2018-01-24 11:32

ARGIAko lantaldeak elkartasuna adierazi nahi die Garako bi kazetariei, Jone Goirizelaia abokatuari eta Cabacas familiari.

Diru publikoarekin ordaindutako operazio polizial baten berri ematea ezin da inoiz delitu izan. Garako Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo kazetarien eta Jone Goirizelaia abokatuaren aurkako epaiketak kazetarion jardun publikoa kriminalizatu eta baldintzatu nahi du. Funtzionario publikoen lanaz publikoki informatzea osasungarria da gizarte osoarentzat. Diru publikoaren erabileraz eta haren ondorioez jardutea –are gehiago tartean hilketa bat izanik– gardentasun ariketa garrantzitsua da. Azken garaiotan gizartean oso errotuta dagoen aldarrikapena da: boterean daudenen kudeaketari buruzko informazio eta kontrola. Zentzu horretan, Cabacas auziarekin lotuta Garako kazetariek egin dutena, kazetaritza egitea izan da. Ez besterik.

Indar polizialek zaindu beharreko eskubideak dira adierazpen askatasuna eta informazio librea. Epaiketa eta balizko isunen bitartez horiek ezbaian jartzeak ez dio justiziari onik egiten.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.