[Itsaso Zubiria Etxeberria] Patxadaz irakurtzeko edukiak aldarrikatu eta gero presaka idazteak ez du zentzu handiegirik, ez al duzu uste, irakurle? Azken orduko ukituak aparte, aurrez denbora eta hausnarketa asko eskainitako Gakoak jasoko duzu uda honetan (ere). Hilabeteetako prozesu luze baten emaitza izango da, ondo pentsatutako gaien bila denbora pasatzen baita, aldizkari orekatu baten bila, gaiak, pertsonak, formatuak, azala… dena pentsatuta eta edukiak ia prest, abuzturako azken xehetasunak fintzen ari dira ARGIAn.
Aurten emakumeek hainbat arlotan izandako jardunak pisu berezia izango du argitalpenean. Azala bera ere, kirola egiten duten hainbat emakumeren esperientziekin ondutako erreportajeari eman zaio. Baina, horrez gain, musikan eta oholtza-munduan emakumearen presentziaz ari den erreportaje bat ere izango dugu Maria Ortegaren eskutik. Nazioartean Leire Artolak ekarriko digu El Salvadorren kazetari lanetan aritutako Gema Lasarte errenteriarraren esperientzia. Danele Sarriugartek, berriz, Miren Egaña hizkuntzalari, irakasle eta etnografoari egindako elkarrizketa sakona prestatu du.
Udako oporrekin pixka bat lotu nahirik, argitalpen honetan jasoko dira, baita ere, naturarekin gozatzeko aukerak, kultur gomendioak, ibilbide tematikoak: hartzaren atzetik Leongo (Espainia) mendietara eramango gaituzte bidaian, Euskal Herriko hainbat “auzo borrokalaritan” barrena murgilduko gaitu Urko Apaolazak, eta munduko hainbat eta hainbat ibairen barrutik ateratako irudi bereziak ekarriko dizkigu Nagore Legarreta argazkilariak. Aurten, gainera, 2021eko Gakoak hartan bezala, udan girotutako komikia prestatzen ari da Maider Leturiaga.
Historian 1.000 urte atzera eramango gaitu Josu Narbartek Ipuscua hitza aitzakia hartuta, orduko euskal lurraldeak eta bertako jendeak nolakoak ziren azaltzeko. Gure historia hurbilagoan, Marijo, Josetxo eta Oihanaren bizitzak ezagutzera emango dizkigu Zigor Olabarriak, hegotik iparreraino gurutzatzen duen erbestea eta tortura mahai gainean jarriz eta familia txiki baten adibidea hartuta, kontatuz, zer gertatu zen.
Xabier Letonak, berriz, Jon Sarasua bertsolari eta irakaslearekin euskararen biziberritzeaz eta arlo sozioekonomikoaz izandako solasaldi mamitsua dakarkigu.
Ni jada abuztuan pentsatzen ari naiz… Zerrenda luze horretatik zer irakurriko dut aurrena?
The post Gakoak eskaintzeko prestaketak appeared first on ARGIAren barrenak.