[Itsaso Zubiria Etxeberria] Marrazkilaria ikusleak bere sinadurarekin identifikatuko duen marraren bila joaten den bezala, kazetariak ere topatu nahi izaten du bere estiloa eta batzuk lortzen dute, idazkerarekin, galderak egiteko moduarekin, irakurleak egilea azkar identifikatzea. Miel Anjel Elustondo (Azpeitia, 1958) da horietako bat eta ARGIAn urteak daramatza, ondo ezagutzeko estilo propioan, elkarrizketak egiten. Zein dira bere gakoak?
Hitz egiten utzi eta jendeari aditzea. Bat. Elkarrizketatuaren bidean ibiltzea gustatzen zaio, ez elkarrizketatua bere “galderen sarean harrapatzea”. “Galdera jakin batzuk egin beharra dago, jakina, baina ez dut inor zepoan harrapatzeko asmorik”, zehaztu du. Elkarrizketatuaren bidean ibiltze horrek inori itxura eman diezaioke inprobisatzen ari dela elkarrizketa, gutxi prestatuta eraman duela…, “nire koadernoak testigu, elkarrizketa-galderez beteta ditut koaderno denak”, dio baina, irribarrez.
Elkarrizketak prestatzea. Bi. Hain justu horixe azpimarratu du kazetariak: “Ez dakit zein den elkarrizketak egiteko nire modua, baina bai dudan modua eta lehenik prestaketa da, dokumentazio lana”. Hark esanak, idatziak edo lehenago eginak dizkioten elkarrizketak aztertzen ditu enkontrurako, “noiz zorrotz azpimarratzea, noiz axaletik gainbegiratzea”, gehitu du. Hori eskuetan joaten da elkarrizketatuaren hitzak aditzera, haren dantzan murgiltzera.
Elkarrizketatuen aukeraketa. Hiru. Pertsona “arruntak” ekarri dizkigu sarri lehen lerrora, jende heldua. Batzuetan berak aukeratuta, bestetzuetan ARGIAk edo beste jende batek proposatuta. “Gizonezkoa bezainbat, emakumezkoa elkarrizketatu nahi izaten dut, inork baino gehiago bizi izan dituelako mundu honetako penak eta nekeak, inori ez bezala ukatu diotelako ahotsa, eta hitz egiteko ere gizonezkoak baino pudore handiagoa duelako. Jende heldua elkarrizketatzen dudala, sarri? Inork baino gehiago daki jende adinekoak, hamaika ikusi eta bizitakoa da”.
Elkarrizketatuarekin denbora asko hartzen duen kazetaria da Elustondo. Prestaketa lanean, noski, baina baita elkarrizketaren unean ere. Eta hori emaitzan nabari da. Galdera klabeak egiten baino, hautematen dugu sutondoko lagun edo familiarteko solasaldi bat, patxadazkoa.
The post Elustondorena estilo kontua da appeared first on ARGIAren barrenak.