2023-09-17 08:17

 BRIGADAKO GAKORIK GARRANTZITSUENAK ETA EUSKAL HERRIRAKO IRAKASPENAK

Italiar Estatuari buruzko azken kronika honetan parte hartu dugun espazio eta topaketetan landutako hainbat kontu aztertu nahi genituzke. Helburua da, alde batetik, italiar Estatuko mugimenduen artean izaten ari diren eztabaida nagusiak mahai gainean jartzea; eta, bestetik, Euskal Herriko herri mugimenduarentzat irakaspen posible batzuk plazaratzea. Horregatik, hiru gai aukeratu ditugu:


1. Krisi ekologikoa eta borroka ekologisten garrantzia
2. Lurraldearen eta lurralde-borroken zentraltasuna
3. Errepresio mota zaharrak eta berriak

 

1. Krisi ekologikoa eta borroka ekologista berrien emergentzia


Estatu Italiarrean egondako denboran klimaren auziari eta mugimendu ekologistei ematen ari zaien garrantzia ikusi dugu: egon garen topaketa guztietako gai nagusietako bat izan da. Azken urteotan mobilizazio ekologistak izan dira mugimendu italiarrean egin diren garrantzitsuenetarikoak, eta jarraipen bereziki handia izan dute gazte eta ikasleen artean (Fridays for Future, aldaketa klimatikoaren aurkako grebak, trantsizio ekologiko bidezko baten aldekoak…).

Azken garaiotan asko dira Estatu italiarreko antolakundeak aztertzen ari diren gaiak, mugimendu hauetan parte-hartu eta modu efektiboan dinamizatzeko helburuarekin. Hainbat dira haien buruari egiten dizkioten galderak: nola artikulatu krisi klimatiko eta ekologikoaren diskurtsoa inperialismoaren militarizazioarenarekin, eta, modu orokorrago batean, krisi kapitalistaren diskurtsoarekin? Nola egin mugimendu hauek sektorial izateari utz diezaioten, eta berrosatze politikorako palanka izan daitezen? Hona hemen interesgarri iruditzen zaizkigun gako batzuk:

  •  Krisi klimatikoa zabalagoa den krisi ekologikoaren baitan ulertu beharra dago (gizaki-naturaren arteko metabolismoaren haustura gisa ulertuta). Era berean, krisi ekologikoa sistema kapitalistaren erreprodukzio-krisi zabal eta integralean txertatu behar dugu. Krisi ezberdinak (klimatikoa, ekologikoa, ekonomikoa, gerra…) krisi orokor baten adierazpenak dira: zibilizazio kapitalistaren krisiarenak.

 

  • Auzi ekologikoaren eta militarizazioaren arteko lotura. Auzi ekologikoaren eta sistemaren beste kontraesanen arteko lotura ez da soilik teorikoa: ondorio praktikoak ditu. Momentu honetan, mugimendu italiarraren analisi-esparru interesgarrienetako bat hau da: trantsizio-energetikoaren esparruan kapitalismoak egiten ari duen ofentsibaren eta lurraldeen militarizazioaren arteko lotura.  Mugimendu askok salatzen dute politika energetiko “berdeak” (eolikoen monokultiboa, eguzki-azpiegitura handiak…) base-militar handien proiektuetara lotuta daudela zuzenki. Adibide argi bat Estatu italiarraren hegoaldea eta irlak dira (Sizilia eta Sardinia kasu): izan ere, Europar eta nazioarteko kapitalek “hub energetiko” eta “hub militar” bilakatu dituzte aldi berean.

 

  •  Honengatik guztiarengatik, ezin dugu mugimendu ekologikoa borroka bakan eta soila izango balitz bezala bideratu. Kapitalak trantsizio energetikorako proiektu bat aurrera eramatean, auzi eta gatazka asko pizten dira: lurraldetasun eta nazio izaeraren zapalkuntza, krisi ekonomikoak, eredu ez-sostengarrien ezarpena, denenak diren lurrak eta ondasunak pribatizatzea, lurren militarizazioa, krisi klimatiko eta ingurumen-krisiak... Horregatik, herri mugimenduaren, fronte eta talde ezberdinen inplikazioa beharrezkoa da sistema kapitalistari frente egiteko: denok elkarrekin eta batera.

