2019-12-16 16:45

Ingo Xonau! proiektua aurkeztu genuen larunbat goizean, Oñatin. Hika dakiten emakumeen argazkia atera, Lazarraga lorategian, eta ondoren ekitaldia egin genuen Santa Ana antzokian. Emanaldian erakutsitako bideoa sarean ipini dugu gaur!

Oñatin nesken hitanoa zergatik joan da galtzen? Zenbat emakumek dakite noka? Transmititu al dute? Larunbateko ekitaldian eman genituen galdera horien erantzunak, Santa Ana antzokian batu ziren 140 lagunen aurrean. Gutxienez 370 emakume dira noka dakitenak, Oñatiko baserri-auzoetan egindako datu-bilketaren arabera. Kaletarrak zenbatuta, 400dik gora izango dira. Bizirik dago, beraz! Eta bizirik dagoela erakusteko, argazkia atera zuten Ingo Xonau! lantaldeko kideek. Hori bai, 55 urtetik beherakoen artean oso emakume gutxik dakite. Transmisioan eten handia gertatu da. Dokumental laburra prestatu dugu galeraren arrazoiei buruz, herritarren lekukotasunak batuta. 

Badihardugu elkarteko Idoia Etxeberriak egin zituen elkarrizketak, otsailetik maiatza bitarte: guztira 54 herritar elkarrizketatu zituen, 52 emakume eta bi gizonezko. Proiektuak egundoko erantzuna izan du! Larunbateko ekitaldian ere giro polita sortu zen, hurrekoa eta goxoa. Etxeberriak egin zuen aurkezpena: diagnostikoaren emaitzak azaldu zituen, eta dokumental laburra ikusi zuten. Irribarreak eta txaloak jaso zituen bueltan. "Piztu dan su honi egurra botatia danon esku dau oiñ. Ingo xonau?". Baietz erantzun zuen publikoak. "Bai, ingo xonau!". 

Informazio gehiago eta galeraren arrazoiak azaltzen dituen dokumental laburra ikusteko, joan albistera 

Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da proiektu honen helburua: herritarrak elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso eta zabaltzea. Badihardugu Euskara Elkartearen proiektu nagusia da. Testigantza guztiak ahotsak.eus webgunean daude eskuragarri.