2018-11-14 09:59

AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoa zeharkatuko du KORRIKAk 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean. «Klika» da hautatutako leloa: euskararen aldeko hautua egiteko eta euskararen aroarekin bat egiteko deia. Txillardegi omenduko dute edizio honetan, kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan... ekarri zuen aldaketa aintzat hartuta

KORRIKAren 21. edizioa aurkeztu dute AEK eta KORRIKAren arduradunek Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. 2019ko apirilaren 4tik 14ra bitartean, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa, Gares abiapuntu eta Gasteiz helmuga hartuta. Gasteizen bertan jakingo da KORRIKAren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan ehunka kilometro egin dituen mezuaren egilea.

AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikaren esanetan, KORRIKAk hasierako helburu bikoitzari eusten dio: babes ekonomikoa lortzea eta euskararen aldekotasuna sustatzea. Ildo horretan, euskaltegiei bideratzen zaizkien baliabideak oraindik «ez nahikoak» direla esan du Mugikak, aurrerapausoak izan direla aitortu badu ere.

Hiztunen aktibazioaz ere mintzatu da Mugika: «Ezinbestekoa da helduen espazioek euskaraz funtzionatzea». AEKren helburua euskaraz bizitzea izanik, erronka globaltzat hartzen dute, eta horretan ari dira hasi berri den ikasturtean. Euskaraldia ariketa soziala ere gogoan izan du: «Zinez sinesten dugu euskaltegietan, mintzapraktika egitasmoetan, euskararen planetako langileen artean, milaka eta milaka ahobizi eta belarriprest aterako direla». Zeregin horretarako, erritmoak azkartzea eta aliantza estrategikoak egitea giltzarriak direla adierazi du.

Klika

KORRIKAren beraren mamiari erreparatuta, Asier Amondo KORRIKAren arduradunak eman ditu azalpenak. «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea». Hala dio 21. KORRIKAren mezuak. Erabat lotuta dago, beraz, Euskaraldiarekin eta ohitura aldaketarekin. Konpromisoak hartzeko garaia dela esan du Amondok.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenak ere, Klika egin zuen bere garaian, eta jarrera aldaketa bultzatu zuen kulturan, euskalgintzan, pentsamenduan, politikan... Horrexegatik eta Txillardegik Euskara Batuaren sorreran izan zuen funtsezko paperagatik erabaki dute AEK-k eta KORRIKAk Txillardegi omentzea 21. edizio honetan.

Korrikari lagundu!

Modu asko dago euskararen aldeko lasterketari babesa erakusteko. Horietako bat KORRIKA laguntzailea: 12 euroren truke jasoko duzu edizio honetako pina, txartela eta hori erabiltzeko deskontuen katalodoa. Eta, batik bat, 12 euro emanez, Korrika laguntzailea izango zara.

Beste bat: Korrikaren materiala erosi. AEKren euskaltegietan dago salgai. Baita Korrikaren webguneko online dendan ere. Laster, zenbait Korrika denda irekiko ditugu.

Informazioa guztia: www.korrika.eus

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.