2025-09-15 10:29

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Noiz joango gara erraldoiak ikustera? Non egingo dute hurrengo dantza? Non astinduko dituzte berriz maskuriak buruhandiek? Erraldoien lilurak harrapatuta duen norbait etxean baduzu eta horrelako galderak egin ohi badizkizu, asteak pasatzen badituzue erraldoiak berriz noiz ikusiko, hemen duzue pertsonaia hauekin urte osoan jolas egiteko beste aukera bat: erraldoi eta buruhandien karta jokoa kalean da!

Adur Larreak egin ditu ilustrazioak, Abentura erraldoia liburu-bildumaren marrazkilari berak, eta irakurri dituenak ikusiko du karten eta liburuen arteko lotura ñimiño bat. Ez batak bestea behar izaterainokoa, bakoitzak bere aldetik funtzionatzeko bezain libre, biak ezagutuz gero pertsonaia eta irudi batzuen lotura egiteko moduan. 42 erraldoi eta buruhandi biltzen ditu karta jokoak, genero eta lurralde aniztasuna kontuan hartuta. Euskal Herri osoan zehar hara eta hona ibili dira –ez egun txarrenetan, beti festa giroan!– peskizan, erraldoi ederrenen bila. Eta zein izan diren hautatuak? Ai, irakurle, txiste guztia ezin esplikatuko dizut, intrigazko liburu eta filmak hain modan dauden honetan, nik ere utzi nahi dut misterio pixka bat.

Esango dizudana da memoria eta familia jolasetarako prestatutako karta-sorta dela, zazpi familiaz osatutako bilduma, familia bakoitza sei kidek osatzen dutela –hiru bikote, memoria jolaserako balioko dutenak– , eta ez direla falta Caravinagre, Mari, Ojobiriki eta Basajaun. Sanferminetako familia, kirolariena, pertsonaia ezagunena, lanbideena, buruhandiena, Abentura erraldoia ipuin-bildumarena eta familia mitologikoa dira zazpi talde nagusiak eta bakoitzeko kide batek familia osoaren azalpen azkar bat egingo digu kartaren atzealdean.

Salgai daude jada gozamen erraldoirako pentsaturiko kartak azoka.argia.eus atarian.

The post Gozamen erraldoirako joko berria appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.