2024-04-16 22:06

 

Preso politikoak existitzeak berak, gatazka politiko baten existentzia adierazten du. Zapalkuntzan oinarritutako statu quo batena eta zapalkuntza horren kontra altxa den herriarena. Horrexegatik ezinbestekoa da gatazka horren erroan zentratzea preso politikoen aferari heltzeko garaian.

Palestinako preso politikoen kasuan, banaezinak dira proiektu sionistaren inposaketa eta herri palestinarraren erresistentzia borroka eta errepresaliatu politikoak; bata bestearen ondorio baita. Oinarri politikoa eztabaidatik ezabatuz, gatazka desitxuratu baino ez da egiten, zapalkuntzaren mesedetan. Izan ere, baketzea eskatzea Palestinako herriaren zapalkuntza betikotzea da; eta zerbait eskatzekotan, Israeleko Estatuaren desagertzea eskatu beharko litzateke. Baina hori inperialismoaren interesen kontrakoa da, sionismoak Palestina zapalduta behar baitu bere hegemoniari eusteko. Eta horregatik kriminalizaten ari dira etengabe Palestinarekiko elkartasun internazionalista; izan manifestazioak debekatuz, militante internazionalistak atxilotuz edo palestinar borrokarekiko babesa kriminalizatuz.

2024ko urtarrilean, Europar Batasuneko Kontseiluak “Palestinar erresistentzia” terminoaren baitan barnebiltzen diren edozein adierazpenen aurkako neurri berriak onartu zituen. Jasotzen diren neurrien artean, finantzazio iturriak moztearekin batera, hainbat salbuespen zehazten ditu oinarrizko beharrizanetara bideratutako funtsei dagokienez edo Nazio Batuek onartutako erakundeak finantzatzeari dagokionez (guztiak behar humanitarioak asetzera bideratua: GKE...). Hau erabat lotuta dago diskurtso eta politika humanitarioen gailentzearekin eta edozein gatazkaren muin politiko ezkutatu eta ezabatzearen asmoarekin.

Honek, palestinar herria subjektu pasibo gisa kokatzen du eztabaidan, Israelen gehiegikeriak jasateagatik giza laguntza behar duen biktima gisa. Ez inondik inora, bere askatasuna erdiesteko borrokan ari den herri gisa.

Askapenatik argi dugu, elkartasun internazionalistaren ardatza horixe izan behar duela: herrien askatasunerako eskubidea eta hura lortzeko beharrezko dituzten tresnen erabilera. Izan Palestinan, Donbassen, Saharan edo Euskal Herrian.

Munduko preso politikoak kalera!

Amnistia osoa!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista