2020-06-12 09:56

Iaz Hendaian, G7koen kontra gailurrean altxatu genituen taulak eta karpak. Aurten, Notre-Dame-des-Landes herriko ZADen eginen ditugu topaketa intergalaktikoak, abuztuaren 24tik 28ra, Ambazada egoitzan. Laugarren edizioa izango da honakoa.

2019a oparoa izan zen, hainbat kontinentetan sortu altxamendu eta mugimendu masiboei hurbiletik begiratzen badiegu: Aljeria, Hong Kong, Txile, Libano, Iran, Irak, Katalunia, Egipto, Ekuador, Sudan, Frantzia... Botereek borroka guzti hauek konfinaturik nahi dituzte baina AEBn gertatzen ari denak katebegi berria jarri dio mugimenduari.

Zer adierazten dute gertakari horiek eta haien arteko puntu komun ugariek (alderdi bakarren eta oligarkien zerbitzuko diren itxurako demokraziek osatutako estatu-boterearen kritika, mugimenduen ez instituzionalizatzea, ekintza zuzenak, horizontaltasuna mantentzea eta liderrak ukatzea, taktika-bateratzeak eta aniztasuna…)?          

Gero eta maizago gertatzen diren altxamendu horiek nola akuilatzen dituzte autonomia-saiakerak, elkarlaguntza, kapitalismotik edo beste despotismo batzuetatik urrundu nahi duten jendarte-proiektuak? Itxuraz hain desberdinak diren egoeretatik abiatuta, zer helburu partekatzen ditugu mundu osoan eta zerk bultzatzen gaitu munduko karrikak eta landazabalak hartzera?

Gai guzti hauek aipatuko ditugu topaketa intergalaktikoetan, herri desberdinetako jendeak gomitatuz. Era berean, topaketa informalak eta askotarikoak egiteko aukera izango da, autogestio giroan, elkar ezagutzen eta antolatzen jarraitzeko. Konfinamenduaren biharamunean, itxaropena handitzeko!

 

Euskal Herriko proiektu autokudeatuen sarea