2025-10-30 14:22

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Hala definitu ditu Josu Martinezek 1977 eta 1980 bitartean Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan Joseba Sarrionandiak argitaratutako artikuluak, bildu berri dituenak Pamiela argitaletxeak, Martinezen beraren edizio eta hitzaurrearekin, Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980) liburuan. Donostiako Zinemaldiaren atarian egin zuten aurkezpena.

Irudiz eta euskaraz liburua idazteko lanetan, euskal prentsa historikoan murgilduta zebilela topatu zituen Sarrionandiaren testuok Josu Martinezek. Momentuan artikuluak sakon aztertzeko denbora soberan ez eta “denak kopiatu eta karpeta batean gorde” zituela aitortu du. Proiektu batetik besterako tartean gainbegiratu zituen eta berehala ikusi, guztiak bildu eta argitaratzeko moduko edukia zela. “Koldo Mitxelenaren Egan-eko kritikak eta Xabier Unanuek Zeruko Argia-n publikatutako artikulu didaktikoak kenduta, zinemari buruz euskaraz eta jarraikortasunez idatzitako lehendabiziko lanak dira”, azaldu du Martinezek.

Anonimoak Anbotoren magaletik
Durangotik modu anonimoan iristen hasi ziren idatzi batzuk Donostiako Okendo kaleko bulegora eta hala azaldu du ordurako Zeruko Argia-n zebilen Elixabete Garmendiak: “Ondo idatzita zeuden, artikulu modernoak ziren, zinemari buruzkoak oro har, baina baita gai soziopolitikoen ingurukoak ere, betiere ezkerretik pentsatuta, eta ezizen batekin sinatuta”. Bilera batera Donostiara gerturatu behar zuela-eta, Zeruko Argia-ko bulegotik pasatzekotan geratu zen 18-20 urte bueltako Joseba gaztea eta tratuak egin zituzten; zerbait pagatuko ziotela, Zeruko Argia-rentzat inportantea zela haren idazkiak argitaratzea. “Gu kazetari soil-soilak ginen, eta hau idazlea zen; idazkera gustatzen zitzaigun eta bazeukan zerbait indar handia zuena”, adierazi du Garmendiak.
Josu Martinezek liburuaren hitzaurrean, aurkezpenean bezala, honela azpimarratu du: “Testuok arras interesgarriak dira garaiko kronika bezala ere. 1977 eta 1980 arteko sasoia berezia izan zen gizarteko arlo guztietan, eta Sarrionandiaren testuak orduko giroari erabat loturik daude, lekukotza balios bat dira. Zinemaren alorrean ere, film politiko eta erotikoen bolada izateaz gain, orduan ezagutu ziren Hego Euskal Herrian urtetan zentsurak debekatuta egondako hainbat film, eta Sarrionandiak eztanda haren notario lanak egin zituen, astez aste, euskal prentsarentzat”.

The post Euskarazko zinema-kritikaren aitzindari appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.