2025-09-15 21:41

Aste hauetan egiaztatu ahal izan dugu MSTrentzat "agroekologia dela bidea". Agroekologiaren aldeko apustua nekazal-elikagaien ekoizpen-sistema jakin bat aukeratzetik harago doa. Agroekologiak sem terra delakoen mugimendua egituratzen du, borroka ulertzeko moduarekin konektatua dagoen neurrian.

Kolonialismoa, indigenen erresistentzia eta lurrerako sarbidea

Florestan Fernandes Eskola Nazionalean (ENFF) Brasilgo historiaren azken 500 urteetara hurbiltzeko aukera izan genuen, Cassia eta Douglasen eskutik. Lurrerako sarbidearen desberdintasuna ulertzeko, Portugalgo eta Espainiako inperioen kolonizazio-prozesura jo behar dela azaldu ziguten. Lurraldean jatorrizko hamaika herri indigena bizi ziren XV. mendean; horietako ugarienak, tupi-guaraniak. Garrantzitsua da nabarmentzea kolonizazioa hasi zenetik indigenen erresistentzia-moduak antolatu direla eta, ondoren, herri quilombolen –esklabo lanetik ihes egin zuten afrikar jatorriko komunitateen– eta nekazalgoaren borrokak batu direla.

Kolonizazioarekin batera, nekazal produktuen nazioarteko merkatua ezartzen doa. Lehenik eta behin, pau brasil egurra; tindaketarako erabiliko zena, eta bigarrenik, azukre-kanabera; honek monolaborantza, esklabo lana eta lursail handien beharra ekarri zuen. Europar dominazioarekin, Afrikatik etortzera behartutako pertsona esklaboen trafikoa hasten da.

Baina aipatu bezala, herriek kolonialismoaren aurkako erresistentzia antolatzen dute. XVII. mendean gertatu zen Palmareseko Gerra, Portugalgo agintari kolonialen eta Quilombo dos Palmares delakoaren artean, Brasilgo basoetan ezarri ziren pertsona beltz zimarroien –esklabo lanetik ihes egindakoen– komunitate bat izanik azken hau. XVIII. mendean, urrearen erauzketa areagotu zenean, guarani herriaren borroka eman zen. XIX. mendean independentziaren aldeko borroka ugaritzen joango da eta 1822an Brasilen independentzia lortu zen. Hala ere, Brasilgo independentzia-prozesua ezberdina izango da Latinoamerikako beste herri batzuekin alderatuta. Matxinadek ez zuten independentziaren aldeko gerrarik sortu, eta kolonizazioa paperean amaitzen den arren, Portugalgo errege-familiaren ondorengo zuzena den errege-familia batek gidatutako monarkia batean bihurtzen da Brasil.

1850eko "Lurren Legea" delakoarekin, lurraren jabetzaren forman aldaketa bat emango da. Lurrak Koroarenak izatetik jabetza pribatukoak izatera pasako dira. Lurra pribatizatzeko prozesu horretan, lurra lantzen ari direnek lurra erregistratu eta hau erosi behar dutela suposatzen den erregularizazioa gertatzen da. Baina lege hori ez zegoen pentsatuta lurrerako sarbidea eskuragarri egiteko, eta indigena, quilombola eta nekazari askok –dirurik eta portugesaren ezagutzarik gabe– ez zuten beharrezko izapideak egiteko aukerarik izan. Horren ondorioz, askok landa-eremutik alde egin behar izan zuten, landa-eremutik exodo handia eraginez lur-jabeekiko mendekotasunari jarraipena emanez. Txanponaren beste aldea klase menderatzaile hori izan zen, inoiz landu gabeko lurrak bereganatu zituena. Azaldu ziguten bezala, modu horretan "lurra esklabo bihurtu zen" eta ondorioak gaur egunera arte iristen dira.

XX. mendearen hasieran, kafearen prezioen erorketak kafe ekoizpena murriztuko zuen nekazal krisia ekarriko zuen eta, honek, Inportazioak Ordezteko Industrializazioa delakoa sustatzea eragin zuen.

 

Oraintsuko historia lurraren eta nekazaritzaren aldeko borrokan

1964an, Brasil 1985era arte diktadura bat bilakatuko zuen kolpe militarra jazotzen da. Garai honetan, errepideak hedatu eta nekazariak kanporaketa emango da, landa-eremuetako exodoan sakonduz.

