2022-10-19 12:44

2022ko urriaren 19 honetan, AEK-k prentsa agerraldi bat antolatu du Baionako AEK Gau Eskolako liburutegian.
Agerraldi honen helburua da Ipar Euskal Herriko AEK-ren egoera aurkeztea eta helduen euskalduntzeko baliabide duinen beharra agerian ematea. Hizlariak izan dira: Ihintz Oliden (AEK-ko koordinatzailea), Amaia Beyrie (AEK-ko Zuzendaritzako kidea), Xabi Gartzia (AEK-ko Artezkaritzako kidea) eta Sébastien Castet (Euskal Konfederazioko langilea).

Ikasturte berri honetan, orotara 1 600 ikaslek eman dute izena AEK-n. Euskara ikasteko baldintza ahal bezain onak eskaintzeko, etengabeko hobekuntza eta garapena izan dugu betidanik helburu. Ikaslegoa eta langilegoa emendatuz doaz, kurtso eskaintza gero eta anitzagoa dugu eta formakuntza erakundeei eskatzen zaizkien kalitate berme ziurtagiriak lortu ditugu. Halaber, AEK helduen euskalduntzearen ildoko erronka handiei buru egiteko prest da.

Alabaina, hizkuntza politikaren berme diren instituzioetatik engaiamendu eta apustu eskasak helduen euskalduntzeak merezi duen garapena trabatzen du.  Kurtsoen doakotasuna ahalbide lezakeen bekarik ez da gaur egun Ipar Euskal Herrian eta gure funtzionamenduaren segurtatzeko diru-laguntza publiko egokirik ez dugu eskuratzen.

AEK-ko langileek egoera hau salatu nahi dugu, jasaten ahal dugunaren mugara helduak baikira.

Horretarako, Ipar Euskal Herriko instituzioei dei egiten diegu Helduen Euskalduntze Arloari medio sendoak eman diezazkioten.

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.