2021-09-29 08:09

Berritasunak dakartza 2021/2022 ikasturtean AIZU! aldizkariak, AEK-k euskara ikasten ari direnentzat beren-beregi argitaratzen duen hilabetekariak. Berritasunak bai paperean bai webgunean. Batzuk zein besteak aldizkariaren 40. urteurrenean datoz, 1981ean sortu baitzen AIZU!, euskara ikasleen bidelagun eta lagungarri izateko asmoz. 40 urte hauetan, hainbat aldaketa izan ditu, betiere irakurlearen mesedea helburu, eta oraingo moldaketek ere xede bera dute.

Diseinu berria
Paperezko aldizkariari dagokionez, diseinu berria dakar 460. zenbakiak, 2021eko irail-urrikoak. Aldaketa nagusiak itxurarekin lotuta daude. Irakurterrazagoa izan dadin, diseinu arin eta argiagoa du orain. Horretarako, besteak beste, irudiak garrantzi handiagoa hartu du.

Forman ez ezik, edukian ere aldaketak izan ditu. Aldizkariaren atal nagusiak egokitu eta berriak sortu dira; azkeneko horiek behe mailet
 ako euskara ikasleak izango dituzte gogoan, batez ere. Esaterako, galdera sorta labur eta arinak eskainiko zaizkie irakurleei hilero kultur orrietako Idazlea kontu kontari eta Musikaria mintzo atalen bidez. Xabier Etxaniz Rojok eta Maite Arroitajauregi Mursegok estreinatu dituzte, hurrenez hurren, bi atal berri horiek.
Edukiei dagokienez, ohiko gaiak lantzen jarraituko du: kultura, gizartea, kirola, euskara, bitxikeriak... betiere euskara ikasten ari direnentzat propio moldatuta eta euskara ikasteaz batera euskal kultura ezagutzeko bideak zabalduta. Era berean, aldizkariaren erdialdeko Ez da hain fazila 8 orrialdeko atalak bere horretan jarraituko du, denbora-pasez, hizkuntz jolasez eta zalantzak erantzuteko zerbitzuaz osatuta

460. zenbakiak dakartzan eduki nagusien artean honako hauek topa daitezke: Hedoi Etxarteri eta Aiora Mujika Probatxoari eginiko elkarrizketak; Araban proiektu eolikoek sortu duten eztabaidari buruzko erreportajea; eskuzko emakume pilotari profesionalen Ados Pilota elkartearen gaineko
erreportajea; kontsumitzaileen eskubideei buruzko erreportajea; AIZU!ren historiako pasarteak...

aizu.eus berritua
Diseinua, ordea, ez da AIZU!k irailean abiaturiko aldaketa bakarra. Izan ere, Aizu.eus webgunea ere berritu du, bai itxura bai izaera. Orain arte, aizu.eus paperezko aldizkariaren erakusgarri izan da nagusiki; aurrerantzean, aldiz,
paperezkoa eta digitala elkarren osagarri izango dira. Paperezko zenbakiko eduki asko berdin- berdin sareratuko dira, baina beste zenbait soilik harpidedunen eskura egongo dira. Horretarako, harpidetza mota berriak eskainiko ditu AIZU!k: paperezko harpidetza arruntaz gain, harpidetza digitala edota digitala eta paperezkoa uztartzen dituena. Harpidetza digitalarekin, hileroko zenbakia e-postaz jasoko da PDF formatuan. Digitala eta paperezkoa egiten duenak, berriz, paperezko zenbakia postontzian eta digitala e-postaz jasoko ditu, eta aizu.eus-eko harpidedunen txokoan zenbaki zaharrak eta eduki guztiak ere ikusi ahal izango ditu. Hortaz, AIZU!ren eduki guztiez gozatzeko, harpidetza paperean edo digitalean egitea ezinbestekoa izango da, edota kioskoan zenbakia eskuratzea.

Bestalde, eduki berriak ere izango ditu webguneak, besteak beste:
- Izenen izana atala, orain arte paperean bakarrik argitaratzen zena eta irakurleek eskatzen dituzten izenen jatorria arakatzen duena.
- Argazki galeria, elkarrizketa nagusiko eta erreportajeetako irudiak biltzen dituena.
- Paperezko aldizkariak hilero antolatzen dituen bi lehiaketak webgunearen bidez bideratuko dira.

Nolanahi ere, aizu.eus-en berrikuntza ez da amaitu. Pixkanaka, moldaketak egingo zaizkio webguneari, edukiak osatzeko edota berriak gehitzeko.

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.