[Onintza Irureta Azkune] Aste honetako Komunitatea atala ez du Itsaso Zubiria Etxeberriak sinatuko, astero egin ohi duen bezala. Hamar urte dira ARGIAren berri emateko txoko hau sortu genuela eta hamarkada osoz idatzi ditu artikuluak Zubiriak. Solasaldia izan dugu berarekin eta hamar urteak zer moduzkoak izan diren galdetu diogu, baita jarraitzeko asmoa duen ere.
Spoilerra egingo dugu: jarraitzeko asmotan da. Ez da kazetaritzan aritzen egunerokoan eta astero kazetaritza lantxo hau “erraz eta gustura” egiten duela dio. Komunitatea atala egiteko proposamena nola iritsi zitzaion galdetu diogunean, kosta zaio zehaztasunez gogoratzea, baina garai hartan zein saltsatan zebilen ondo gogoan du: 2012-2013 ikasturtean, Historia ikasketak egiten ari zela, praktikak egin zituen ARGIAn, eta handik lasterrera astekariko bi ataletan, Lander Arretxearekin batera, artikuluak idazten hasi zen. Prekarietatearen aurpegiak eta Txanponaren beste aldeak ziren bi atal haiek. Bizi Baratzea sailean ere, webgunerako lan batzuk egiten ari zen. Garai hartan, telefono dei bat izan zuen, eta galdetu zioten ea animatuko zen Komunitatea atala abian jartzera. Baietz erantzun zuen. Irribarrea atera zaio: “Hamar urte geroago, pentsatzea 24-25 urteko bati eman zeniotela ardura hori! Aupa zuek!”. Alabaina, ARGIAk ez zuen itsuan jo Zubiriarengana. Hernaniarrak praktikak egiten hasi baino askoz lehenagotik ezagutzen zuen ARGIA: “Guretzako etxea izan da ARGIA eta etxean eduki dugu ARGIA”. Horregatik, gauza asko ezagunak egiten zaizkio, ARGIAren historia ondotxo ezagutzen du, eta “artikuluetarako gaiak proposatzen dizkidatenean ez naiz hasten ‘Zer ari zait esaten? Norekin hitz egingo dut horretaz?’ esaka, badakit zertaz ari zaizkidan.
Kontatzeko asko
Zubiriak gogoan dauka ARGIAkoek zer espero zuten atal berritik, zein beharretatik sortu zen txokoa: “Harpidetza sistemari buelta bat ematen ari zineten [gaur egungo harpidetza sistema 2019an jarri zen abian]. Hori irakurleei nola kontatu pentsatzen ari zineten. Horrez gain, Argia egunak egiten zenituzten, eta ehungarren urteurrena zetorren. Gauza asko zenituzten kontatzeko, baina ez zenekiten oso ondo nola egin, noraino bai, noraino ez… zeuen burua goratze hutsean ez zenuten gelditu nahi. ARGIAz hitz egiteko gogoa zeneukaten, formula hau proposatu zenidaten, eta nik baietz”.
Idazkera, bere-berea
Badu umorea, ironia, mundu ikuskera baten printzak ematen dituen idazteko modu bat. Hamar urtetan estilo bat landu du, berak esan digunez ez hala erabaki zuelako hasieratik, baizik eta eginaren eginez onduta: “Asterokoa izateak errespetua ematen zidan, ez ote zen aspergarria izango. Gai batzuk urtero errepikatzen dira, adibidez, Egutegia, Gakoak, Sagarrondotik… Zer esan aldi bakoitzean? Horregatik, hasi nintzen nahiko libre idazten, umorea sartzen, ironia erabiltzen… Eta konturatzen nintzen ez zenizkietela guraizeak askorik sartzen artikuluei, ez zirelako nahiko serio-edo, eta horrela segi dut”. Aitortu digu iritzi artikuluak irakurtzea gustatzen zaiola eta horrek bere idazkeran eragina izan duela. Ez da urrutira joan eta etxeko bi aipatu ditu, Gorka Peñagarikano eta Gorka Bereziartua: “Extralurtarrak iruditzen zaizkit, idazten trebeak; eroso ari direla nabari da, libre”.
Kolpe batean idazten duen horietakoa da Zubiria. Hasiera ondo pentsatzea gustatzen zaio, “horrek lotzen bainau hurrengo denerako”. Bukaeran errematea egitea ere gustuko du. Kolpean egiteak ez du esan nahi beti lehen aldian gustura gelditzen denik: “Ahula atera zaidala, ironia kutrea dela, utzi egiten dut eta beste batean heltzen diot berriz”.
Txikitik eragiten
Umorea bakarrik ez, ARGIAren leloarekin bat eginda, “txikitik eragiteko” aukera ere baliatzen du asteroko artikuluetan. Handia istorio txiki batetik kontatzea, ulertaraztea, gustuko du: “Pelikula batean etxebizitzaren arazoa familia baten bizipenetatik kontatzea. Atal honek horretarako aukera ematen dit. Hari bati tira eta 2.000 karakteretan sartu daitezke mezutxo batzuk, mundu ikuskera baten berri eman, nire gogoetak azaldu”.
Zer hobetuko zenuke ARGIAn?
ARGIAri buruz hainbeste idatzi duenari etxeari buruz galdetzea ezinbestekoa da. Atrebentziaz aritzeko eskatu diogu. Aldizkarian jorratzen ditugun gaien inguruko gogoeta bat egin digu: “Oso-oso gustura irakurtzen dut astekaria, zer esango dizuet! Duela pare bat urte, lagun batek esan zidan oso gustura irakurtzen zuela ARGIA. Gehitu zuen ertzetako historia, pertsona eta proiektuei buruz hitz egiten dela eta batzuetan irakurleek oso urrutiko sentitu ditzaketela. Nik eskertuko nuke irakurleei gertuko zaizkien eta urrutikoak diren kontakizunen arteko oreka bilatzea, bestela arriskua dago irakurleei oso arrotzak edo ulertzeko zailak gertatzea”.
Astekariaren banaketaz ere gogoratu da: “Badakit jakitun zaretela, baina batzuetan astekaria atzeratuta iristen da edo bi batera jasotzen ditugu”. Proposamen berriak egiten hasita, denboran atzera egin du: “Argia egunak pila bat gustatzen zitzaizkidan. Pentsatzen dut hausnartuko zenutela, lan handia izango dela, baina nahiko nuke horiek itzultzea”.
Beste hamar urte?
Galdera tipikoa kazetariak egin diona, eta erantzun originala Zubiriarena: “Lehengoan bati entzun nion harreman sentimentalak plataformetako telesailen arabera neurtzen direla. Bikote harreman batean hasi berri denak esan diezaioke besteari, ‘hasiko al gara telesail hau ikusten’ eta besteak pentsa dezake, ‘gure harremanak iraungo al ditu hiru denboraldi?’. Hamar urte asko dira, baina ARGIAk horrelako proiektua izaten segitzen baldin badu, seguruenik askoz errazago jarraituko dut hamar urtez; gozamena delako, beti ondo zaindu nauzuelako, eta ez da edozein lekutan aurkitzen hori”.
Kritikak koadernoan jasoko ditugu eta laudorioak irribarre batez hartuko. Itsaso Zubiriak, hurrengo astetik aurrera, beti bezala, jarraituko du ARGIAren eta komunitatearen arteko zubi-lanak egiten.
The post Hamar urte komunitateari kontatzen appeared first on ARGIAren barrenak.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.