2025-05-06 12:56

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Finlandiatik igortzen dizkigu erreportajeak, hiru astean behin, gaur aurkeztera natorren kolaboratzaileak. Eta ez hasi flipatzen, ez da duela hamar urte Euskal Herriaz maitemindu eta Helsinkiko euskal etxean euskara ikasi duen finlandiar bat, C2a ateratzera iritsi dena eta orain euskaraz bizi dena. Ez. Urruñarra (Lapurdi) da bera, 1980an jaioa, Nicolas Goñi du izena eta arrantza ikertzailea da. Hala egin digu bere bizitokien deskribapena: “Turku hirian dut helbidea, baina babak, azak eta bertze hazten ditut Urruñan eta Finlandiako ekialdean”.

Urte askoan Pello Zubiria Kaminok astekarian ondutako Net Hurbil atalean aritzen da, 2022ko udazkenetik, Jenofa Berhokoirigoin eta Urko Apaolaza Avilarekin batera. Ez da kazetari lanak egin dituen lehen aldia. Enbata hilabetekarian 2020an hasi zen eta Euskal Irratietan ere betetzen du bizpahiru minutuko iritzien atala, Goiz Berri saioan. “Arrantza ikertzailea naiz ofizioz eta baratzezaina afizioz. Elikatzen gaituzten ekosistemekin eta klimarekin lotura dute bi gai horiek; klima aldaketa dugun arazo handiena da eta kezka nagusiena dut; azaldu digu. Bizi! Mugimenduko kide ere bada, “gaiak berak arduratuta”.

“Irratirako iritzi labur formatu horretan ekosistemak, baliabideak eta horiekin gizarte gisan ditugun harreman korapilatsuak nituen aipagai askotan, baita interdependentzia ulertu beharra ere, pandemiak oroitarazi ziguna”, aipatu digu. Berhokoirigoinek entzunak zituen iritzi horiek eta Net Hurbil-en berrantolaketan bururatu zitzaion Goñik irratirako lantzen zituen gai horiek egoki sar zitezkeela ARGIAn. Hortik proposamena.

Gaiak abstraktutik konkretura ekarri nahian
Klima, laborantza, baliabide naturalen ustiapena, kutsaduren inguruko injustizia, bioaniztasuna, desazkunde globalaren beharra… gai potoloak dira Net Hurbil-en lantzen direnak. “Gehiegitan modu oso abstraktuan edo teorikoan hautematen ditugun arazoak saiatzen naiz modu konkretuan aipatzen”, azpimarratu du. Bizimoduak edo arazo zehatzak azaltzera jotzen du, adibidez, klima desoreka edo baliabide ustiapen desegokiaz mintzatzeko. “Jasangarritasun kontuak ez baitira bakarrik zenbaki handiak, baizik eta bizitzak ere, gehienak hedabide handietatik urrun. Eta arazoak aipatzeaz gain, heldulekuak ematen eta alternatiba konkretuak erakusten ere saiatzen gara, mundu kaotiko honetan bizi baldintzen jabetza moduak izan daitezkeela gogoan edukitzeko”, errematatu du.

The post Iparraldetik iritsitako erreportajeak appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.