Euskal Herrirako baliogarriak izan daitezkeen irakaspenak:

 

  • Trantsizio energetikoak akumulazio eta balorizazio kapitalista esan nahi du. Arazoa produkzio bideen jabetza pribatua eta eredu industriala dira, ez lurraldearen esplotazio-forma (fosila, “berdea”…).

 

  •  Ofentsiba kapitalista marko orokor batetik aztertzeko beharra. Zer harreman dago trantsizio ekologikoaren, krisi kapitalistaren eta ofentsiba inperialistaren artean? Zer paper dauka, Europako metaketa-esparruan, “New Green Deal”-ak? Eta nola lotzen zaio ofentsiba inperialista global berriari?

 

  •  Mugimendu ekologista “berriekin” artikulatzeko beharra, borroka orokorrago batean txertatzeko eta norabide iraultzailea emateko.

 

2. Lurraldetasuna eta borroka territorialen beharra eta zentraltasuna


Brigadan zehar Lurraldetasuna erdigunean jartzen duten hainbat mugimendu ezagutzeko aukera izan dugu. Territorioez aritzean, berriz, ulerkera eta errealitate anitzekin egin dugu topo. Ezagututako mugimendu batzuk azpiegitura handien kontrakoak izan dira (esaterako, No Tav mugimendua). Beste batzuk, ordea, militarizazioaren kontra loratu diren ekimenak izan dira (adibidez, Sizilian, Pisan eta Sardinian eraiki/hedatu nahi dituzten base militarren aurrean antolatzen ari den erresistentzia). Baina, hauetaz gain, hiriguneetan ere, borroka territoriala eta lurraldetasuna erdigunean kokatzen duten hainbat antolakunde ezagutu ditugu, auzo-herrikoietatik territorioa eraikitzeko eta defendatzeko hautua egin dutenak.


Esan bezala, aipatutakoak mugimendu anitzak eta askotarikoak dira, baina elementu amankomuna dute: lurraldea erdigunean jartzen dutenean, lurraldearen aldeko borroka jartzen dute erdigunean, gatazkatik eta ereduen arteko antagonismotik loratu direnak. Kapitalaren ikuspegitik, lurraldean ematen diren balorizazio-dinamikak daude; eta mugimenduen ikuspegitik, berriz, beste lurralde bat eraikitzearen beharra: botere-territorial ezberdin bat, beste bizimodu bat, ingurunearekiko beste lotura eta harreman batzuk…

Zentzu horretan, borroka-territorialen muina ez da lurralde beraren defentsa, baizik eta lurralde horren eraikuntza. Izan ere, defendatzen dena ez da bakarrik borrokaren aurretik zegoen lurraldea, baizik eta borrokaren bitartez eraikitzen dena. Borroka territorialen subjektu politikoa osatuko duena, beraz, borroka eta gatazka bera izango da.


Euskal Herrirako baliogarriak izan daitezkeen irakaspenak:

 

  •  Azken hamarkadan Euskal Herrian kapitalaren ofentsiba territorialak zentraltasuna irabazi du: zirkulaziorako makro-azpiegiturak (AHT, autopistak...), makro-azpiegitura energetikoak (parke eolikoak…) edo auzo herrikoietan bultzatzen diren gentrifikazio- eta turistifikazio-prozesuak. Hortaz, ikuspegi territorialetik antolatzea aukera (eta beharra) izan daiteke.

 

  •  Lurraldetasunaren ulerkera zabaltzearen beharra, borroka ekologistetatik haratago doan hipotesia plazaratuz; territorioaren defentsa erdigunean jarriz landa eremuetako edo makro-azpiegituren kontrako borroketatik haratago. Hau da, territorioen defentsa kapitalaren balorizazio-prozesuen aurkako borroka anitzen arteko sintesi gisa ulertzea.

 

  •  Borroka territorialak erdigunean jarri behar ditugu, lurraldea kapitalarentzako gudu- zelai zentrala dela jakinda, baina klase borrokarako ere duen zentraltasuna ulertuz. Lurraldea kontra-subjektibizaziorako eta politizaziorako gune bihur daiteke. Zentzu horretan, Italiako kideen intuizioa jaso behar dugu: lurraldearen aldeko borrokak ez dira soilik defentsiboak (borrokaren aurreko lurraldearen defentsa), baizik eta ofentsiboak eta eraikitzaileak (herri-boterearen eraikuntzarako baliogarriak).