XX. mendean gertatzen ari diren aldaketek bete-betean eragiten diote nekazalgoari. Testuinguru horretan, nekazarien antolakundeak sortzen hasi ziren, geroago MST izango denaren oinarria. “Ligas Camponesas”-ek, ULTAB (Brasilgo Laborari eta Nekazal Langileen Batasuna) eta Master (Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimendua) sortu ziren. Diktadurak erakunde horiek ahuldu zituen, eta 1962an, AEBek bultzatuta, nekazarien matxinadak baretzeko Landa-Erreforma bat proposatu zen.

Bi urte geroago –1964an–, eta Landa-erreformaren garapenaren ondorioz, "Lurraren Estatutua" ezarri zen. Estatutu horrek lurraren erabilera eta jabetza arautzen ditu, eta "lurraren funtzio soziala" ezartzen du. Aurrerago, MSTk lurraren okupazioen bidez egiten dituen aldarrien gakoa izango da. 1975ean, liberazioaren teologiaren eraginpean, CPT (Lurraren Batzorde Pastorala) sortu zen, langileen eta herrien eskubideak defendatzen dituena landa eremuan.

Aurreko kroniketan aipatu dugun bezala, 1984an MST sortu zen. Azpimarratu behar da kanpamenduen bidez antolatutako lurren okupazioari esker 450.000 familiak lortu dutela lurrerako sarbidea 40 urteko borrokan. Sem terrek lurraren alde borrokatzen dute okupazioen bidez, eta Landa Erreforma Herrikoia erabiltzen dute lurrerako sarbidea demokratizatzeko modu gisa, azken jomuga sozialismoa izanik. Erakutsi ziguten bezala, MSTrentzat sistemaren egiturazko aldaketa Landa Erreformatik igaro beharko da, auzi koloniala eta sozialismoa eraikitzeko beharragatik.

Daniel Pascual Guatemalako CUCeko (Nekazarien Batasunerako Batzordea) koordinatzaileak azaldu zuen bezala, MSTk Latinoamerikako nekazarien nazioarteko artikulazioa ere badu Via Campesinaren bitartez. Via Campesina (1993) neoliberalismoaren aurkako eta elikadura-subiranotasunaren aldeko nekazari-mugimendu global gisa sortu zen, Landa Erakundeen Latinoamerikako Koordinakundearen bidez (CLOC, 1994). Nekazarien erakundeentzako gune autonomo bat eraikitzeko beharretik sortu zen. Via Campesinak, artikulazio global gisa, CLOC ere barne hartzen du, kontinenteko antolakunde atal gisa.

Azken mende laurdenari erreparatuta, sistema kapitalistari berezkoa zaion nekazaririk gabeko nekazaritza industrializatuaren ereduan sakontzen ari dela ikusten da, nekazal ekoizpenean aldaketa handiekin. Alde batetik, nazioarteko merkatuaren berrantolaketaren ondorioz, eta bestetik, transnazionalek egiten duten ekoizpenaren kontrolaren ondorioz. Azken hamarkadan, mehatxu horri nekazaritzaren digitalizazioa eta finantzarizazioa gehitu behar zaizkio. Finantza-sektoreak elikagaiak espekulazioaren zerbitzura dauden merkantziak bihurtu ditu. Horren ondorioz, lurraren balioa handitu du, eta landa-erreforma zailtzen du. Adierazi digutenez, "Estatuak ez du Landa-Erreforma garatu nahi, horrek lurra espekulaziotik kanpo utziko lukeelako".

Bolsonaroren agintaldian (2019-2022), Landa-erreformaren establimenduetako lur zatia saltzea baimentzeko lege aldaketa bat eman zen, klase menderatzailearen eskuetan lur-kontzentrazio berri bat gertatzeko arriskua handituz. MSTrentzat beste mehatxu bat Senatuaren osaketa da. Talde indartsuena agronegoziorena da, ebanjelikoena eta armen lobbya atzetik dituela. Talde horiek indarra dute eta, adierazi digutenez, mehatxu bat dira Brasilentzat. Hain zuzen ere, egoera politiko horrek behartzen du MST erakundeetan eragitera eta agronegoziorako alternatiba sendo bat planteatzera, agroekologiaren masifikazioaren bidez.

