2025-07-24 14:51

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Erleei badiet estimu berezi bat. Egiten duten lan guztiagatik baino (eta ez nieke meriturik kendu nahiko, bioaniztasunarena eta hori guztia…), sentimentalagoa den zerbait da. Etxean sartu eta entzuten zen burrunba hori, pintzak, azukrea, azala, eztena… Inbidiaz aditu dizkiot Estitxu Eizagirreri duela egun batzuk Balerdipeko erlauntzetara ARGIAko lagunek egindako bisita gidatuaren azalpenak.

Mattin Jauregi (ARGIAko Bizi Baratzea saileko kolaboratzailea eta Egonarria podcasteko aurkezlea) eta Inaxio Arin gazteek gidatzen dute Balerdipeko erleak proiektua, Euskal Herriko erle autoktonoa, erle beltza, lagun dutela. “Erleak munduan eta gure gizartean duen garrantzia ezagutzen joan gara: kultura, gastronomia, paisaia, kosmetika edota osasungintzan topa daiteke erlezaintza. Erlearen jakintzak eta existentziak ekartzen dituen onurak animatu gaitu mundu sakon honetan jarraitzera”, azaltzen dute balerdipeko.eus webgunean.

ARGIAko lantaldea eta Bizi Baratzeko kolaboratzaileak gonbidatu dituzte Bedaiora (Gipuzkoa), hantxe, Balerdi mendiaren magalean kokatzen baita proiektua. “Paisaia idilikoa zen, eguraldi bikaina, 360º naturaz inguratuta, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan, Balerdi mendiaren babesa genuela”, horrela hasi du kontaketa Eizagirrek. “Bi taldetan banatu gintuzten eta batzuk bordan ezti dastaketa komentatua egiten genuen bitartean, ezti motak ezagutu, egiteko prozesua ezagutu, etab., besteak, astronauta modura jantzita joan ginen erleak ikustera”, jarraitu du. Esperientzia “polita” eta “lasaia” izan zela dio. “Lasaia” azpimarratu du, erlauntza baten ondoan egoteak sortzen duen tentsiotik urrun. Kide batzuk umeekin joan ziren eta lauzpabost urteko haurrek ere erleak ezagutzeko aukera izan zuten, patxada ederrean denek.

Oso eskertuta
ARGIAko lantaldea halaxe dago, oso eskertuta, Jauregik eta Arinek egindako opariarekin. Oparia izan baita bisita. “Ikasketa bat gehiago da, gozamenetik ikasia, eta balioko digu, akaso, hemendik aurrera inguruari pixka bat erleen begiradatik erreparatzeko”, azaldu du ARGIAko kideak irribarrez.

Katean heldu da beste kolaboratzaile baten proposamena ere. Bedaioko giroaren berotasunak ekarria, agian, udazkenean hitz egitekotan geratu ziren. Horraino irakur daiteke, oraingoz. “Ederra da ikustea ARGIAko kolaboratzaileak zenbat emateko prest dauden eta lantaldeak ere nolako erantzuna izaten duen honelako proposamenak iristen direnean”, esanez bukatu du Eizagirrek; eta berriro eskerrak emanez.

The post Erleen bisitarekin errematatu dugu uztaila appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.