[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez dut buruan metroan ibili nintzen azken aldia, ezta lekua ere. Baina gaur Bilbon nago, satorren modura lur-azpian sartuta, eta iragarkiei begira, trenaren zain. Leku bila aurrera noala, hara non ikusi ditudan, Unamuno geltokian, Zazpi kaleetan, ARGIAko lagunen aurpegiak marraztuta. Ez da posible. Gerturatu naiz, abiadura azkartuta, nire begiei arrazoi osoa eman gabe oraindik, baina bai, hala da, Solway meatze enpresak egindako, mehatxuen aurrean 2023an emandako prentsaurrekoaren irudia da.
Mugarik Gabe GKEk erakusketa antolatu du Bilboko metroan, landu dituzten azken hiru kasuei ikusgarritasuna emateko helburuarekin. El Estor (Guatemala), Guapinol (Honduras) eta Tarahumara Mendilerroa (Mexiko) kasuak dira, eta bakoitzean urratutako eskubide bana ekarri dute horma-irudietara. El Estorreko kasuari lotuta dago ARGIA. Paolina Albani, Guatemalako Prensa Comunitaria hedabide digitaleko kazetariari egindako elkarrizketa gogoratzen duzu, irakurle? (“Organizazio kriminal gisa jokatzen ari da meatzaritza enpresa”). Solway multinazionala inguru horietan egiten ari den eskubide urraketak salatu zituen ARGIAn eta enpresaren mehatxua jaso genuen elkarrizketa argitaratu eta gutxira.
Gertakari hauen azalpenak gizarteratzeko eta ikustarazteko bidea ireki du Mugarik Gabe GKEk erakusketa honekin. “Bizitza Jokoan proiektuaren bigarren fasearen parte bat da eta bertan Erdialdeko Amerikako Giza Eskubideen eta Naturaren Eskubideen urraketen hiru kasu dokumentatu dira, baita meatzaritza, deforestazio eta kutsaduraren aurrean lurra eta lurraldea defendatzeko egindako erresistentziak eta borrokak ere”, azaldu du GKEk txostenean.
Lau hilabeteko erakusketa
Irailera arte egongo da ikusgai Bilbon eta alde batetik bestera ibili dira hamar panelak. Santutxun egon da, orain Zazpi kaleetan dago, eta gero etorriko dira Indautxu, San Mames… Gero unibertsitatera eramango dituzte Zoiartze Puentek egindako ilustrazio hauek guztiak.
Donostian beste erakusketa txiki bat ere jarri dute, “kartoizkoa eta txikiagoa da, baina irudi berak ditu”, adierazi dute. Altzako Kultur Etxean dago bigarren hau eta orain gutxi hitzaldi bat ere eman du Hondurasko defendatzaile batek, erakusketaren harira.
The post Metroaren zain zauden bitartean irakurtzeko appeared first on ARGIAren barrenak.