 

3. Estatuak hauspotutako (klase) borroka: errepresio-tresna zaharrak eta berriak


Brigadan zehar oso presente egon den beste gaietako bat errepresioa izan da. Errepresio modu zaharren eta berrien arteko jarraikortasunaz eta ezberdintasunaz aritu gara batez ere.
70eko hamarkadan, italiar Estatuko mugimendu iraultzaileak teknika errepresiboen laborategi izan ziren, eta gerora Euskal Herrian erabilitako metodoak haiekin erabili zituzten: tartean guda zikina eta “dena da brigada gorriak”. Garai horretako errepresioaren dimentsioa ulertzeko errepresaliatu politikoen kopurua argigarria da: 10.000 eta 12.000 artean izatera heldu ziren.


Gaur egun, errepresioak beste forma bat hartu du, eta garrantzi handia du bide administratibotik egindakoak: ”foglio di via” eta “divieti di demora” bezalako prozesuekin. Lehenengoak zonalde jakin baterako sarbidea debekatzen dizu hiru urtez, eta bigarrenak zure udalerritik ateratzea galarazten dizu. Errepresio forma hauek asko erabiltzen dira ikasle mugimenduaren eta Val di Susa-ko No Tav mugimenduaren aurka.


No Tav mugimenduaren aurkako jazarpena asko areagotu da azken urteotan. Izan ere, Torinoko “Procurak” (fiskaltzaren baliokideak) modu politiko batean, legedi arrunta jarraitu gabe, ari da militanteen kontrako prozesuak aurrera eramaten: modu azkarragoan eta zigor handiagoak ezarriz. Honetaz gain, terrorismoaren akusazioa mahai gainean jarri da hainbatetan, lurraldearen erabateko militarizazio erraztuz (honen ondorioa da AHT-aren obrak poliziek eta militarrek zaintzen dituztela 24 orduz). Jazarpen hau mugimenduaren lana baldintzatzera heldu da eta momentu honetan haien jardueretako asko errepresioari aurre egitera bideratuta daude. Azken egunotan, askatutako espazio diren “presidioetan” poliziak miaketak egin ditu Alta Felicità jaialdiaren testuinguruan, eta ondoren askatua izan den kide bat atxilotu dute. (https://twitter.com/brigadak2023/status/1687431590903681024?t=il0hteBIMgTMaqQNY_
ZuUA&s=19).


Aipamen berezia merezi du Askatasuna-ren aurkako azken operazio judizialak. Kide batek azaldu zigun moduan “vogliono colpire noi per ammazare il movimento No Tav” (gu kolpatu nahi gaituzte No Tav mugimendua suntsitzeko). Hasiera batean Estatuak Askatasuna elkarte terrorista izendatzeko prozesu bat martxan jarri zuen, 80 lagun baino gehiagoren aurkako akusazioak aurkeztuz. Prozesu hau bertan behera gelditu den arren, momentu honetan “associazione a delinquere” leporatzen zaie: mafiaren aurka sortutako mekanismo errepresibo bat da eta hainbat lagunentzako kartzela-zigorra zein espazioaren itxiera suposa dezake.


Euskal Herrirako baliogarriak izan daitezkeen irakaspenak:


Hiru ondorio atera ditzakegu guzti honetatik:

 

  •  Lehenik, estatuen arteko elkarlana argia da errepresio-forma eta -metodoak batean zein bestean antzekoak direlako: izan ere, Euskal Herrian ezaguna zaigu Italiar Estatuan pairatzen duten jazarpena.

 

  • Bigarrena, errepresioa mugimenduen jarduera baldintzatzeko tresna da eta honi aurre egiteko mekanismoak aurkitzea beharrezkoa da borrokak aurrera eramaten jarraitu ahal izateko.

 

  • Azkenik, Estatu batek legedia gogortzen duenean, iraultzailea ez den zerbaiten kontra bada ere, gerora herri mugimenduak erreprimitzeko eta isilarazteko erabiltzen du.

 

Brigadetan lantzen den joan etorriko elkartasunak berebiziko garrantzia du euskal internazionalistontzat. Borrokan dauden herrialdeak ezagutuz eta bertakoekin esperientziak elkar trukatuz, Euskal Herriko askapen prozesuetarako interesgarriak diren baliabideak, ideiak, borroka-moldeak… jasoz, hemengo mugimenduak elikatzeko konpromezua hartu dugu.


Orain, segi dezagun gure herriak, auzoak eta kaleak astintzen!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista