2020-02-12 13:54

Lasarte-Oriako Ahotsak proiektuaren helburua bertako euskara zein historia jaso eta ezagutaraztea da. 2009. urtetik hona 23 herritar elkarrizketatu ditugu. Material guztia landuta eta sarean dago, eta parte-hartzaileei omenaldi xumea egin zitzaien atzo arratsaldean, udaletxean. Mercero aretoa bete egin zen, eta parte-hartzaileei eta haien senideei omenaldi xume bezain polita egin zitzaien.

Udaleko ordezkariak eta Ahotsak.eus proiektuko bi kide elkartu ginen aurkezpena egiteko. Lehenengo Jon Antxordoki Euskara Saileko arduradunak hartu zuen hitza, herritarrei ongi etorria eta eskerrak emateko. Ondoren, Irati Lizeagak eta Idoia Etxeberriak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, Ahotsak proiektuaren izenean. Lizeagak 12 elkarrizketa egin zituen, 2019an, eta oso esperientzia ederra izan dela esan zuen. Aurretik, 2009-2010 urteetan, Ainhoa Ansa eta Miren Artetxe ibili ziren elkarrizketatzaile bezala, eta beste 11 elkarrizketa egin zituzten. Pixkanaka grabazioak lantzen eta sarean ipintzen joan dira: guztira 700 bideo-pasarte baino gehiago daude ikusgai, herritarren eskura.

Informazio gehiago eta aurkezpen-bideoa ikusteko, joan albistera

Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da proiektu honen helburua: herritarrak elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso eta zabaltzea. Badihardugu Euskara Elkartearen proiektu nagusia da. Testigantza guztiak ahotsak.eus webgunean daude eskuragarri.