"Marielle Vive" kanpamentuan arratsaldeko bost eta erdietan iluntzen da. Florestan Fernandes Eskola Nazionalean egun batzuk igaro ondoren, "Sem Terra" delakoen oinarri-lana ezagutzeko unea iritsi da, mugimendua elikatzen duena, dena ernarazi zuen hazia. MST-ren borroka modua hemen ikusiko dugun horretan oinarritzen da: ehunka pertsonen kanpalekuak muntatuz lurra okupatzea, hau lantzeko eskubidea konkistatu arte. Horrek esan nahi du urteetan zehar kanpaleku moduan eustea, modu juridikoan erregularizatu eta establimendu bihurtu arte. Kasuen gehiengoak lortzen du hau. Horretaz guztiaz hitz egiten dugun bitartean, iluntasunean, "Marielle Vive" kanpamentuko segurtasun-txandak MST-ko bandera gorri batekin koroatutako atea irekitzen digu. Marielle Franco, kanpamentuaren izena, Rio de Janeiroko zinegotzi eta LGBTIQ+ erreferente afrobrasildarrari egindako omenaldia da, 2018an estatu indarkeriak eraila. Kanpatuta dauden pertsona batzuek egiten digute harrera. Irribarre asko eginez begiratzen dugu elkar, batzuetan kosta egiten baita elkar ulertzea. Eskuak igurzten ditugun bitartean hurrengo egunetan egingo duen hotzaz hitz egiten dugu; eguraldiari buruz hitz egitea, lehen hartueman gisa, ohitura unibertsala dela dirudi.
Egun argitan hobeto ikus dezakegu kanpalekuaren konfigurazioa. Kaleak etxe txikien ilarek osatzen dituzte eta ilara eta ilara artean lurrezko bideak aurkitzen ditugu, kale bakar bat ere ez dago asfaltatuta. Berehala galdetzen diogu geure buruari zer gertatuko den euri asko egiten duenean, kale guztiak bigundu eta buztinezko ibai bihurtzen direnean. Gainera, debekatuta dagoenez lurrean eraikitzea, zurezko oholez, txapaz eta paletez eginda daude etxebizitzak, okupazioaren aurretik eraikita zeuden gutxi batzuk izan ezik, latifundioko langile ohiak bizi ziren horiek. Hemengo bazter guztiak herrialdea eraiki den desberdintasun sakonaren historiaren isla dira. Pixka bat galdetu besterik ez da egin behar zimenduak lurpetik ateratzeko: labore-lurretarako sarbide ezaren atzean nekazaritza-ekoizpen kapitalista eta koloniala ezkutatzen da. Sistema horrek landa eta hiri desjabetuen masa handia sortu zuen, eta horien ondorengoek gaur egun Marielle Vive kanpamentua okupatzen dute. Erresistentziaren eta borrokaren historiak ere lurraldearen arkeologiaren parte dira.
Kanpalekuaren antolaketa
Marilelle Vive kanpamentua 2018ko apirilaren 14an sortu zen, MST-k Campinas eskualde metropolitarreko komunitate periferikoetan egindako oinarri-lanetik abiatuta (komunitatez komunitate borrokarako eta antolakuntzarako deia egitea). Latifundio abandonatu baten azpierabilitako lurrak okupatu eta gaur egungo kanpalekua sortu zen. Orduz geroztik, eta gainerako kanpaleku eta establimenduak bezala, Marielle Vive modu komunitarioan antolatzen da. Horrela kontatzen digute Lucas, Cintia eta Siserak, hurrengo egunetan kanpamentuko eskolan bilduko gara haiekin. Oinarri-nukleoek proiektuaren eskeletoa osatzen duten bitartean, sektoreak komunitatearen beharrak biltzen eta artikulatzen dituzten muskuluak dira.
Oinarrizko nukleoak hainbat familia biltzen dituzten taldeak dira, eta horietan eztabaidatzen eta erabakitzen dira kanpamentuari, haren antolaketari eta erresistentziari dagozkien gaiak. Marielle Vive herrian, gaur egun, 200 familia inguru daude, 15 oinarrizko nukleotan bilduta. Bestalde, sektoreak komunitatearen beharren inguruan egituratzen diren lantaldeak dira. Cintiak, komunikazio sektorearen parte, azaldu digu pertsonek sektore batean edo bestean parte hartzea aukeratzen duela norbanako bakoitzak, interesaren arabera. Marielle Viven hainbat sektore daude, hala nola Hezkuntza, Segurtasuna, Osasuna, Idazkaritza, Gazteria, Komunikazioa, Ekonomia, Emakumeak, LGBTI edota Azpiegitura.
Komunitatea erresistentzia-modu gisa
Marielle Vive komunitatea arnasten den zerbait da, bost zentzumenen bidez hautematen dena. Haurrak aire zabalean jolasten dira, eta erraza da pertsona talde txikiak elkarrekin hitz egiten edo baratzera elkarrekin lan egitera joaten ikustea. Mundu guztiak agurtzen gaitu, eta ohikoa da edozein bizilagunarekin elkarrizketaren bat izatea. Elkarri galdetzen diogu nondik gatozen, zer egiten dugun hemen. Mariaren janariaren usaina kanpamentu guztian zehar zabaltzen da, bizilagunak ate aurrera hurbildu eta ilara egitera gonbidatuz. Maria arduratzen da sukaldeaz, eta kanpamentu osoak parte hartzen duen txanden bidez antolatzen da hau. Gauza bera gertatzen da segurtasun-txandarekin edo baratzeko txandarekin; zeregin desberdinak betetzea komunitate osoaren betebeharra da.
Kanpamentuaren erresistentzia bere antolaketa kolektiboaren bidez nabari da. Eta hemen, erresititzeak ez du esan nahi soilik estatus legal jakin bat lortu arte irautea, baizik eta, lehen lerroan, bizi-baldintzak hobetuko dituzten eskubideak konkistatzen joatea kanpamentuan bertan. 2019an, manifestazio batean, Luis Ferreira kanpatuaren heriotza da horren adibide. Kanpamentuan edateko urik ez zegoela salatzea eta oinarrizko eskubide gisa aldarrikatzea helburu zuen mobilizazioan zehar, auto batek bost kanpatu kolpatzea eta Luisen erailketa eragin zuen. Orain, borroka kolektibo horri esker, alde guztietatik hedatzen diren platanondoekin batera, puntu urdin batzuek Marielle Viveko kaleak apaintzen dituzte. Edateko uraren biltegiak dira, eta horien bidez hornitzen dira bizilagun guztiak, garaipen baten sinboloa, baita borrokaren gordintasunarena ere. Luis Ferreiraren omenez darama bere izena kanpalekuko eskolak. Luis helduentzako alfabetatze-klasetara joaten zen eskola berean ikasten dute Marielle Viveko haurrek.
Eskolaz gain, kanpatuek komunitatearen beste proiektu batzuk ere erakusten dizkigute, hala nola arropa-biltegia, liburutegia edo mandala baratzea. Julia koordinatzailearekin batera baratzea bisitatu genuen, agroekologiaren printzipioetan oinarritutako ekoizpena. Landaketak zirkulu zentrokideen forma hartzen du, eta labore desberdinen arteko elkartzearen logikari jarraitzen diote. Landare batzuek eta besteek elkarri hazten laguntzen diote, ongarriak eta agrotoxikoen erabilera saihestuz.
Gaurkotasuna
Juliak proiektuei buruz hitz egiten digun ilusioa apur bat desegiten da kanpamentuaren etorkizunaz hitz egitean. Kaleratze mehatxuak urteak daramatza auzokoen eguneroko bizitzan eragiten. Maríak, sukalde-komunitarioko arduradunak, duela gutxi kanpalekutik atera behar izan zela kontatu digu, psikologikoki tratatua izateko. Kanpalekuko ziurgabetasunari eustea zaila da. Abuztuan bertan, audientzia erabakigarria izango dute, pandemian atzeratu zen kaleratze agindua epaiketa berri batean berrartuko baita. Biharamunean pentsatzean Julia edo Mariaren begiradetan ikusten den atsekabe bera beste aurpegi batzuetan ere errepikatzen da. Ortzimugara begiratzen duten begiak, ukigarria den horretatik urrun, beti itzultzen dira bere lekura "brincadeira" (txantxa) baten bidez. Barreak beren gorputzetara itzularazten ditu, Brasilgo bazter bakoitzean oihartzuna duen lurraren aldeko borrokara.
Mario Lago Establimendua
Gure hurrengo geltokia Mario Lago establimendua da, Ribeirão Preto eskualdean. Eguraldiaren aldetik hotzetik berora pasatzen gara, politikoki borrokatik garaipenera. Esan bezala, kanpalekuetako erresistentziak establimendua izaten dute jomugan, lurraren legez kanpoko okupazio batetik babes juridikodun egoera batera heltzea. Ez dakigu zer topatuko dugun, baina Marielle Viven egon ondoren, argi dugu horrelako tokiak itxaropena elikatzeko ezinbestekoak direla. Establimenduak borrokak merezi duenaren adibide dira, kanpalekuen ametsa egia bihurtua. Establimenduek lurra lantzeko eskubidea aitortzeaz gain, landa-eremuan bizi-proiektu bat eraiki ahal izatea bermatzen dute. Baina, zer gertatzen da hortik aurrera? Zein da bilakaera? Jatorrizko izaera komunitarioa mantentzen da?
Mario Lago establimendu bilakatu zen 2007. urtean, 5 urteko borrokaren ondoren. Gaur egun 400 familia dira, horietatik 234 MST-koak. Igartzen dugun desberdintasun ageriena bizi- baldintzen hobekuntza da. Martak eta Franciscok, ezagutzen ditugun lehenengo pertsonak, familia bakoitzak 1,5 hektareako lur-saila jasotzen duela kontatzen digute. Nabarmentzekoa da horrek ez duela esan nahi lurraren jabetza lortzen dutenik, baizik eta erabiltzeko eskubidea daukatela. Prozesu horren atzean “Instituto Nacional de Colonização e Reforma Agrária” (INCRA) dago, establimenduen erregulariozazioaz arduratzen den Estatuaren kontrolpeko instituzioa. Familia horiek bertan nekazaritzan oinarritutako bizimodua garatzeko etxe handiak eta sendoak eraikitzen dituzte, hirietan topatu ditzakegun zerbitzu guztiekin, eta, noski, elikagaiak lortzeko nekazal lurra ere prestatzen dute.
Laster ikusten dugu kanpelekuarekiko bigarren desberdintasuna, hemen nekazari-familiak establimenduaren espazioan zehar guztiz sakabanatuak egoten dira. Familia bakarreko etxaldeek osatzen dute hemengo paisaia eta gune komunitarioen eskasia agerikoa da.
Establimenduaren antolakuntza eta hiriekiko loturak
Establimendua kanpalekuen barne estruktura berdinarekin garatzen hasi zen arren, gaur egungo errealitatea beste egoera bat erakusten digu. Mario Lagoko bizilagunek aitortzen diguten bezala, denboraren poderioz jatorrizko antolakuntzaren indarra galtzen joaten da. Are gehiago ebangelismoa, indibidualismoa eta meritrokraziaren ideiak bultzatzen dituen doktrina izanik, bizitoki hauetan indarra hartzen ari dela kontuan izanez. Haiekin ditugun elkarrizketa interesgarri eta sakonetako batean, nekazari batek alboko familiaren lotea banatzen duen hesiari begiratzen dio: "MST hesiak urratzeko sortu zen, ez hesi berriak sortzeko". Establimendutako nekazarien artean elkarlana sustatu eta komunitate harremanak sendotzeko egituraketa garatzea da MST-ren erronka garrantzitsu bat.
Dena den, espazio hauek ez dira antolaketa gabeko tokiak bihurtzen, izan ere hainbat bizilagunek kolektibitatea garatzen dute beste bide batzuen bitartez. Adibidez, MST-ko ekoizle askok kooperatibak sortzen dituzte produkzioa merkatura bideratzeko. Esperientzia horien barne, aipagarria da 2013an emakumeek sortutako “Comater” kooperatiba. Nivaldak eta Clarindak azaltzen diguten bezala, landa eremuko lan banaketa sexualaren aurrean, emakume ekoizleen papera erdiguneratu eta indartzea dute helburu.