 

Mandala baratzetik agroforesteriara

Agroekologia da ekoizpen-sistemaren oinarria eta sem terra direlakoak ibiltzen ari diren bidea, baina ezagutu ahal izan dugunez, MSTk modu desberdinean antolatzen du nekazaritzako elikagaien ekoizpena, eskalaren arabera. Bai ENFFen, bai kanpamentuetan –azalera landagarri mugatuagoekin– mandala baratzeak dituzte; baratze horiek labore elkartuak dituzte, forma zirkularrei jarraiki. Erabilera horrek aukera ematen die lurzorua ondo probestu, gutxieneko laborantza egin, labore ugari landu, eta elikadura-beharren autohornikuntza partziala egiteko. Horrez gain, hazitegi txikiak eta sendabelarrak ere izaten dituzte, sendagai naturalak prestatzeko.

Ekoizpen-helburuaz eta helburu ekologikoaz gain, ekoizpen-sektoreak landa-eremura hurbiltzeko balio du, kanpamenduetara iristen diren pertsona asko hiri-eremutik baitatoz. Baratzeko lanek komunitatea kohesionatu eta lurra lantzen ikasteko ere balio dute, establimenduan lurretik bizi ahal izateko. Baratzeko lana egunerokoa da, eta ohikoena egunero kanpamentuko oinarrizko nukleoetako bat arduratzea da. “Campesinx a campesinx” ikaskuntza-prozesu horretan, kanpamenduko kideek nekazal jakintzak barneratzen dituzte, eta, sakondu ahal izateko, MSTk agroekologia, agrobasogintza eta nekazaritza eta abeltzaintzako ikastaroak antolatzen ditu ENFFeko Rosa Luxemburgo Eskolan. Hala ere, landu daitezkeen eremuak txikiak direnez, kanpamenduetan jendea ezin da bizi lurreko lanetik, eta askok kanpoan lan egin behar izaten dute.

Establimenduen kasuan, ohikoena familia bakoitzaren lur zatia gutxienez hektarea batekoa izatea da, eta hautatutako laborantza-modua –ezagutu ditugun kasuetan behintzat– agroforesta deiturikoa da. Familia bakoitza bere lur zatitik bizi da, nahiz eta batzuetan kanpoko lanekin osatu behar izan. Sortzen dutenaz elikatzen dira eta soberakina saltzen dute. Agrobasogintza sistema espezie iraunkorren lerroek osatzen dute, hala nola bananondoak edo kafeondoak eta lerroen artean urteko barazkien laboreek. Sistema hauek naturaren berezko elementuak integratzen dituzte, praktika agroekologikoekin. Espezieen segida naturala imitatu nahi da nolabait, ekosistema erresilienteagoak eta biodibertsoagoak sortu eta fruitu, egur, zein lurzorua estaltzeko landare jatorrizko estaldura emango dituztenak. Gainera, landareak lurzoruko hainbat geruzatara iristen dira, eta horrek baliabide hidrikoen eta mantenugaien banaketa errazten du. Azken batean, agrobasogintzak materia organikoa eta hezetasuna zaintzen ditu, eta zuhaitzak eta elikagaien ekoizpena integratuz natura babesten du, modu kolektiboan egin dadila azpimarratuz.

Bisitatzerik izan ez genuen arren, kokalekuaren azalera handiagoa den kasuetan eta baldintzek horretarako aukera ematen dutenean –Rio Grande do Sul estatuan, esaterako– arroz eremu handiak landatzen dituztela aipatu ziguten. Deigarria da agroekologiatik eta ekoizpena kooperatiben bidez antolatuz agronegozioari aurre egin diezaioketela. Izan ere, MST Latinoamerikako arroz ekologiko ekoizle handiena da. Nolabait ere, askotako klima eta lurzoruek, laboreen dibertsifikazio bat modu kolektiboan antolatzea ahalbidetzen dute, MST antolatzen den lekuetara iristen dena.

 

Kokaguneetako antolaketa ekonomikoa

Familia finkatuek ekoizpen dibertsifikatua dute, eta horrek bideragarritasun ekonomikoa ere ematen die. Merkaturatzea kooperatiben bidez antolatzen dute, organikoki MSTkoak dira hauek eta honen oinarri ekonomikoa. Kooperatibak produktuei gehitzen dien marjinarekin, gastu komunetarako funts bat sortzen du, eta horretaz gain, ekoizleek saltzen dutenaren %20a atxikitzen du, urtea amaituta itzultzen dena. Kooperatibetako ekoizpen gehiena "Elikagaiak Erosteko Programa" eta "Eskolako Askari Programa" hornitzeko erabiltzen da. Nekazari txikientzako erosketa publikoko programak dira. Familientzako saskiak ere prestatzen dituzte, eta ekoizpenaren beste zati garrantzitsu bat zuzenean merkaturatzen dute MSTk antolatzen dituen Landa Erreformako Azoketan. Mario Lagoko Comuna da Terra kooperatibaren kasuan, barazkiak eta lekaleak minimoki prozesatzeko eremu bat dute. Bertan, eskaerak prestatzeaz gain, juka zuritu edo babarrunen zorroa kendu dezakete.

Eta kilometro gutxira, kokagune berean, Comater emakumeen kooperatiba dago. 22 emakume hasi ziren, eta gaur egun 50 inguru dira. Bertan, agrotoxikorik gabeko elikagai agroekologikoak ekoizten dituzte, natura errespetatuz eta elikagai osasungarriak bermatuz. Gainera, emakume nekazariak politikoki egituratzen dira eta MSTko genero-sektoreko eztabaidetan laguntzen dute.

 

Finkatutako pertsonen erronkak eta kezkak

Egunak aurrera joan ahala, finkatutakoek Landa Erreformaren mugei eta MSTk duela urte batzuetatik hona proposatzen duen Landa Erreforma Herrikoiaren garrantziari buruzko kezkak helarazten zizkiguten. Sergiok azaldu zigunez, INCRAk (Kolonizazio eta Landa Erreformarako Institutu Nazionala) ez du prestatzen hurrengoari sarrera emango dion irteerako atea, eta horren ondorioz, lur zati batzuetan nekazal lanen nolabaiteko utzikeria sortu eta espekulazioari atea irekitzen dizkio. Horren ondorioz, lur zati batzuk lurra lantzeko inolako interesik ez duten pertsonen esku gera daitezke, haien motibaziorik handiena etxea egitea izanik. Era berean, nekazariei babes iraunkorra ematearen falta sumatzen zuen, eta ezinbestekotzat jotzen zuen formakuntza berriz indartzea. Nostalgiaz gogoratzen zuen nola orain kooperatiba osatzen duten askok formakuntza politiko etengabean zeuden 90eko hamarkadan, Lurraren Batzorde Pastoralaren eskutik, eta formakuntza-egitura horri eutsi ez izanak zuzenean lotzen zuen gaur egun finkatuta dauden nekazarien zati baten desmobilizazioarekin. Izan ere, bere hitzetan, "oinarri ideologiko sendorik ez izateak gero eta jarrera indibidualistagoetara garamatza". Lurrarekiko maitasuna transmititzearen garrantzia ere azpimarratzen zuen. Marianok gaineratu zuenez, azukre-kanaberaren monolaborantza ere sartu zen inguru horretan, eta horrek kalte zuzena egin zion establimenduaren antolaketa-egiturari, izan zuen eragin sozioekonomikoagatik.

Munduko beste leku batzuetan bezala, laguntza publikoak eskuratzeko arazoak azaltzen zizkiguten establimenduetako nekazari batzuek –Sergio, Reja, Ivani eta Mariano–. Nola bideratuak dauden agronegoziorako, eta ez familia-nekazaritzarako, etengabe oztopo burokratikoak aurkitzen baitituzte. Sektorea zahartuta dagoela eta belaunaldien arteko erreleborik ez dagoela ere adierazi ziguten. Horregatik, gazteriarekiko harremanak eta landa-hiri harremanak birpentsatzen ari dira, joera landa-eremura itzultzekoa izatearen esperantzarekin. Landa eta hiri-eremuaren arteko harreman horiek, halaber, astean behin egiten den merkatu batekin lantzen dituzte hiriburuan. Landa Erreformaren Azokek ikusgarritasuna ematen diete eta zubi bat sortzen dute hiriko pertsonekin. Gainera, horrek beste mugimendu politiko batzuekiko harremanak estutzen laguntzen du. Hiriko pertsonak landa ingurura hurbiltzeko dinamikak ere badaude. Adibidez, Mario Lago establimenduan bertan, igandero auzolana izaten da lur zatietan. Eta hirian, hazi egin dira MSTk bultzatutako beste ekimen batzuk, hala nola "Mãos Solidárias", oinarri-lana egiten dutenak marmitak -janariz betetako tuperrak- prestatzeko erabiltzen dituzten sukalde kolektiboen bidez eta alfabetatze-programen bidez.


