[Itsaso Zubiria Etxeberria] Friulira egindako bidaia batek eman dezakeena. Kokatzeko (hasteko, geografikoki): Friuli, Mediterraneoaren iparraldean eta Alpeen hegoaldean; Europa ekialdeko alderdirik mendebaldekoena edo, bestela esanda, mendebaldeko ekialdeena. Italia eta Eslovenia aldera eraman bazaitu buruak, ez zabiltza urruti! Eta Carli Pup izena ezaguna egiten zaizu? Bera da, Cira Crespo eta Il passo giusto friulerazko aldizkari digitalarekin batera, gaurko protagonista.
Gogoratzen al zara, irakurle, Cira Crespok Pup-i apirilean egindako elkarrizketarekin? Carli Pupek hitz egin zigun bere herriaz, hizkuntzaz, militantziaz, zapalkuntzaz, borrokaz, sareaz… Ez baduzue elkarrizketa irakurtzeko aukerarik izan (guztiz gomendagarria), hemen lotura. Bada, duela aste gutxi batzuk ARGIAko elkarrizketaren zati bat friulerara itzulita argitaratu dute ilpassogiusto.eu webgunean! Ederra iruditu zaigu berria eta Cresporekin hitz egin dut, berria nola jaso duen ezagutu eta zuei xehetasunen bat gehiago kontatzeko.
Duela urte batzuk Friulira joateko gonbidapena jaso zuen eta hor ezagutu zuen Carli Pup. “Suns Europe jaialdia egiten dute bertan [Europako artista, hizkuntza eta komunitateen arteko topaleku eta elkartrukerako jaialdia] eta ni Baginen liburua aurkeztera gonbidatu ninduten… Carli izan zen nire kontaktua. Egun haiek, Friuli ezagutzeak, esanahi handia izan dute nire ibilbidean. Ikusi nuen ez gaudela bakarrik, Europan gu bezalako beste kultura askorekin partekatzen ditugula arazo berdinak”, azaldu du Crespok.
Herri, kultura eta hizkuntza azpiratuen arteko saretzeaz mintzo dira elkarrizketan eta hala azpimarratu du elkarrizketatzaileak: “Gure kultur arazoak ez dira anekdotak, sistemikoak dira. Europan ezarritako sistema politiko-kultural baten emaitza, non batzuek erabaki zuten eta erabakitzen duten hizkuntza eta kultura batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak eta hobeak direla. Ezin diogu sistema horri guztiari bakardadean aurre egin eta ezin dugu horri buruz teorizatu eta pentsatu, ez badiogu gaiari modu global batean erreparatzen…”.
Herrien arteko harremanetatik ailegatu da, beraz, elkarrizketa honen itzulpena eta hedapena.
The post ARGIA friulerara itzuli da appeared first on ARGIAren barrenak.