[Itsaso Zubiria Etxeberria] Izar, Ainubi, Etxahun eta Kukutturlio izenak ezagun bazaizkizu, seinale etxean edo inguruan baduzula erraldoien lilurak harrapatuta daukan haurren bat. Alajaineta herrian kalejira galzorian egotetik indartuta atera zen Gorka Bereziartuaren eta Adur Larrearen Salba dezagun kalejira liburuan, Alkatearen eta bere morroien zorigaiztorako. Orain, abentura berriekin datoz gure lagunak. Aurkeztu berri dugu Hegan, Abentura erraldoia bildumaren bigarren liburua.
Magiaz beteta dator bigarren hau ere. Aurrenekoan, erraldoi bat hegan ikusi zutelakoan daude Etxahun, Izar eta Ainubi; baina, hori posible al da? Bigarren abentura honetan aspaldi-aspaldi gertatutako kontuak ezagutuko dituzte. Eta, orain bai, erraldoi hegalariak badaudela sinetsi beharko dute gurasoek.
“Alajainetan badira euskal tradizioaren parte diren erraldoiak, baita beste mitologia garaikideagoen parte diren figurak ere (Marveleko super-heroiak, adibidez)”, azaldu zigun Bereziartuak 2024ko urrian egindako elkarrizketan, eta horri gehitu zion Larreak: “Saltsa ederra dugu ipuinean, bai, eta erraldoi ugari aurki ditzakegu: Zumalakarregi, laboraria, Gasteizko erraldoietako erregea… eta tartean daude asmatuak, Gorkaren hitzetatik abiatuta psikodelia pixka bat sarturik atera diren erraldoiak”. Gauza berriak probatzeko ate txiki bat ireki zuten duela urtebete. Ez dira liburu pedagogikoak izateko jaio, “irakurketak eta literaturak, plazera izan behar du, batez ere”, diote. Prozesuan eta prozesuaz ere gozatu dutela azpimarratu zuten lehen ere, binakako sorkuntzan, idazketa eta marrazketa uztartuz; zioten, Alajainetak badituela oraindik abentura asko gordeta eta heldu da bigarrena, hirugarrenik egongo den jakin gabe.
Maskuri, dultzaina, txistu… jai giroan sumatzen badituzu, gerturatu badaezpada, ARGIAko lagunek ere, liburu berria saltzeko aitzakiapean, erraldoi eta buruhandien ondora gerturatzeko asmoa baitute. argia.eus-en jakinaraziko dute zein festatan izango diren, beraz, adi!
Eta ezin baduzu zain egon, sartu berehala azoka.argia.eus atarian, deitu edo idatzi bertara (telf.: 943 37 15 45 eta posta: azoka@argia.eus).
The post Erraldoien magia itzuli da Alajainetara appeared first on ARGIAren barrenak.