2025-12-04 14:13

37. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak banatu zituzten azaroaren 26an Andoainen (Gipuzkoa). Jakoba Errekondok jaso zuen Ohorezko Mugarria saria, Euskadi Irratian eta ARGIAn baratzeari buruz egindako dibulgazio lanagatik. Jenofa Berhokoirigoinek jaso zuen Kazetaritza Saria, ARGIAn idatzitako Mendez mende dabilen lanbidea, garai berrietara egokitu nahian erreportajeagatik. Komunikazio Saria on.eus atariak jaso du euskaraz bizitzeko tresnak hainbat tipologiako herritarren eskura jartzeagatik. Ondoko lerroetan Errekondoren eta Berhokoirigoinen hitzartzeak jaso ditugu.

Jenofa Berhokoirigoin

“Sistemak ez zaituzte nahi baina jendarteak behar zaituzte, eta segituko dugu zuenaren berri ematen”

Milesker handi bat zinez. Hasteko pertsonalki, sinpleki plazer handia eragiten didalako.
Baina batez ere mila esker sari horrekin urte luzeetan zehar egiten duzuen ekarpenagatik, fokua jartzen duzuelako euskaraz bideraturiko kazetaritzan. Bagabiltza diglosiaren erdian lanean, euskaratik eta euskaraz. Bagabiltza adimen artifizialak, algoritmoek, berri faltsuek eta ultra-aberatsek geroz eta botere gehiago duten errealitate honetatik, bestelako kazetaritza bat eskaini nahian, euskaratik eta euskaraz. Ez da testuinguru errazena, baina bagabiltza eta anitz gara. Hemendik besarkada bat Bilbo aldera, gaur jakin dugulako Bilboko Uriola eta Prest aldizkariak hetsiko dituztela, arrazoi ekonomikoengatik… Galera handia da. Egiten den horri garrantzia emateko balio du Rikardo Arregi Sariak, beraz, mila esker.

Bestalde, mila esker ARGIA lantaldeari, lantalde ederrari. Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian erreportajea, bada, ene ustez, adibide on bat lantalde horren izpirituaz ohartzeko: artzaingoarena ez da irakurlego alimalea, bai ala bai, bermatzen digun gai bat, ez da aktualitatean bero-bero den gai bat… eta hala ere, orriak eta azala bideratzen dizkiogu. ARGIAn bagabiltzalako kazetaritza independentea egiten: mundu trakets honetan salatu eta argira eraman beharrekoa azaleratzen eta amesten dugun bestelako mundu horren alde gure ekarpena egiten. Eta artzain horien erronkak, gogoetak, pozak, trabak, kezkak eta ametsak azalera eramatea ere hortik egin zen.

Azken esker bat, hain justu, laborari horiei. Enetzat bada berezia sari hori erreportaje horrekin jaso izana. Sari hori eskaini nahi diet laborari ditudan lagun guztiei, baita laborari diren anaiari eta koinatari ere. Laborantza herrikoiaren eta iraunkorraren hautua egiten duten pertsona horietan bada maitasun handia, determinazio handia eta erradikaltasun handia, zentzurik ederrenean. Sistemak ez zaituzte nahi baina jendarteak behar zaituzte, beraz, milesker egiten duzuenagatik. Eta ARGIAtik, baita Bizi Baratzea Orria-tik, segituko dugu zuenaren berri ematen, behin baino gehiagotan diogun bezala, ez garelako neutralak. Mila esker.

 

Jakoba Errekondo
“Gu gurera; Lurra, herria eta mundua hobetzeko”

Karga handia du sari honek. Pisatu al duzue?

Hitz bakar bat: eskerrik asko.

Ez dut gustuko gaurko mundu hau. Eta irauli nahi dut, nahi dugu, ikusten denez. Lurra laiatu, jenio onarekin eta umore onarekin ongarritu, edertasuna erein, elkarlana landatu, jakintza birlandatu, herrigintza jorratu eta bizipoza txertatu… maitasunaren uzta jasotzeko.

Mundu zital honetan, gure aita zenak esango lukeen bezala, “mundu allubontan”, maitasunaren uzta jasotzeko sekta bat gara. Berrogeitaka urteotan, milaka lurzale eta euskara zale elkartu gara, eta duela hamar urte izena eman genion, bi hitz sinpleko izena: “baratzea” eta “bizi”, Bizi Baratzea. Eta gure lema armatu: eman eta hartu. Eman eta hartzen dugu jakintza, eta jantzi egiten gara kulturaz, bere jatorrizko, bere etimo cultivare-tik jantziaz, denon jakintza osatuz. Eta hori dena leialtasunetik, gogokidetasunetik eta maitasunetik.

Jatorrizko kulturaren, lurra lantzearen kulturaren, aieka morfologikoa eta aieka psikologikoa elkartzen dituen antropologiatik ez gabiltza oso urrun Bizi Baratzeako lurralde sare zabalean ari garen milaka lagunok. Zizareen moduan ari gara, ezkutuan, lurrean, lurra aberasten. Eta nonahi ari gara. Gure lanaz eta emanaz hitz egiten da azoka guztietan, taberna eta ostatuetan, familia otorduetan… Nahiko lukete besaulki eroso belusatutako horietan dauden makina bat agintarik berataz horrela aritzea jendea! Bai, bai, harropuzkeriaren traktoretik lurrari buruz eta euskarari buruz akulturizazioa hauspotzea besterik ez dakarren ezjakintasunaren hazia ereiten dute horiek, nahiago lukete, bai!

Gu gurera. Kasualitaterik ez dago. Matematikoki ezinezkoa da. Ni erdi ingeniaria naiz eta matematikoki kasualitaterik ezin da. Lurraren matematikak ederki erakusten digu hori. Gu gurera, bai. Gu, gu egiten gaituenera. Memorian eraildutako edo txertatutako hitzak; soro ipularretan mantalaren patrikatik eroritako haziaren mozkina jaso, jagon eta zabaltzen; esaeretan txirikordatutako txinparten distira berbizitzen; aldamenekoarengandik inspirazio pizgarria fu eginez hauspotzen; utopiaren lekak aletzen –Aranon eta Markinan esango luketen eran, utopien lekak “irakurtzen”–; eta matxino, asaldatu, haserre, azpi-armonien eragile, utopia berriak asmatzen. Lurra, herria eta mundua hobetzeko. Jan, jantzi, eta jakintzatik. Gu gurera.

Ama, amaitzeko: nireak izan dira gure lurra, gure kulturaren lurra eta gure hizkuntza, gure kulturaren hizkuntza. Horiei helduta, gaur egun autista sentitzen naiz, ilargiari begira. Alajainena! Eta lurra etxetik datorkit, hizkuntza bezala. Baina gure garaian, gazteleraz ikasi genuen eta Joxepa eta Benitoren alaba gure ama Garbiñek, eta Joxepa eta Dionisioren seme gure aita Jexux Mari zenak, garaiko lehen gau-eskolara bidali gintuzten. Hain justu, gaurko sariak gorazarre egiten dion Rikardo Arregik sustatutako alfabetatze gau-eskolara, Usurbilen. Han joaten ginen 10 bat urteko ume-mokoak, emakume eta gizaseme handien artera, “hilargia” h-rekin idazten zela ikastera eta desikastera. Alfabetatzearen umea naiz, alfabetatze haren kumea naiz. Eskerrik asko, Rikardo.

Rikardok harreman handia dauka Usurbilekin. Eta hemendik ideia bat eman nahi diet datorren urteko sari hau antolatzen dutenei. Datorren urtean beteko dira 60 urte Rikardo Arregik Usurbilen, nire ustez euskararen inguruan dagoen hitzaldirik onena eman zuela. Usurbilgo Udarregi bertsolariari Erremigio Mendiburuk egin zion eskultura inauguratzeko ekitaldia egin zen egunean, bazkal ondorenean eman zuen diskurtsoa. 60 urte izango dira datorren urteko maiatzaren 22an.

Eta beno, hiru hitz:
Bat, “ekin eta aurrera”. Ez itxaron. Saiatu ez hintzenaz, behintzat, ez damutzeko.
Bi, “elkarrekin elkarbanatuz”. Denon onerako. Bakarkakoa bide-zidor estua da. Bakarkako bide-zidorra motxa da.

Eta hiru, “benetakoa izan eta jator aritu”. Besteek diotena ez izan. Zure tonua, zure erritmoa, eta zure hautua.

Eta bukatzeko, ni itsasoa baino ikusiagoa nola naizen, txepetxa baino adituagoa, eta onddo beltza baino usainduagoa naizenez, mesedez, altxa zaitezte denok eta zutik jarri. Zuen denongatik nago gaur ni oholtza honetan eta zuen denona da gaurko mugarri hau. Txalo bat.

The post Laborantzari aitortza appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.