Garrantzitsua da azpimarratzea Mario Lagon finkatutako pertsonek egiten duten lana establimendutik haratago doala, Ribeirao Prieton baitaude, Brasilgo agronegozioaren hiriburu gisa bataiatua, lehen aipatutako azukre-kanaberaren monolaborantzaren ustiapen intentsiboa dela eta. Hau da, haien eguneroko borrokak zalantzan jartzen du Brasilen oro har eta haien eremuan bereziki nagusi den nekazal eredua. Izan ere, azukre-kanaberaren ekoizpena ez da barne-kontsumorako erabiltzen ia, gehiena azukrea esportatzeko edo etanola lortzeko erabiltzen da, zeina askotan ezin den energia berriztagarritzat hartu: ekoizpen-prozesuan inbertitutako energia fosila gehiago delako bioerregaitik lortzen den energia "garbia" baino. Joaquimek azaldu zigun bezala, ereduak funtzionatzen jarraitzen badu, sektoreak jasotzen dituen dirulaguntzei esker da. Antzeko zerbait gertatzen da soja monolaborantzarekin. % 75 esportaziorako da, eta abeltzaintza industrialerako pentsuak egiteko erabiltzen da. Beren lur zatiak kudeatzeaz gain, Marianok azaldu zigun lurraldea zaintzen dutela, legez babestutako erreserba-eremua zaintzeaz ere arduratzen baitira. Eremu hau, landa-jabetza bakoitzari dagokiona, landaredia natiboa du, eta inguru hauetan nahita piztutako suteen helburu da, espekulazio-interesak daude atzetik.

 

Agroekologia Mugimenduaren apustu politiko gisa

Aipatu bezala, MSTren borrokarako tresna nagusia lurren okupazioa da, baina zein da lur horietako ekoizpen-eredua? Agroekologia ez zen hasieratik Mugimenduan integratu. Aldaketa hori bat dator mende hasierako agronegozioaren multinazionalen gorakadarekin. Orduan hasi zen MST agroekologiaren aldeko apustu sendoa egiten. Agronegozioaren ereduari buruzko eztabaidaren eta kritikaren ondorioz, bere IV. Kongresu Nazionalean (2000) finkatu zena, "Gure konpromisoak Lurrarekin eta bizitzarekin" argitalpenarekin. Apustu horretan sakondu egin zen gero, establimenduetan eredu teknologiko berri bat abian jarri zenean, eta agroekologiak Mugimenduaren ekoizpen modua gidatu behar zuela ezarri zen.

Curitiban (Paraná) ospatu zen Agroekologiari buruzko 22. Jardunaldien parte, Contestado establimendura egindako bisitan, Debora Nunesek "Agroekologiaren masifikazioa eta teknologia egokietarako sarbidea" hitzaldia eman zuen. Nunesek, MSTren Koordinazio Nazionalaren parte, azaldu zuen Landa Erreforma Herrikoia agroekologiaren masifikazioa dela eta MSTk prozesu hori bizkortu nahi duela. Ziurtatu zuenez, "posible da mundua ekoizpen agroekologikoarekin elikatzea, eta guztiontzako irisgarria izan behar du". Bere ustez, masifikazio hori egikaritzeko funtsezko fronteak honako hauek dira: biointsumoak, prozesamenduari lotutako industria eta mekanizazioa. Txinarekin dituzten harremanak aurrera doaz, hain zuzen ere, familia-nekazaritzara egokitutako gailuak lortzeko. Alde batetik, konpostatze prozesua bizkortzen duten mikroorganismoen biofabrikak eta, bestetik, nekazalgoari egokitutako makineria. Zentzu honetan, dagoeneko Txinatik inportatutako makineria Brasilgo lurzoruaren ezaugarriei, laborantza motei eta ohiturei egokitzeko probak egiten ari dira.

