiari segida emanez, aurten ere brigadak hiru eremu geografikoetan kokatuko ditugu: Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Europa.
Beraz, Euskal Herriko internazionalista guztiei dei egiten diegu, herri internazionalista eraiki bidean, brigadista izateko esperientzia bizi dezaten. Seguru gaude gure herriaren askapen zein bestelako edozein borroketan lagungarri izango diren jakintza edo irakaspenekin bueltan ekarriko dituzuela.
Gora Euskal Herria Internazionalista!
Gora brigada internazionalistak!