2023-08-01 08:29

BARRIKADETAN DANTZAN: NO TAV MUGIMENDUA


Arnas luzeko erresistenzia: hiru hamarkada borrokan


Italiar Estatuko iparraldean, Alpeetan, 30 urtez Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obrak oztopatzea lortu duen herri borrokalari bat dago: ongi etorri Val di Susa-ra! “No Tav” 90eko hamarkadan sortu zen herri mugimendua da, 2000. hamarkadaren erdialdean egonkortutakoa. 


Mugimendu horren ibilbidean bi inflexio puntu egon dira: Venaus-eko eta Maddalena-ko gertaerek markatutakoak. Venausen 2005.urtean AHT-ren ibilbidea aldatzea lortu zuten. Une hartan “presidioa” (lurraren okupazio iraunkorra) erabili zen lehen aldiz, azken 30 urtetan mugimenduarentzat hain garrantzitsua izan den tresna. Urte batzuk geroago Maddalena herrian beste presidio bat eraiki zen “Libera Repubblica de la Maddalena” izendatutakoa. Okupazioak hilabete iraun zuen eta, lursaila birjabetzeaz gain, bizitza komunitario, formakuntza eta espermentazio politikorako gune bihurtu zuten. Hilabete pasata, astebeteko istiluen ondoren, Estatuak presidioa desalojatzea lortu zuen. Orduan errepresio fase bortitza hasi zen, gaur egun oraindik dirauena. Horren adibide da gure egonaldian zehar gauzatu duten operazio poliziala:

 

https://twitter.com/Brigadak2022/status/1683536274747998210?t=rWLYO318pj75hzqu44p27A&s=19

 

 

Val di Susa: borrokan eraikitzen den herria


No Tav mugimendua Estatu italiarreko eta nazioarteko mugimenduentzat erreferente bihurtu da borroka urte luze hauetan zehar. Esan dugun moduan, mugimendu hura kapitalak inposatutako makro-azpiegitura baten aurka jaio zen. Horregatik, hasiera batean, izaera defentsiboa izan zuen (lurraren eta territorioaren defentsan, amalurraren alde…). Borrokaren bidean, aldiz, jauzi kualitatiboa eman zen eta erresistentzia defentsiboa baino ez zena mugimendu ofentsibo eta eraikitzaile bilakatu da. Val di Susako kideek dioten moduan, gaur egun mugimendu horren helburua ez da soilik borrokaren aurretik existitzen zen lurraldea babestea. Izan ere, borrokan eraikitako lurraldea da defendatzen dena: bizitza komunitarioa, herri instituzioak, kontra-botere espazioak… Finean, urte hauetan guztietan zehar erresistentzian  eraikitzen joan den komunitate borrokalaria da defendatzen dena.

 
No Tav mugimendua militantzia eta borroka eskola handienetariko bat izan da Italiar estatuan azken hiru hamarkadotan. Bailaran jaiotako belaunaldi asko hemen politizatu dira, haien jaioterria eta lurra defendatuz. Gainera, estatu osoko kolektibo eta antolakundeetako ehunka militanterentzat iraultzarako eskola izan da. Izan ere, teorikoki, politikoki zein etikoki formatu dira mugimenduan parte hartuz. Rosa Luxenburg-ek esaten zuen bezala “historia da hutsik egiten ez duen irakasle bakarra, eta iraultza proletargoarentzat eskolarik onena” .

 

 

 


 
Borrokaren subjektu anitz baina kohesionatua 


Val di Susa-n borrokan dagoen herri oso bat dago: hemen topatzen dira obren kontrako ekintza zuzenetan parte hartzen dutenak eta hesien aurrean otoitz egitera doazen talde katolikoak; borrokari lotutako bizimodu berri bat eraikitzen ari diren arnarkistak eta estatu-mailako antolakundeetan parte hartzen duten komunistak; hainbat borroketan parte hartu duten militante historikoak eta gatazka honetan lehen pausuak ematen ari diren gazteak. Halaber, borroka molde anitzek elkar gurutzatzen dute mugimendu honetan: lurren okupazioak, bide legaletatik espropiazio-prozesuak oztopatzea (esaterako, lur eremu txikiak ehunka pertsonaren izenean erosiz), sabotaiak eta ekintza-zuzenak, salaketak eta lan pedagogikoa. 


Aipamen berezia merezi dute Autonomia Contrapotere-ko lagunek -eta bereziki Torinoko Askatasuna-ko kideek. Haiek izan ziren No Tav mugimendura hurbildu ziren lehen militanteetako batzuk, borroka honek zuen potentzialitatea ulertuta. Urteetan zehar mugimendua dinamizatzea lortu dute, dirigismorik egin gabe, jakintza eta esperientzia militanteak kolektibizatuz eta haien tresna guztiak mugimenduaren zerbitzura jarriz. 


Adierazitako aniztasun honen isla dira urtero egiten diren bi topaketa garrantzitsuenak: “Campeggio di lotta” (borroka akanpalekua) eta “Alta felicità” festibala. Lehenengoa ekintza zuzenari bideratutako espazio bat da, borroka-eskola bat bailarako eta Estatu osoko mugimenduentzat. Bigarrena, guztien topaleku den jaialdi handia da, egun batzuz eskualde osoak eraikitzen duen kontra-botere espazioa dena.


“Grida forte la Valsusa che paura non ne ha, sulle barricate sventola la bandiera dei No Tav”
(Beldurrik ez duela ozen oihukatzen du Val Susa-k, barrikadetan dantzan dabil No Tav-eko bandera)

 

 

 


 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista