[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez dago kazetaritza ikasi beharrik kazetari izateko. Aspaldi entzuna dut esaldi hori. Gehiago da interesa izatea, informazioa jakin nahia, kuriositatea… idazten idatziz ikasten da. Kazetaritza eginez. Horretan ari da Jon Fernandez ARGIAko bekaduna. Portugaletetarra bera, 23 urte ditu eta Zientzia Politikoen adarretik heldu da, Partaidetza eta Garapen Komunitarioko masterra bukatu berritan.
Unibertsitateko gradu ikasketak egiten ari zen bitartean, Ikusiker ikus-entzunezkoen behategian egonaldi txiki bat egin zuen eta gazteen sare sozialetako erabileraren inguruko ikerketa kuantitatiboan parte hartu zuen. Orain hilabete batzuk, jada masterrean zela, Joxemi Zumalabe Fundazioan egin du beste praktikaldi bat eta herri mugimenduaren inguruko gogoeta egiten aritu da, eraginkortasun politikoaren inguruko gogoetak, elkarrizketak… “Euskal Herriko hainbat tokitako eragile esanguratsurekin bildu naiz eta oso lan interesgarria izan da”, azaldu du. “Zientzia Politikoetatik nator, baina beti erakarri nau kazetaritzaren munduak. ARGIA aspalditik jarraitzen dut webgunean eta sare sozialetan, eta beti iruditu zait interesgarria bere izaera independentea, euskarazko komunikabidea izatea, txikia… bere leloak ondo definitzen duela uste dut: “Txikitik eragiten”, jarraitu du Fernandezek.
Ekainean hasi zen Lasarte-Oriako egoitzara etortzen eta “asko entzuten nuen hitz egiten hizkuntzaren ekonomiaren inguruan, hitzak murriztea, aurreztea, optimizatzea… baina modu berean garrantzitsua iruditzen zait politikaren hizkuntza; idazteko modua, erabiltzen ditugun hitzak… azken finean oso politikoa da, erabiltzen ditugun kontzeptuek modu batean edo bestean moldatzen baitute helarazi nahi dugun mezua. Eta ARGIAko albisteetan asko nabaritzen da hori, noski”.
“Ziurgabetasuna” du ahoan, gaztetasunaren ikur ia. Irailetik aurrera doktoregotza tesia du aukeretako bat “baldin eta unibertsitateko beka lortuko banu”, zehaztu dit “eta bestela ez dakit ikasketekin jarraitu ala lan mundurako pausoa emango dudan”. Dena den, abuztuaren 31ra arte ARGIAn irakurriko dugu eta ez du elkarrizketa amaitu nahi izan praktikaldia egiteko asmotan dabilena ARGIAra gonbidatu gabe: “Ez izan zalantzarik, lankideak laguntzeko prest egoten dira eta ikasketa polita da”.
The post Kazetaritza egiten ikasteko praktikaldia appeared first on ARGIAren barrenak.