[Itsaso Zubiria Etxeberria] Entzun berri dut Ziburuko 6. Euskal Liburu eta Disko Azokaren aurkezpena, eta diskurtsoak berak piztu dit, hasteko, joateko gogoa. Akaso koofizialtasun faltsuaren eremuan bizi garenon lekutik natorrelako izango da, baina euskararen gaiari politikotik heltzeak harrapatu nau. Hizkuntza zapaldua den herri batean plaza euskara hutsez bete nahia zer da ba, politikoa ez bada?
Ekainaren 7an iragango den azokaren egitarau zabala aurkezteaz bat gogorarazi dute apirilean eta maiatzean Azokaroa antolatu dutela Ipar Euskal Herriko hainbat txokotan; dozena erdi ekintza kultural, liburu aurkezpenak, errezitaldiak eta mahai-inguruak tarteko, eta oraindik ekintza horietako batzuetara joateko aukera dago (ikus helbide honetan).
Izena hartuz
Badoa bere lekua egiten euskaldunon agendetan Ziburuko Azoka, ekainaren lehen larunbatarekin igaroko dena seigarren urtez. Edizio batetik bestera argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizleen presentzia gora doa eta aurten, 33 mahai jarriko dituzte liburugintzari eskainiak eta 10, berriz, musikagintzari lotuak. “2024an ez zeuden lau argitaletxek parte hartuko dute edizio honetan eta musika arloan bost autoekoizle edo proiektu berrik mahaia atxikiko dute”, azpimarratu dute.
Euskaraz bagara da 2025eko leloa eta ondokoa, prentsaurrekoan helarazitako mezua: “Frantses nazioa ‘fabrikatu’ da menpe hartu dituen herrien mintzairak suntsituz eta bere legeak inposatuz. Hala jarraitzen du heien erabilera udaletxe (katalanera), legebiltzar (korsikera), azterketa edo auzitegietan (euskara) debekatuz. Euskararen gaia osoki politikoa da, beraz: pairatzen duen larrialdia ez da halabeharrez gertatzen, gure mintzaira ezabatu nahi duten politika kolonialisten ondorio zuzenez baizik.
Berdin gertatzen da EAEn, koofizialtasun faltsuaren eremuan: euskara jakitea eskubidea da, espainola, aldiz, obligazioa. Euskararen aurkako oldarraldi judizial-politiko euskarafobo betean gaude, jadanik eskasak ditugun eskubideak are gehiago murrizteko, ustezko diskriminazioaren aurka aritzeko aitzakian. Okerrago Nafarroan, euskaraz ikasteko eskubidea nafar guziei bermatua ez zaielarik…
Hemen kanpoko legea da nagusi, batzuetan ahanzten baitugu lortu porroska bakanek anestesiaturik: gu hobeki asimilatzeko euskara desagerrarazi nahi dute, hizkuntzak egiten gaituelako herri.
Horregatik diogu: Euskaraz bagara”.
The post Ziburun euskaraz izango gara appeared first on ARGIAren barrenak.