2019-10-23 15:34

[Koldo Izagirre] Ezin adierazgarriagoa da Antton Azkargortak eta Karmelo Landak Ondarroako portuan eginiko erreportaian ageri duten deskribapen hauxe: alturako ontziek ekarritako arraina salgai daukate lonjan, handizkako erosleak subastan ari dira eta kamioiak prest daude Madrilerantz eta Bartzelonarantz abiatzeko, baxurako armadoreen aurpegi kezkatuen aurrean.

Arrantzaren artisauak bere kosta du lantegi.

Arrantzaren harrapariak, mundu osoko urak dauzka bere.

Aro modernoan Euskal Herriak atzerrian izan duen arrantza porturik handiena Dakar izan da. Belaunaldiak ibili zaizkigu gure arrantzaleak ur haietan arraina urritzen, demaseko ustiaketak ez dionez ugaltzeko astirik ematen. Demasekoak? Arautuak ez dauden sareak erabiltzea; debekatutako eremuetan sartzea edo lizentziarik ez dutenetan, gauez; arrain txikirako lizentziarekin bodega hegaluzez eta ezpataz betetzea… Gisa guztietako fraudeak. Ekologia… adarrik ez!

Baxurako senegaldarrek duela hamar urte ekartzen zutenaren erdia dakarte, eta horrek eragin zuzena dauka biztanleriaren osasunean, arrainarena izan baitute beti otorduko proteina. Azkenean, Mauritaniako uretan sartu. Istiluak. Afrika, badakizu.

Kezka baxurako armadoreen aurpegian, bai, Ondarroan. Zenbat eta fuel gehiago erre, zenbat eta itsaso gehiago erre, orduan eta laguntza handiagoak. Europa, hori ere badakizu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.