2019-06-14 14:24

Joxe Mari Gorrotxategi, Tolosako gozogile ezaguna, gizon jantzia bezain xamurra. Asteartean hil zen, 90 urterekin. Gorrotxategik bizitza osoa eman zuen gozogintzaren alde, Tolosako Plaza Zaharrean zeukan gozotegian. Dendaren aldamenean, Gozogintzaren Museoa zabaldu zuen, bere ikerketen eta peskizen emaitzetako bat. Hainbat gozo asmatu zituen, besteak beste xaxu izenekoa. Eta bera ere goxoa zen, umila eta gertukoa. Hala iruditu zitzaigun 2010eko irailean Tolosako Ahotsak proiekturako elkarrizketa egin genionean. Gertukoa eta jantzia, asko zekien gizona. Hark kontatutakoak (36 bideo-pasarte) sarean daude ikusgai, interesa duenaren gozamenerako.

Erramu egunez jaio zen Joxe Mari, Tolosako Kale Nagusian. Bai ama eta bai aita zegamarrak zituen, eta aitonaren baserriak eragin handia izan zuen beregan. Lau anai-arrebatan zaharrena izateaz gain, mutil bakarra ere bazen. Aita konfitero izanik, berehala hasi zen konfiteritzan, 14 urterekin. 

Aukeratu ditugun bi bideo-pasarteak ikusteko, segi albistea irakurtzen.

Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da proiektu honen helburua: herritarrak elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso eta zabaltzea. Badihardugu Euskara Elkartearen proiektu nagusia da. Testigantza guztiak ahotsak.eus webgunean daude eskuragarri.