2019-12-04 16:17

2010. urtetik hona 32 herritar elkarrizketatu ditugu Astigarragan, Ahotsak.eus proiekturako. Material guztia landuta eta sarean dago, eta parte-hartzaileei omenaldi xumea egin zitzaien atzo arratsaldean, udaletxean. Euskararen Eguna zen, egun aproposa Astigarragako Ahotsak proiektua aurkezteko eta herrian elkarrizketatutako herritarrak omentzeko. Euskara naturala, freskoa, dutelako. Bizi-bizia, etxean ikasia. Astigarragako udaletxeko pleno aretoa bete egin zen, eta parte-hartzaileei eta haien senideei omenaldi xume bezain polita egin zitzaien. Aurresku eta guzti. 

Udaleko ordezkariak eta Ahotsak.eus proiektuko bi kide elkartu ginen aurkezpena egiteko. Lehenengo Xabier Urdangarin alkateak hartu zuen hitza, eta herritarrei ongi etorria emateaz gainera, elkarrizketatuen euskara "Tolosakoa edo beste edozein tokitakoa bezain ederra" dela nabarmendu zuen. Ondoren, Ainhoa Ansa eta Idoia Etxeberria elkarrizketatzaileek proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, Ahotsak proiektuaren izenean. Esan zuten bizimodua gehiago aldatu dela azken 60-80 urtetan aurreko hiru mendeetan baino, eta 75 urtetik gorako herritarrak aldaketa guztien lekuko izan direla: "Badakizue zer den kanilako urik gabe bizitzea, telefonorik eta frigorifikorik gabe, batera eta bestera oinez eta astoan joatea, jostailuak eskuz egitea... eta orain seguru gehienok mobila daukazuela eta bakarren batek whassapa ere bai igual! Zenbat aldaketa, ezta?". Haiek kontatutakoak entzuten asko ikasi eta asko gozatu dute. 

Elkarrizketatuen testigantzekin osatutako aurkezpen-bideoa erakutsi zuten, makina bat gai jorratzen dituena, eta horixe izan zen ekitaldiko une gogoangarrienetako bat, bertaratutakoen artean barreak, keinuak eta komentarioak eragin baitzituen. 

(Aurkezpen-bideoa eta albistea osorik ikusteko: jarraitu)

Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea da proiektu honen helburua: herritarrak elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jaso eta zabaltzea. Badihardugu Euskara Elkartearen proiektu nagusia da. Testigantza guztiak ahotsak.eus webgunean daude eskuragarri.