Beste ekarpen interesgarri bat Brasilgo nekazaritza kapitalistari buruzko azterketa izan zen, historia kolonialaren eta egungo ingurumen-krisiaren artean jarraikortasuna azpimarratuz. Kapitalismoaren historiaren azterketa egin zen, krisi-uneetan gertatzen diren kapital-metaketaren zikloen bidez, fokua honako honetan jarriz: krisi baten eta hurrengoaren arteko epeak murrizten ari direla, aldaketak ez direla bat-batekoak eta nagusitzen ari den mundu-sistemaren egiturak botere kapitalista metaketa-zentro horiekin egituratzea eragiten duela, nekazaritza kapitalistaren eta estraktibismoaren bidez. Andrei Cornetta hizlariaren arabera, kapitalismoak bi modu ditu krisien ostean berregituratzeko. Alde batetik, berrikuntza teknologikoaren bidez, iturri energetiko berri batek eta lehengai berri batek teknologia berri bat sortzen dute. Eta bestetik, trantsizio energetikoaren bidez, non matrize energetikoa aldatzeak ekonomia kapitalistaren hazkunderako eskuragarri dagoen energia handitzea bilatzen duen. Horrek berregituraketa ekonomikoan laguntzen du, naturaren esplotazioa areagotzearen kontura. Bi adibide horiek lurraldeari buruzko egungo borrokari lotuak daude, digitalizaziorako mineralen erauzketaren eta energia berriztagarrien makroproiektuen hedapenarekin zerikusia duena; baita agronegozioaren monolaborantzarako lurren bereganatzearekin ere. Andreik publikoa gonbidatu zuen kapitalaren krisiak aldaketarako aukera gisa probestera eta kapitalismoa gainditzen hastera, kapitalismoak erabat jarduten ez duen lurraldeak zabalduz, MSTren kanpamenduei eta establimenduei keinu bat eginez horrela.

Jardunaldiei amaiera emateko, sem terrendako garrantzitsuak diren hiru pertsonen arteko solasaldia izan zen. Horri esker, Mugimenduaren barruko eta kanpoko egungo eztabaidetara hurbildu ginen. Makota Celinha, Afrikartasun eta Erresistentzia Afro-brasildarraren Zentroko koordinatzaile nagusia, Leonardo Boff, filosofo eta ekologista eta João Pedro Stedile; ekonomista eta pertsonalitate nabarmena Mugimenduaren barruan. Azken horrek krisi sistemikoaren “irtenbide” kapitalistak aztertu zituen: ondasun naturalak merkantzia bihurtzeko prozesuan sakontzea apropiazio eta pribatizazioen bitartez, gerra kapitalista eta ideia faxistak berpizten dituen ideologia, gutxiengoen eta langileen aurkako gorrotoa zabaltzen duena. Azkenik, Stedilek esan zuen herriaren boterea kaleetan dagoela, ez parlamentuetan. "Hor dago masen borroka politikoa. Nahiz eta orain masa-mugimenduaren gainbeheraren une historiko batean gauden", zioen. Eta amaitzeko, krisitik ateratzeko garai historikoa herria antolatu eta borrokatzearen araberakoa izango dela azpimarratu zuen. Praktikara itzuliz, erantzukizunak asumitzearen garrantzia nabarmendu zuen, akatsak zuzenduz eta erronkei aurre eginez; izan ere, "zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta gehiago luzatuko da krisia".

Kronika hau amaitzeko azpimarratu nahiko genuke Stedilek aipatzen zuen hori bera MSTko militanteekin izandako hainbat elkarrizketatan islatuta ikusi dugula. Argi dute helburua, zintzotasunez onartzen dituzte haien akatsak eta asmatzeak, agroekologia masifikatzeak dakarren erronkari aurre egiten diote eta borrokan jarraitzeko determinazio handia dute. Zalantzarik gabe, horrek motibazioz betetzen gaitu Euskal Herrira itzultzerako orduan. Sem terrek dioten bezala: “Internacionalizemos a luta, internacionalizemos a esperança!”.

Euskal Herriko erakunde internazionalista