2018-06-27 11:42

2015eko Pariseko atentatuen ondoko testuinguruan, salbuespen egoera legez betikotu du Frantziak. .

Zerbitzu nazionala berrezartzea hitzeman zuen Macronek hauteskunde kanpainan. Estatuaren norabide sekuritario eta zentralistari jarraiki, hitzemandakoa bete nahi du lehendakariak.

16 urterekin bete beharreko hilabeteko zerbitzu nazionala eta ondorengo 3 hilabeteko engaiamendu boluntarioa. Honakoa da Frantziako gobernuak aztergai duen aukera. Hauteskunde kanpainan iragarritako proposamenari aldaketak egin arren, Batasun nazionalaren oihartzuna dakar proposamenak. Nazioaren eta armadaren arteko lotura indartzeko nahikeria omen du Eliseoak. Alegia, Frantziaren interes inperialisten izenean, Ekialde Hurbilean eta Afrikan gerla eta miseria sustatzen dituen eta protest armadaren papera zuritutzeko helburua du. Diotenez, berdintasuna eta klase sozialen arteko elkartrukea izanen da egitasmoaren beste ardatzetako bat. Eskolan zein lan-munduan, Errrepublikak santuak edonori aukera berdintasuna eskeintzen diola sinetsarazi nahi digute.

Kohesio soziala, nazio-atxikimendua eta engaiamendua inposatzen ahalko balira bezala jokatzen dute. Orain, gazteoi galdeginen omen digute zerbitzu nazionalaz zein iritzi dugun. Proiektuak sor lezakeen aurkakotasunaren beldur, gure iritzia kontuan hartzen dutela antzeztuko dute. Intsumituen borrokaren berri badugu gaur egungo euskal gazteok. Ehunka izan ziren herrien presondegia diren Frantzia eta Espainiari buru egin eta desobedientziaren hautua egin zutenak. Ordukoen engaiamendua eredutzat hartuko dugu asimilazioaren aurkako bihar-etziko borroketan. Konstituzioan aldaketarik egin ezean, zerbitzu nazionalak ez luke derrigorrezkoa izaterik oraingoz. Macronen erranetan, ez litzatzeke beraz intsumiturik egonen ; berdintasunaren eta senidetasunaren ideia barneratzea lortu ez duten gazteak baizik. Menturaz, arrazoia dauka. Ez ditugu barneratu gu makurtzea helburu duten Errepublikaren baloreak.

Gazteria, askapen prozesu ororen hauspoa izan da eta izanen da. Ez dugu zerbitzu nazionalik behar engaiamendua zer den ikasteko. Kultur-elkarteetan, ikasle mugimenduan, gaztetxeetan eta borroka sozialetan adierazten ditu gazteriak bere kezka kolektiboak. Zerbitzu nazionalaren eredu asimilitatzaileari uko egin eta Euskal Herria eraikitzeko lanean tinko segituko dugu !

Ipar Euskal Herriko gazte ezkertiar eta abertzaleen antolakundea.