2019-11-13 11:09

Jakoba Errekondok ARGIAn argitaratutako lehen artikulua.

[Miren Osa Galdona] 1995eko uztailaren 9an argitaratu zuen Jakoba Errekondok landareei buruzko ARGIAko bere lehen artikulua. Gerezi sasoi aparta zuen izenburu. 1.112 artikulu idatzi ditu ordutik.

Pello Zubiriak “xaxatu” zuen ARGIAn landareez idazteko: “Nola edo hala idatziko duzu zerbait landareei buruz”, esan ziola du gogoan Errekondok. Ordu hartan jada Euskadi Irratiko Landaberri saioan ziharduen, egun larunbatero goizeko 9:30ean duen txokoan. Idatzizkora jauzi egitea “kosta” egin zitzaion, ez baita gauza bera ahoz komunikatzea edo ARGIA bezalako hedabide batean idaztea. Hori gutxi ez-eta, hizkuntzaren zuzentasuna eta publiko xedearen beharrak identifikatzen ere saiatu zen hastapenetan. “Gure herrian gauza bera izendatzeko hamabost izen ditugu, eta hori kontuan izan behar dut. Dugun aniztasuna jendeari gustatu egiten zaiola esango nuke”. Horrez gain, izen zientifikoak ere geroz eta herritar gehiagoren ahotan daudela dio, eta zuzenean horietaz galdetuz hurbiltzen zaizkiola maiz. “Lehen jendeak gauza jakin batzuek zekizkien soilik, etxean, esaterako, 20 landare erabiltzen ziren; 200 landare baino gehiago erabiltzen ditugu egun, eta jakin-mina bestelakoa da”. Jendearen beharretara egokitu da Errekondo. Haien galdera eta iruzkinetatik etengabeko irakaskuntza prozesua abiatu du bere baitan: “Jakitun naiz zer-nolako ardura dudan irakurleen ezagutzan; jendeak irakurri bakarrik ez, askotan bi edo hiru aldiz irakurtzen ditu artikuluak”.

2015ean baratzeari buruzko liburuxka bat egiteko eskatu zion ARGIAk Errekondori, gizartean sumatzen baitzen baratzea estimua irabazten ari zela: “Elikadura burujabetza” herritarron kontzientzietan indartu zen eta gero eta jende gehiagok baratzeari ekin zion. Liburuxka beharrean, entziklopediatik gehiago duen Bizi Baratzea liburua egin zuen Errekondok eta izan zuen arrakastak erakutsi zuen bazela eremu oso bat edukien bidez jorratzeko. Horrela jarri zuen martxan ARGIAk Bizi Baratzea proiektua, Jakoba Errekondo ere bertako kide dena. Proiektu horren uzta dira Altza Porru komiki liburua, Landareak Lantzen agenda liburua (2018, 2019 eta 2020koak atera dira) edo bizibaratzea.eus webgunea eta buletina. Lurrari lotutako eragileekin hainbat lan ere egin ditu Bizi Baratzeak: argitalpen bereziak, hitzaldiak, formakuntza saioak…

111 liburua kaleratu berri du ARGIAren Bizi Baratzea proiektuak. Errekondok astekarian idatzitako artikulu hautatuen bilduma da (Itsaso Zubiriak azaldu dizkigu bere barrenak ondoko orrian). Gorka Arresek, 111 liburuaren editoreak esana da inoiz ez dela hainbeste idatzi euskaraz landareez, ez hain modu jantzian eta goi-mailakoan. Hitzoi ondorengoa gaineratu die Errekondok: “Hori ARGIAri zor diogu, ez baitu beste inork halako ezer egin. Hori oso garrantzitsua da, lotura baitu bertako kulturarekin, hizkuntzarekin, garenarekin”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.