Bestetik, establimenduetako eta kanpalekuetako boterea bultzatzeko Feria agroekologikoak antolatzen dituzte, beraien ekoizpenei irtenbidea emateko eta beraien borrokak ikustarazteko helburuarekin. Joaquimen arabera, MST-ko buruzagia eskualdean, horrek guztiak hainbat zubi eraikitzen ditu nekazal gune hauen eta hirien artean.
MST-k hirian ikusgarritasuna irabazteko prozesuan kokaturik, hiriko kolektibo batzuekin batera zuhaitz landaketen kanpaina martxan daukate. Suteei aurre egiteko eta gune naturalak indartzeko heburuarekin, hiriko hainbat lagunek etortzen dira astero MST-ko ekoizleekin batera zuhaitz berriak landatzera zein prebentzio-lanak egitera. Hiriko zenbait gaztek MST-ko establimenduan bizitzeko nahia adierazten digute.
Agroekologia
Landa batetik bestera, nahiz eta laborantza motak aldatzen diren, ekoizle guztiek maitasun berdinarekin erakusten dizkigute landutako lurrak, horiek mantetzeko urteetan zehar eskuratutako ezagutzaz harro. Nekazariek mirespenez aritzen dira bere ekoizpen formari buruz, agroekologiaren printzipioetan oinarrituta.
Mario Lagon ingurumenarekiko kezkak garrantzi berezia du, izan ere establimenduaren lurrak Guarani akuiferoaren birkarga hidrikoko lurraldearen gainean daude. Gainera, eskualdean Agronegozioaren menpe dagoen azukre-kanaberaren monolaborantza da nagusi eta horrek, lurren suntzipenaz gain, agrotoxikoen erabilera masiboa dakar. Hori dela eta, ezagutzen ditugun familiek agroekologian eta agroforestan oinarritutako ekozipena bereziki aldarrikatzen dute. Horrek sendotasuna ematen dio bizi-proiektuari, ez baitute nekazaritzan oinarritutako bizimodua soilik defendatzen. MST-ko ekoizleek landa-erreforma herrikoia eraiki nahi dute eta horretarako naturarekiko oreka zaintzea ezinbestekotzat jotzen dute.
Arriskuak erronka gisa
Ikusi bezala, Mario Lago establimendua mehatxuz inguratua dago. Hortaz, borroka ez da amaitzen erregularizazioa lortzen denean. Alde batetik, aipatutako antolakuntza komunitarioa galtzeko arriskua azaleratzen da. Honi beste mehatxu batzuk gehitu behar zaie: lur hauek inguratzen dituzten agronegozioak edota higiezinen espekuazioak. Kanpo etsaiez gain, badira barne mailako arazo batzuk, hots, bizilagunen zaharkitzea prozesua eta gazteen errelebo falta: nekazarien seme-alaba gehienek ez dute landa eremuko bizimodua erakargarri ikusten eta askok hirira mugitu dira.
Hala ere, MST-ko kideek argi daukate establimendu izaera lortzea ez dela garaipen finala, baizik eta erronka berriak irekitzen dituen lorpena. Aurkitzen ditugun pertsona orok argi eta garbi aritzen dira mugimenduak izan ditzakeen zailatsunei buruz, apaingarririk gabe. Brigadetako kide guztioi harritzen gaitu ezezagun batzuekin duten zintzotasuna eta, aldi berean, borrokan jarraitzeko duten irmotasuna. MST-k ez ditu bere kontraesanak erreprimitu edo estali beharreko zerbait bezala hartzen, aurre egin beharreko erronka bezala baizik. Agian, azken hau ikasi dezakegun zerbait da. Agian, lurrean errotutako militantzia pazientziaren ikuspegia eman die. Beharbada, naturan zikloak dauden bezala, borrokan ere badaude, eta ezbeharrak gorabehera, etorkizuna ereiten jarraitu behar da.