[Itsaso Zubiria Etxeberria] Pentsatze hutsak korapiloa sortzen dit eztarritik urdaileraino, oso ondo identifikatu gabeko lekuren batean, irudiek baino, irudi horiek sortu beharko liguketen –eta azken aldian gehiegi pizten ez diguten– saminaren faltak. Genozidioa normalizatzen ari ote garen. Basakeriak geroz eta gutxiago mugitzen ote gaituen. Herri oso baten suntsitzea paisaiaren parte bilakatu ote den.
Sentsazio hori bera izan du ekaina eta uztailean zehar ARGIAko lantaldeak, eta irailaren 28rako Palestinaren inguruko zenbaki berezia ondu dute genozidioa ez normalizatzeko eta salatzeko. “Egia da udan berriz ere gaia hauspotu dela gosetea begien aurrean jarri diguten irudiak tarteko, eta pasa den astean Gazara abiatu den ontzidi erraldoiak inoiz ez bezalako oihartzuna lortu du. Orain arte hitzari uko egin dioten gobernari eta alderdiak genozidioa ahoskatzen hasi dira, edo CAFi ‘gogoeta etikoa’ egiteko eskatzen… baina arrazoiak berdina izaten jarraitzen du eta guk Palestinako egoera salatu nahi dugu”, azaldu du taldeko kazetari batek.
2023ko azaroan argitaratu zen Palestinaren inguruko lehen monografikoa eta “oso harrera ona” izan zuela adierazi dute. Horrek ere motibatuta heldu diote bigarren honi, besteak beste palestinarren hitza jasotzeko ahalegina eginez. Rashid Khalidi-ri egin dio elkarrizketa sakona Lander Arbelaitzek. Khalidi jatorri palestinar eta libanoarreko historialari eta idazlea da, nazioarteko erreferentzia eta Palestinako ordezkaritzaren aholkulari izana Madrilgo eta Washingtongo bake-negoziazioetan. Jerusalemdik bertatik idatzitako iritzia ere bilduko du zenbaki honek, Mounir Marjieh-ek idatzia. Euskal Herrian bizi den Taher Ali diasporako palestinarraren iritzia ere jasoko du ARGIAk. Bera Ateneo Palestinarreko ekintzailea da. Aldizkariko ohiko zenbait atal ere mantenduko dira, guztiak gaiari lotuta, hala nola, Bizi Baratzea saila, lurraren ikuspegitik Palestinaz ariko dena. Ekialde Hurbileko analisi orokorra, erreportajeak, infografiak… ere ikus-irakurri ahalko ditugu datorren astean.
Genozidioaren azken azelerazio hau gertatu zenetik bi urte beteko dira laster eta ARGIAtik sionismoaren proiektua ez normalizatzeko eta salatzeko kazetaritza egiten jarraitzea da asmoa. “Egunerokotasunetik, gure tamainan, jarraipen handia egiteko apustua egina daukagu eta horretara ere badator zenbaki berezi hau”.
The post Ez dezagun normalizatu gosea, sarraskia, genozidioa appeared first on ARGIAren barrenak.